Alavesek badu entrenatzailea datorren denboraldirako: Pablo Machin izango da taldearen gidari berria klubaren mendeurrenean. Alaveseko zuzendaritzako taldeak liga bukatu eta berehala erabaki zuen Juan Ramon Lopez Muñiz entrenatzaile kargutik kentzea. Haren aurretik Asier Garitanok zuzendu zuen taldea. Gauzak horrela, Machinek hartuko du, beraz, taldearen gidaritza, urtebeterako. Gaur aurkeztuko dute, Mendizorrotzan. Espainiarrak badu eskarmentua ligan: Gironan, Sevillan eta Espanyolen aritu da.
Alavesek liga sendo hasi zuen, baina konfinamenduaz geroztik bolada txarrean ibili zen, jaitsiera postuetatik gertu. Dinamika aldatu eta taldeari beste hauspo bat emateko asmoz, aulkitik kendu zuten Asier Garitano, eta denboraldiko azken partidak zuzentzeko fitxatu zuten Lopez Muñiz. Liga amaitzearekin batera, Alavesek ez zion kontratua berritu espainiarrari. Zuzendaritzak erabaki du Machin dela taldea gidatzeko lemazainik onena. Berez, espainiarrak ekainean Qingdao Huanghai Txinako taldearekin sinatu zuen kontratua, baina atzera bota zuen, arrazoi pertsonalak tarteko. Prestatzaile soriarrari egokiagoa iruditu zaio Alavesetik jaso duen eskaintza, eta onartzea erabaki du. Gasteizko taldea abuztuaren 12an itzuliko da lanera, Machinen gidaritzapean
Machinek 45 urte ditu, eta 2011ko denboraldian hasi zen entrenatzaile lanetan, Numantzian. 2014an, Gironara joan zen, eta Lehen Mailara igotzea lortu zuen, baita hurrengo denboraldirako salbazioa erdiestea ere.
Lorpen horri esker, 2018an Sevillaren arreta piztu, eta Kataluniako taldearekin hitzartua zuen klausula desegin zuen, Andaluziako bidea hartzeko. Sevillarekin, besteak beste, Espainiako txapelketan eta Europako Ligan lehiatu zen. Alabaina, urte horretan, taldeak ez zituen esperotako emaitzak lortu, eta zuzendaritzak entrenatzaile kargutik kendu zuen Machin.
Iazko denboraldiko urrian, Kataluniara itzuli zen, oraingoan Espanyol zuzentzera. Taldea Europa ligako final-hamaseirenetara eraman zuen, baina Espainiako Ligan pattal aritu zen; 30 puntutik soilik bost poltsikoratu zituen. Sailkapen nagusian Espanyol zulotik irten ezinik zegoela eta, kargutik kendu zuten Machin. Lehen aldiz gidatuko du Euskal Herriko talde bat.
Pablo Machinek hartuko du Alavesen gidaritza
Urtebeterako kontratua sinatu du. Espainiako Ligan badu eskarmentua: Gironan, Sevillan eta Espanyolen aritu da entrenatzaile lanetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu