PALA

Palak behar zuen bultzada

Innpalak eta ETBk elkarlanean antolaturik, irailean zehar Sopela Pro txapelketa jokatzen ari dira palistarik onenak. «Arrakasta itzela» izaten ari dela adierazi dute antolatzaileek.

Esteban Gaubeka, era ikusgarrian pilota jotzen, astelehenean, Sopela Pro txapelketako ligaxkako lehen jardunaldian. INNPALA
Esteban Gaubeka, era ikusgarrian pilota jotzen, astelehenean, Sopela Pro txapelketako ligaxkako lehen jardunaldian. INNPALA
jon eskudero
2024ko irailaren 12a
05:05
Entzun

Joan den astera arte, pala zen pilotako modalitate bakarra txapelketa jakin bat ez zeukana telebistaz eskainia. Pilotaren hainbat ertzetara ailegatu asmoz, ETBk apustu garbia egina zuen aspaldian hainbat modalitate jorratuz: esku huska, erremontea, zesta-punta… Palarik ez, ordea. «Gu falta ginela ikusita, ezinegona sentitzen genuen, eta aspalditik ari ginen telebistan ate joka», azaldu du Josu Urkijo Innpala enpresako arduradun nagusiak (Zalla, Bizkaia, 1972).

Hutsune horri aurre eginez, Innpalak berak eta ETBk Sopela Pro txapelketa sortu zuten elkarlanean, eta iraileko bost astelehenetan telebistaz eskaintzen ari dira jaialdiak. Koadroko zortzi palistarik onenak hautatu zituzten parte hartzeko, eta bi bikote onenek hilaren 30ean jokatuko dute finala, Sopelan bertan (Bizkaia). Oraingoz balorazioa «bikaina» dela adierazi du Urkijok: «Bi jaialdi izan ditugu oraingoz, eta harmailak goraino bete dira. Harrituta eta hunkituta gaude. Palak behar zuen bultzada izan daiteke txapelketa hau».

Gehienbat, zesta-puntaren olatuak piztu zien grina palan ere antzerako zerbait antolatzeko. «Ikusirik astelehenetan zesta-puntak nolako arrakasta zeukan, palan ere antzerako zerbait egitea proposatu genion telebistari, eta esku zabalik hartu gintuzten». Urkijoren esanetan, pala jokoa zuzenean bezain ikusgarria da telebistaz, eta bazekien hasieratik funtzionatu egingo ziela ideiak. «Telebista datuak onak omen dira, eta pilotalekura ere jende ugari joan da. Pilotaren abiadura, jokoetara jokatzea… Ikusgarritasuna ekarri dugu palara. Hurrengo jaialdietarako ere sarrera asko salduta dauzkagu, eta txapelketak zerbait berezia piztu du jarraitzaile zein pilotarien artean». Pena bakarra du: hilabeterako kontua izango dela. «Pausoz pauso joango gara, eta, guk ere olatua hartzen badugu, pala biziberritu egingo da aurrerantzean».

«Bi jaialdi izan ditugu oraingoz, eta harmailak goraino bete dira. Harrituta eta hunkituta gaude. Palak behar zuen bultzada izan daiteke txapelketa hau»

JOSU URKIJOInnpalako arduradun nagusia

Izan ere, orain arte urtean hamar jaialdi emititzeko hitzarmena zuten Innpalak eta ETBk, baina aurrerantzean ia bikoiztu egingo dute kopuru hori. Albiste horrek alde on asko ditu Urkijoren ustez, baina garrantzitsuena zera da: palistek motibazio handiagoa izango dutela. Uste horrekin bat dator Roman Maldonado (Venado Tuerto, Argentina, 1999), egungo buruz buruko txapelduna. Azken urteetan final ia guztiak jokatzen ari da argentinarra, baina Sopela Pro txapelketak ilusio berezia piztu diola aitortu du. «Koadroko paliston artean ezohiko tentsioa daukagu azken asteotan, urteko torneorik garrantzitsuena bilakatu baitzaigu bat-batean Sopelakoa. Ilusioz gainezka gaude, gure jokorik onena ateratzen dugu partidetan, eta hori bikaina da guretzat eta palarentzat». Sopelako txapela irabazteagatik orain arte lortutako txapel guztiak emango lituzkeela ohartarazi du. «Gustua ematen du Sopelan jokatzeak, batez ere frontoian dagoen giroagatik. Txapeldun izatea da nire helburua».

Txapelketari kalitatea eta oreka eman nahirik, Innpalak azken emaitzen sailkapenaren arabera osatu zituen lau bikoteak: Maldonado-Gordon, Gaubeka-Ibai Perez, Necol-Del Rio eta Fusto-Urrutia. Hain zuzen ere, txapelerako hautagai nagusia zen bikotea geratu zen torneotik kanpo lehen jardunaldian: Fusto eta Urrutia. «Fusto historikoetako bat da; Urrutia, berriz, atzelaririk onena. Eta, ezustean, kanporatu egin ziren estreinako partidan. Sekulako tentsioa zegoen kantxan, eta horrek erakusten du nolako garrantzia ematen dioten palistek txapelketari», adierazi du Urkijok.

«Urteko torneorik garrantzitsuena bilakatu zaigu. Ilusioz gainezka gaude, gure jokorik onena ateratzen dugu partidetan, eta hori bikaina da guretzat eta palarentzat»

ROMAN MALDONADOInnpalako palista

Beste hiru bikoteek elkarren aurkako lehian dihardute ligaxkan; lehen jardunaldia joan den astelehenean jokatu zuten, eta Maldonadok eta Gordonek 3-2 menderatu zituzten Gaubeka eta Ibai Perez. «Partida zoragarria jokatu genuen, eta azken txanpara fisikoki indartsuago heldu ginelako irabazi genuen. Finala gertuago daukagu orain», esan du Maldonadok. Hain zuzen, argentinarra eta Gordon datorren astelehenean kantxaratuko dira berriz Necol eta Del Riori aurre egiteko. Ligaxkak falta duen partida hilaren 23an izango da. Bi bikote onenak finalean lehiatuko dira.

Etorkizunari begira, baikor

Urkijoren esanetan, edonork irabazten duela ere, garailea pala izango da. Uda honetan bertan Innpalak hainbat herri bisitatu dituela adierazi du enpresako arduradun nagusiak: Plentzia, Armintza, Bakio, Mungia (Bizkaia), Deba (Gipuzkoa), Miarritze (Lapurdi)… Eta guztietan zera nabaritu omen du: jendea pala gosez dagoela. «Batez ere Bizkaian zaletasun handia dago, eta txapelketa jokatzeko horregatik hautatu dugu Sopela. Herritar ugari joan ohi da frontoira, eta haurrak ere gero eta gehiago dira palaz jokatzera ausartzen direnak. Sopelak du izen emate gehien, baina gainerako herrietan ere izugarri handitu da palan ari diren haurren kopurua. Bizkaian orain dela bost urte ehun haur baziren, orain 400 dira. Oso baikorrak gara etorkizunari begira, eta Sopelako txapelketak mesede handia egingo digu».

Gorakada izugarri horren arduraduna Innpala bera dela dio Urkijok. «Lan handia egiten ari gara harrobian. Federazioetan eta hainbat klubetan sartu gara, ikastaroak antolatu ohi ditugu, eta ikastoletara ere joaten gara. Horretaz gain, palista profesionalak eurak aritzen dira haurrei irakasten». Horietako bat da Maldonado bera. «Gustuko dut lana, eta nabaritzen da azken urteotan gora egin duela haurren kantitateak eta kalitateak. Bide zuzenean goaz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.