Ostegunean hasiko da Sagardoaren Txapelketa

Txapelketa are erakargarriagoa eta biziagoa izateko, bikoteek 30 segundo baino ez dituzte izango tantoa lortzen dutenetik sakea egin arte. Sei bikote arituko dira nor baino gehiago, eta finala ekainaren 24an jokatuko da, San Joan egunez.

 Erremontari saioa aurkeztu dute Oraimendik eta ETB-k. GOTZON ARANBURU / FOKU
Erremontari saioa aurkeztu dute Oraimendik eta ETB-k. GOTZON ARANBURU / FOKU
ainara arratibel gascon
2024ko apirilaren 30a
05:10
Entzun

Oriamendik urteak daramatza erremontea eraberritzeko lanean, kirol hori ikusleentzat erakargarri egiteko asmoz. Berrikuntza horiek probatzeko erabili izan dute Sagardoaren Txapelketa, eta aurtengoan ere hala izango da. Ostegunean hasiko da, eta hiru berritasun nagusi izango dira. Lehiari erreparatuta, tantoa egin eta sakea egitearen artean denbora muga bat jarriko dute: 30 segundo. Hori bete ezean, epaileak abisua emango dio erremontistari, eta zigorra jasotzeko arriskua ere izango du. Bestalde, bikoteek ez dute botilero bat izango, baizik eta prestatzaile fisiko bat, haiei laguntzeko. Emisioari dagokionez, ez da astelehenetan emango, aurreko aldietan bezala, baizik eta ostegunetan. Ordutegiari, berriz, eutsi egingo diote: 22:30ean, ETB1en.

Sei bikote arituko dira txapelketan, eta bakoitzak sagardotegi bat ordezkatuko du: Urriza-Martirena (Aburuza), Loitegi-Barrentxea IV.a (Oianume Zar), Aldabe-Juanenea (Gurutzeta), Ansa II.a-Zubiri (Bereziartua), Segurola-Larraaga (Petritegi), eta Ezkurra II.a-Azpiroz (Alorrenea). Ostegun honetan bi partida jokatuko dituzte. Lehenengoan, Urrizak eta Martirenak Ezkurra II.aren eta Azpirozen aurka neurtuko dituzte indarrak; bigarrenean, berriz, Segurola eta Larrañaga Aldaberen eta Juanenearen kontra arituko dira nor baino nor gehiago. Lehen jardunaldi horretaz gain, beste sei jokatuko dituzte lehen fasean. Hala, maiatzaren 9an, 16an, 23an eta 30ean izango dira norgehiagokak, baita ekainaren 6an eta 13an ere. Partidak 15 puntuko bi setera jokatuko dira, eta berdinketa egonez gero, hirugarrena jokatuko beharko dute, 5 puntura. Lehen lau sailkatuek finalerdiak jokatuko dituzte, ekainaren 20an. Finala, berriz, ekainaren 24an izango da, San Joan egunean. Astelehenez jokatuko den jaialdi bakarra finalekoa izango da finalekoa.

Lehiari dagokionez, eta partidei bizitasun handiagoa emateko, sakea egiteko denbora muga bat izango dute bikoteek tantoa egiten duenetik: 30 segundo. 35 jartzea ere aztertu zuten, baina bost segundo gutxiago izatea erabaki zuten azkenean. Sakea epe horretan egiten ez duenak epailearen abisua jasoko du. Lehenbizikoan, hitzez esango die 30 segundo horiek gainditu dituztela, eta txartel urdina aterako die. Bigarren abisuan, sakea galduko dute, eta bikote aurkariak izango du horretarako aukera. Kasu horretan, araua betetzen ez duen bikoteari txartel horia aterako dio. Bestalde, hirugarren abisua jasotzen badute, tantoa kenduko diete, eta txartel gorria erakutsi. Aurkariek 20 segundo izango dituzte sakea errestatzeko prestatzeko. Epailearen aurrean jokabide desegoki bat izanez gero, txartelak erabil daitezke. Bestalde, jokalari batek min hartzen badu, edo ondoezik badago, denbora gelditu ahal izango dute epaileek.

Sei prestatzaile fisiko

Horrek partidak biziagoak izatea ekarriko duela kontuan hartuta, erremonteari lotutako botilero edo aholkulari bat izan beharrean, bikoteek prestatzaile fisiko profesional bat izango dute laguntzen partidetan. Hauek izango dira prestatzaile horiek: Aritz Altadill, Iñaki Lekuona, Egoitz Carrion, Axier Arteaga,Igor Arruti eta Patri Espinar. Horiek beren bikoteen eta aurkarien bihotz taupaden eta sakatzeko denboraren inguruko informazioa izango dute, eta hori kontuan hartuta emango dizkiete aholkuak erremontistei. Oriamendik bi urte daramatza prestatzaile fisko propioarekin, eta horrekin beste bultzada eman nahi diote erremontean prestakuntza fisikoak duen garrantziari.

Berrikuntza horiek ondo funtzionatzen badute, enpresaren asmoa da hurrengo txapelketetan ere aplikatzea. Oriamendik nabarmendu du egutegian gero eta toki garrantzitsuagoa hartzen ari dela Sagardoaren Txapelketa, eta gogorarazi du iazko txapelketako finala mugarri izan zela. Inoiz baino ikusle gehiago bildu ziren Galarretan finala ikusteko, eta hurrengo finaletan %30 handitu zen kopuru hori. Iazko binakako finalean, adibidez, bete egin zen pilotalekua, eta laurehun pertsona geratu ziren sartu ezinik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.