Pablo Laso. Eta sabotaje bat zirudien...

Europako aulki beroenean lekuz kanpo ez zegoela egiaztatu zuen lehenbizi. Orain, bere estiloarekin final handietako amarru taktikoetatik onik irteterik badela berretsi du, Euroliga irabazita.

Danel Agirre.
2015eko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Lanpostu berrian ongi-etorri mesfidatia jasan behar izan duten entrenatzaileen artean —Javier Clemente Realean eta Sergio Scarioloren bigarren aroa Baskonian, besteak beste—, Pablo Lasok badu errekor xelebre bat. Santiago Bernabeu estadioan aurkeztu zuten egun eta ordu berean, Berserkers jarraitzaile taldeak manifestaziora deitu zuen haren izendapena arbuiatzeko. Florentino Perez presidenteari inside job baten saiakera egozten zioten: hain entrenatzaile ezgaia aukeratuz klubaren saskibaloi atala sabotatu eta desagerrarazi nahi izana.

Bozidar Maljkovicek eta Ettore Messinak gobernatzerik lortu ez zuten oilategian lau urte bete gabea da Laso. Duela bi hamarkada Arvidas Sabonisek taldea utzi zuenetik, eliteko ziento bat jokalari eta teknikari igaro dira handik, etengabeko erromeria garesti batean. Pibot trebe harenaren alboan dago orain gasteiztarraren izena, Real Madrilen sekula izan diren profesional gailenen zerrenda murritzean.

Euroliga igandean zakuratuta, ibilbideari galdera marka ezabatu berri dio Lasok. Azken bi finalak galduta, Europako azerien elitean sartzeko makurkeria eta pragmatismoa falta zituela ondorioztatu zuten adituek. Oker zirela frogatu die bere kritikoei joko antolatzaile ohiak, estiloari uko egin gabe, gainera. Eta hori, joan den udan aulki zurian eserita ozta-ozta mantendu bazen ere.

Dena dela, nahita ere ezin izango zen altxatu Laso bere eserlekutik. Bartzelonaren aurka Real Madrilek galdu zuen ACB ligako azken finalaren lehen norgehiagokan, orpazurda txikitu zuen. Gurpil aulkitik bizi izan zuen zurien ezina aurrerantzean. Laugarren eta azken lehian, epaileei oldartu eta egotzi egin zuten. Palau Blaugranako ikusleen iseka artean, laguntzaile batek bultzaka atera behar izan zuen kantxatik haren ibilgailua. Lasoren irudia, mugitu ezinik eta bere onetik aterata, arras patetikoa izan zen.

Hain fresko zegoen argazki horrekin eta Europan sendotza egin gabea zela kontuan hartuta, Perezek Laso bere karguan mantentzea ez zuten espero askok. Ez futbolean, ez saskibaloian, entrenatzaile baten apetak hain luzaro jasan gabea zen presidentea. Zentsura mozio hori nahiko modu bitxian irabazi zuen, ordea, gasteiztarrak. Klubak langabeen ilaran ipini zituen haren babes osoa zuten bi laguntzaileak, Jota Cuspinera —egun Baskonia— eta Hugo Lopez. Eta Joan Plazaren alboan aritutako Zan Tabak berreskuratu, une kritikoenetan aholkularitza fidagarriagoa behar zelakoan edo.

Hiru erpinak aldatu gabe

Tituluek bezainbeste, Europako eliteko saskibaloi zeken samarrean joko azkar eta erasokorraren hautua burugogor mantendu izanak legitimatu dute Lasoren jarduna. Hirugarrenez Lauko Finalean estropezu egitea saihesteko bide orria eraldatu du, ordea. Garrantzi erlatiboa duten neguko sestretan ohiko distirarik gabe aritu da Real Madril, eta finaletan zorrotz eta fresko egote aldera taxutu du prestakuntza.

Bere konplize iraunkor izan diren Sergi Llull, Sergio Rodriguez eta Rudy Fernandez gabe ezin da ulertu zurien azken eboluzio hau. Hirurek erdietsi dute haien bertsio osoena Lasorekin. Eta entrenatzaileak logika erabili eta haien ezaugarri dinamikoen gainean finkatu du bere egitasmoa. Aurten, lotsarik gabe, pibot garai bat kantxaratzeari uko eginda, Europan azken urteetako boladak gomendatu bezala. Laso bera izango da, akaso, hurrengo boladetako batzuk izkiriatuko dituena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.