Joseba Otaegi eta Unai Otaño iaz irabazitako Binakako Urrezko Aizkolarien txapelari eusten saiatuko dira bihar, Floren Nazabal eta Jose Angel Zubiagaren aurka, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko duten finalean (12:00). Egur Sport enpresaren egun handia da, eta Urrezko Mailako finalarekin batera, Zilarrezko Mailakoa ere jokatuko da, Vicente aita-semeak eta Arkaitz Jauregi eta Julen Kañamaresek osaturiko bikoaren artean.
Final estua espero da, bi bikoteak sasoi betean daudelako. Otaegik eta Otañok elkar ondo hartzen duen bikotea osatzen dute, eta bigarren urtez jarraian ariko dira finalean. Nazabali dagokionez, hiru aldiz izan da txapeldun aurretik (2001, 2005 eta 2007) eta behin txapeldunorde (2002). Zubiaga arabarrak, berriz, zilarrezko txapela irabazi zuen iaz, eta maila ona eman du aurten.
Aurreko saioetan baino lan gogorragoak izango dituzte bihar, eta hamabi enbor erdibitu beharko dituzte sei proba desberdinetan. Lehenbizi 45 ontzako enbor bat moztu beharko dute ahalik eta kolpe gutxien emanda. Gero, aizkolari bakoitzak 45 ontzako enbor bana moztu beharko du. Hirugarren proba zutikakoa izango da, 60 ontzakoarekin. Laugarrenean 60 ontzako bi moztu beharko ditu bikote bakoitzak. Bosgarrenean bi enbor moztu beharko dituzte: 45 ontzakoa zutik eta kanaerdikoa etzanda, bakoitzak bat. Eta azken proba da erabakigarriena: 45 ontzako eta kanaerdiko launa ebaki beharko ditu bikote bakoitzak.
Otaegik eta Otañok Urrezko Aizkolarien txapelari eutsi nahi diote
Urrezko Mailako finala jokatuko dute bigarren urtez jarraian, bihar, Azpeitian, Nazabal eta Zubiagaren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu