SASKIBALOIA

Pablo Laso da Baskoniaren entrenatzaile berria

Gasteiztarrak 2027ra arte sinatu du akordioa Arabako taldearekin. Ia 30 urteren ostean, eta goi mailako aulkietan ibilbide oparoa izan ostean, etxera itzultzea erabaki du.

Pablo Laso, harmailetako zaleak agurtzen, aurten, Madrilen. JUANJO MARTIN / EFE
Pablo Laso, harmailetako zaleak agurtzen, aurten, Madrilen. JUANJO MARTIN / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2024ko ekainaren 28a
10:50
Entzun

Baskoniak badauka entrenatzaile berria. Eta ez da edonor. Pablo Laso (Gasteiz, 1967) eseriko da Buesa Arenako aulkian. Gasteiztarra Bayern Munichen ari zen entrenatzaile lanetan, eta Alemaniako klubak gaur jakinarazi du Lasok taldea uzteko erabakia hartu duela, «arrazoi pertsonalak» direla medio. Handik gutxira eman du Baskoniak hura fitxatu izanaren berri. Baskoniaren elastikoa azkenekoz jantzi zuenetik ia 30 urte igaro dira. Oraingoan, aldiz, traje eta gorbatarekin eseriko da, aulkian. Hiru urterako sinatu du kontratua Arabako taldearekin.

Gasteiztarrak 370 aldiz jantzi zuen Baskoniaren elastikoa, baina entrenatzailea denetik ez da inoiz arabarren entrenatzailea izan. Ibilbide oparoa egin du gorengo mailako aulkietan, eta askoren aspaldiko ametsa zen Laso Buesa Arenako aulkian ikustea. Amics del Basquet-en abiatu zuen entrenatzaile ibilbidea, datorren denboralditik aurrera Espainiako Federazioaren bigarren maila deituko den ligan. Handik ACB ligara egin zuen salto, Valentziara. Handik Kantabriara egin zuen, Espainiako Federazioaren lehen mailara. Baina Gipuzkoa Basketen lortu zuen ospea. Donostiarrak ACB ligara igo zituen bertan egin zuen lehen denboraldian (2007-2008), eta lau urtez mantendu zituen donostiarrak ACB ligan. Lorpen horrek Real Madrilen atea ireki zion, eta, han, klubaren historian urre kolorez idatzi zuen bere izena.

2011-2012ko denboraldian iritsi zen Madrilera, eta 11 urtez aritu zen Espainiako taldearen aulkian. Denbora tarte horretan, Real Madril Europako talderik onenetako bat izan zen. 22 titulu irabazi zituen: bi Euroliga, sei ACB liga, sei Espainiako Kopa eta zazpi Superkopa. Haren eskuetatik igaro dira Euroligan egon diren jokalari garrantzitsuenetako asko. Esate baterako, Luka Doncic, Rudy Fernandez, Sergio Llull, Sergio Rodriguez Chacho, Nikola Mirotic, Serge Ibaka eta beste hainbat eta hainbat.

Presazko agurra

Real Madriletik, ordea, ez zen amestu bezala irten. Ez, behintzat, hainbeste lorpen lortu dituen entrenatzaile batek merezi bezala. Arrazoia bihotzeko bat izan zen. 2022ko ekainaren 5ean, ACB ligako finalerdian bere taldea zuzendu ondoren, bihotzeko bat izan zuen. Ospitalean suspertzen egon ostean, taldearen gidari izaten jarraitzearen alde egin zuen. Klubak, ordea, ez zuen erabaki horrekin bat egin. Bien arteko desadostasuna ikusita, akordioa amaitutzat eman zuten uztailean.

Horren ostean, Bayernek fitxatu zuen, eta urtebete egin du han. Alemaniarrekin ez du lortu Euroligako kanporaketetan sartzerik, baina Alemaniako liga irabazi zuen duela aste gutxi. Beste urtebeteko kontratua zeukan Alemaniako txapeldunarekin, baina gaur bertan zabaldu du ohar bat Bayernek, albistearen berri emanez. «Pablo Laso entrenatzaileak klubari jakinarazi dio, familia kontuak direla-eta, taldea utzi behar duela Munichen bere lehen denboraldia egin ondoren».

Gaur-gaurkoz, bederatzi jokalariko taldea dauka Baskoniak. Kamar Baldwin eta Timothe Luwawu-Cabarrot fitxatu ditu, eta Marcus Howarden eta Sander Raiesteren kontratuak berritu. Era berean, Tadas Sedekerskis kapitainak, Khalifa Diopek, Nikos Rogkavopulosek, Chima Monekek eta Codi Miller-Mcintyrek kontratua daukate arabarrekin. Hala ere, azken bi jokalari horien etorkizuna airean dago oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.