ESKUBALOIA

Oztopo guztiei sartu diete gola

Urtebeteren ostean, Zuazo berriz ariko da Espainiako maila nagusian. Izei Permachek azaldu duenez, lesioek denboraldia «zaildu» dute, baina gai izan dira «aurrera egiteko».

Zuazo taldeko jokalari, entrenatzaile eta ordezkariak, pozarren, igandean, Arrecifen, igoera lortu berritan. ZUAZO
Zuazo taldeko jokalari, entrenatzaile eta ordezkariak, pozarren, igandean, Arrecifen, igoera lortu berritan. ZUAZO
Julen Etxeberria.
2024ko maiatzaren 22a
05:05
Entzun

«Oso pozik gaude, baina ni neu egin duguna sinetsi ezinda nabil oraindik», dio Izei Permachek (Zarautz, Gipuzkoa, 1999), Zuazo eskubaloi taldeko jokalariak. Barakaldoko (Bizkaia) klubak Espainiako Ohorezko Mailara igotzeko fasea irabazi zuen asteburuan, Arrecifen (Espainia). Horri esker, berriro ariko da onenekin, mailaz jaitsi eta urtebetera. Hau da, hiru euskal taldek jokatuko dute berriz gorenean: Bera Berak, Beti-Onak-ek eta Zuazok.

Erresilientzia ariketa bat egin du Zuazok denboraldi honetan: gai izan da egoera zail eta gogor bati aurre egin eta indartuta irteteko. «Denboraldi zaila izan da. Jokalariok bata bestearen atzetik lesionatu gara. Ni neu bi hilabetez egon nintzen min hartuta. Zenbait unetan larri ibili gara kopuruz, baina, hala ere, aurrera egin dugu», azaldu du pibote zarauztarrak. 

Lesioen ondorioz, Joseba Rodriguez Haito taldeko entrenatzaileak beste jokamolde baten alde egin behar izan zuen. «Ezker hegalekorik gabe geratu ginen, eta, horri irtenbidea emateko, bi piboterekin aritu gara azkeneko partidetan. Zorionez, hiru pibote gara taldean, eta txandakatu ahal izan gara. Erronka zaila da denboraldia hasita jokamoldea aldatu behar izatea, baina horri ere aurre egin diogu». Baita Lasesarre kiroldegiko langileek egindako grebaren ondorioz behin baino gehiagotan entrenatzeko eta jokatzeko tokia aldatu behar izanari ere. «Traba izan da batzuetan, baina okerrena lesioak izan dira».

«Guk egiten genuenaren mende egoteari utzi genionean askatu ginen, eta jarrera aldatu genuen. Buruz inoiz baino indartsuago ekin genion igoera faseari».

IZEI PERMACH Zuazoko jokalaria

Hala ere, ez da izan ezer aurreko denboraldian klubaren egoera ekonomikoaren ondorioz sufritu behar izan zutenarekin konparatuta. «Aldaketa handia egon da arlo horretan. Zuzendaritza berria dago aurreko urtearen amaieratik, eta lanean ari da Zuazok duen zorra arintzeko; oraindik zorra handia du. Guk, hala ere, ez dugu bizi aurreko denboraldiaren parekorik: hilabetero jaso dugu soldata, kirol material gehiago eta hobeagoa dugu, baita medikuen eta fisioterapeuten zaintza hobea ere. Alde horretatik, erraz joan da dena. Aurreko sasoian taldean ginenok izugarri eskertu dugu denboraldi honetan kirol arloan bete-betean aritzea, eta beste kontuez kezkatu behar ez izatea».

Buruan egon da gakoa

Permachen ustez, «buruan» egon da gakoa arrakasta lortzeko. «Lesioak direla eta, bost partidako bolada txarra izan genuen [zuzenean igotzeko postuetatik kanpo geratu ziren], baina gai izan ginen suspertu eta ligako azken bi partidetan gora egiteko. Banaka eta elkarrekin egin genuen buruko lan hori: konturatu ginen igoera gure esku egoteak ez zigula mesederik egin. Hala, guk egiten genuenaren mende egoteari utzi genionean askatu ginen, eta jarrera eta pentsaera aldatu genuen. Horri esker, buruz inoiz baino indartsuago ekin genion igoera faseari. Denok ginen denboraldiko sasoirik onenean».

Hala ere, arriskua bazegoen: askotan gertatu izan da azken unean zuzenean igo ez eta kanporaketa edo ligaxka bat jokatu behar duen taldeak kolpea sumatzea. Baina, Permachek dioenez, haiek egina zuten lan hori. «Pena izan zen zuzenean ez igotzea, baina gustura aritu ginen azken bi partidetan. Gure atzetik sailkatu ziren bi taldeak ospatzen ari ziren igoera fasea jokatzea. Guk ezin genuen penatuta egon: haien aurretik geratu ginen, eta ligako partida guztiak irabazi genizkien. Argi genuen berriro irabaz geniezaiekeela». Pentsatu, eta egin: ligaxkako hiru partidak irabazi zituzten, horietako bi etxean ari ziren taldeen aurka.

Lortutakoaz gozatu ahal izango dute datorren denboraldian: berriro ariko dira onenekin. Taldeak, ordea, ez du antz handirik izango oraingoarekin, zazpi jokalarik utziko baitute Zuazo. «Aldaketa asko egongo dira; inoiz baino gehiago ni hemen ari naizenetik. Baina badago oinarri bat, eta geratzen garenok talde polita egiten dugu, eta ilusio eta gogo handia dugu. Klubak jokalariak fitxatu beharko ditu. Ezin izan ditu lehenago fitxatu, ez zekielako zer eskain ziezaiekeen. Garai zaila da fitxaketak egiteko, baina kluba horretan dabil. Ziur taldea osatuko dugula. Helburua argi dago: mailari eustea».

Lehen pertsonan ari da, hark jarraitu egingo baitu. Laugarren sasoia izango du Zuazon. «Ilusioz gainezka» dago. «Sekulako aldea dago maila baten eta bestearen artean: jokalariak hobeagoak dira, erritmoa biziagoa da... Maila horretan berriro jokatzeko irrikaz nago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.