Txirrindularitza

Pablo Urtasun eta Ruben Perez, Euskalteleko kirol zuzendari berriak

Maillot laranja jantzi zuten bi txirrindulariek, eta hainbat urteren ondoren, Euskadi fundaziora itzuliko dira. Baina, oraingoan, bulegoetara. Santi Barrancorekin batera egingo dute lan, Jorge Azanzaren esanetara.

Ruben Perez (behean hirugarrena ezkerretik hasita) eta Pablo Urtasun (goian, erdian). EUSKADI FUNDAZIOA
Ruben Perez (behean hirugarrena ezkerretik hasita) eta Pablo Urtasun (goian, erdian). EUSKADI FUNDAZIOA
Beñat Mujika Telleria.
2024ko azaroaren 8a
13:30
Entzun

Euskaltel-Euskadik gaur jakinarazi du arlo teknikoa handitu duela, eta Ruben Perez eta Pablo Urtasun aukeratu ditu datorren denboraldian kirol-zuzendari lanak egiteko. Euskaltelen maillot laranja jantzi zuten biek ala biek, eta, hainbat urteren ostean, Euskadi fundaziora itzuliko dira.

Perez eta Urtasun Santi Barrancorekin batera ariko dira datorren denboraldian, hirurak Jorge Azanza kirol arduradunaren gidaritzapean. Azanzak berak ederki ezagutzen ditu Perez eta Urtasun, bost denboraldiz aritu baitziren elkarrekin Euskaltel-Euskadin, 2009tik 2013ra. Iñaki Isasi Euskadi fundazioko presidentea ere haiekin batera aritu zen: lehenik txirrindulari gisa –2009 eta 2011 artean– eta zuzendari moduan gero.

Azanzaren hitzetan, «inguruan dauden kirol zuzendari onenetako bi» dira Urtasun eta Perez: «Uste dut sendotasun handia emango diotela taldeari, eta ekarpen handia egingo dutela. Prest daude; taldea oso ondo zuzenduta egongo da non-nahi, eta hori gehigarri garrantzitsua izango da». Era berean, Pello Olaberriak fundazioan ez jarraitzea «pena» dela aitortu du.

Azanza eta Urtasun. EUSKADI FUNDAZIOA
Azanza eta Urtasun. EUSKADI FUNDAZIOA

Perez eta Urtasun ere pozik agertu dira «etxera» itzultzeagatik. «Euskadi fundazioari esker, txirrindulari profesionala izan nintzen duela 20 urte, eta oso eskertuta egongo naiz beti. Gogoan dut zein berezia izan zen niretzat marea laranja errepidean, eta batez ere txirrindulari gazteenentzat zein garrantzitsua den etxean txirrindulari profesionala izateko talde bat egotea», adierazi du Perezek. Bide beretik jo du Urtasunek ere: «Euskaltel euskal taldea da, etxekoa, eta gure zaleak ditugu atzean. Lehenengo 30en artean sailkatzea izango da helburua. Horretarako fitxaketa egokiak egin ditugula uste dut, puntuak ateratzeko eta lasterketa handietako gonbidapenak lortu ahal izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.