Baskoniaren eta Tel Aviveko Maccabiren arteko lehiak beroak izaten dira, eta sasoi honetakoak ere traza hori du. Israelgo taldeak Gasteizen jokatzeko hilabete falta dela, Palestinarekin Elkartasuna plataformak eskatu du partida bertan behera uzteko: «Israelekiko harremanak normalizatzeak proiektu sionista gauzatzeko legitimitatea ematen dio Israeli. Horregatik esaten dugu harremanak erabat eten behar direla, baita kirol arloan ere».
Erlazionatuta
Buesa Arena saskibaloi estadioaren atarian egin duten prentsaurreko batean, plataformako kideek azaldu dute Israelek kirol ekitaldiak erabiltzen dituela aurpegia zuritzeko. Kirolaren bidez Israel estatu moderno gisa aurkezten dela zehaztu dute, eta politika kolonialistak eta palestinarren aurkako krimenak estali egiten direla gaitzetsi.
Maccabi Israelek kirol munduan duen ordezkari «nagusia» dela deskribatu dute. Zuzendaritzak eta jokalariek Israelgo armadaren aldeko publizitate kanpainetan parte hartu dutela gogorarazi dute, «baita herri palestinarraren aurkako genozidioa areagotu den honetan ere».
Palestinarekin Elkartasuna taldeko kideek aitortu dute badakitela zaila izango dela partida galaraztea, «instituzioek ez dutelako benetako interesik Israel ezegonkortzeko». Horregatik, gizarte eragileak aktibatu nahi dituzte mobilizazioen bidez: «Helburu hau antolakuntzaren eta mobilizazioaren bidez lortu behar dugu», azpimarratu dute. Otsailaren 7an, partidaren egunean, Gasteizen elkartzeko deia egin dute, xehetasun gehiago eman gabe.