Juan Francisco Martinez 'Nino'. Osasunako jokalaria

«Oso zaila da Osasunan gol asko sartzea»

Beste aldarte bat du. Bederatzi hilabetez min hartuta egon ondoren, berriro itzuli da zelaira. Osasuna uztear egon da, baina klubak beste aukera bat eman dio.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2014ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Aurpegian nabari zaio Juan Francisco Martinez Nino-ri (Vera, Espainia, 1980) bere egoera aldatu egin dela, hobera. Aspaldiko partez futbolari sentitzen da berriro. Sasoiaren amaiera arte taldeari lagundu nahi dio, badakielako ia ziur udan Osasuna utziko duela.

Azken hilabeteak gogorrak izan dira zuretzat. Nola zaude?

Argia ikusten hasi naiz. Elxen lehen aldiz jokatu nuen sasoi honetan, eta berriro futbolaria naizela sentitzen hasi naiz. Nolanahi ere, azken hilabete hauek oso gogorrak izan dira. Zorionez, maite nauen jendeak asko lagundu dit.

Zure kirolari ibilbideko unerik garratzena izan da?

Zalantzarik gabe. Inoiz ez nuen halako lesio larririk izan. Jokatzen ari zarenean deialditik kanpo geratu zarelako edo nahi baino gutxiago jokatu duzulako futbolaren alde iluna ikusten ari zarela uste duzu, baina horrelako lesio bat izaten duzunean beste dena ergelkeria dela konturatzen zara. Belaunean lesio larria izandakoan badakizu gutxienez sei hilabete beharko dituzula osatzeko, baina jokatzen hastean belauna nola egongo den ez dakizu, eta buruan zalantza horiek izatea ez da lagungarria.

Denboraldi-aurrean fitxarik gabe utzi zintuen klubak. Orduan ez zenuen pentsatuko osatu eta gero ere ez zintuztela aintzat hartuko?

Une hartan belauna zen nire kezka bakarra, eta klubak fitxarik gabe uztea logikoa iruditu zitzaidan, gutxienez urte erdi pasatxo geldirik egon beharko bainuen. Ez nion batere garrantzirik eman.

Abenduan, berriz, taldekideekin entrenatzen hasi zinen, medikuen senda-agiria jaso gabe. Berriz taldeko fitxa eduki eta jokatzen hastea zenuen helburu?

Bai, noski. Belaunak uste baino hobeto erantzun zuen, taldekideekin batera lan egiten nuen, eta klubak fitxarik gabe utzi nahi ninduela jakitea garratza izan zen. Gogorra da lesioa gainditu eta gero klubak ez zaituela aintzat hartzen ikustea. Klubarekin hitz egin nuen, eta hainbeste hilabete jokatu gabe egin ostean neguko fitxaketa epean inork ni fitxatzea zaila ikusten nuela esan nien. Liga maiatzean amaitzen da, ohi baino lehenago, eta ez zen samurra izango, baina Taxoaren jarraitzeko prest nengoen, beste hiruzpalau hilabetez fitxa izan gabe ere.

Zuzendaritzaren jarrerarekin minduta zaude?

Ez. Errespetagarria da. Niretzat egoera zaila zen, baina bakoitzak bereari begiratzen dio hemen, eta klubak erabakitzen zuena errespetatzea beste aukerarik ez nuen.

Zure soldata zen arazo nagusia?

Hala esan dute. Ezarritako soldata muga gainditzen nuela argudiatu zuten, nahiz eta gero ikusi den ez zela hala. Klubaren erabakiak dira, nik nire interesak defendatu nituen, eta haiek, beraienak.

Zure ibilbideko sasoi onenen ondotik iritsi zinen Iruñera, baina hemen ez duzu zorterik izan.

Egia da gol gutxiago sartu ditudala, baina uste dut batez beste talde honetan aurrelariek sartutako gol kopuruetan ibili naizela. Osasunan oso zaila da gol asko sartzea. Taldea norbanakoaren gainetik dago hemen, eta lana eskatzen zaigu batik bat, baita aurrelarioi ere. Lehen sasoian sei gol sartu nituen; iaz, bolada txarragoa izan nuen, eta gero lesioa etorri zen.

Beste hainbat klubetan ibili zara, eta beti gol asko sartu dituzu. Osasunaren jokatzeko eragatik da zailagoa hemen golak sartzea?

Ez dakit zein den arrazoia, baina Taxoaren egin nuen lehen egunean jada klubean ez dagoen taldekide batek aldagelan esan zidana ez dut inoiz ahaztuko. 'Ahatz hadi hemen golak sartzeaz', esan zidan zuzenean. Begira geratu nintzaion, eta ez nion jaramonik egin, baina denborarekin konturatzen zara arrazoi zuela.

Ekainean amaitzen da Osasunarekin duzun kontratua. Zein helburu duzu ordura arte?

Nire belauna ondo osatzea da helburua. Pixkanaka-pixkanaka jokatzen hasi eta entrenatzaileak emandako aukerak baliatzea gustatuko litzaidake, baina helburu nagusia taldeak mailari eustea da. Ez diot askoz gehiago eskatzen sasoi honi.

Elxen zaleen txalo zaparrada entzun zenuen azken minutuetan Javi Graciak zelairatu zintuenean. Hunkigarria izango zen, noski.

Bai, ikaragarria izan zen, berezia. Halako lesio baten ostean hasiberri bat sentitu nintzen, eta Elxeko zaleek halako txalo zaparrada eskaintzea hunkigarria izan zen, bai. Urte on asko eman nituen han, eta azken urte erdian hainbestetan amestutako unea imajinatu nuena baino ederragoa izan zen. Javi Graciak une oro eman dit babesa. Bost minutu bakarrik egin nituen zelaian, baina beste taldekide batzuek ez zuten irteteko aukerarik izan, eta nik bai. Eskertzen diot, nahiz eta badakidan hurrengo batean nire aurretik Acuña edo Manu zelairatuko direla.

Jose Luis Mendilibarrek abenduan esan zidan zuk izan behar zenuela Osasunaren neguko fitxaketarik onena. Denborarik izango al duzu hori betetzeko?

Ez da denbora askorik geratzen sasoia amaitzeko, baina gogoa eta ilusioa badaukat.

Mendilibarrek zelaian ohi baino atzerago jarri zintuen. Dezente jokatu zenuen harekin.

Asko jokatu dut Osasunan; 60 partida guztira, eta bederatzi gol sartu ditut. Aurrelari gisa, aurrelariaren atzetik, ezkerretik, eskuinetik... ezin naiz kexatu. Baina taldeari nire ekarpena egin diodalako izan ditut aukerak, bestela ez nuke jokatuko; inork ez dizu ezer oparitzen Lehen Mailan. Badakit gehiago egin ahal nuela, baina barruan nuen guztia eman dudala ere egia da, eta lasai nago egindakoarekin. Osasunako zaleek aintzat hartu eta maite nautela sentitu dut.

Oriol Rierak erraz sartu ditu golak bere lehen denboraldian. Elkarrekin jokatzeko moduko jokalariak zaretela uste duzu?

Jokalari onen aldamenean jokatzea erraza da, eta Oriol bikain ari da. Cejudo, Armenteros, De las Cuevas, Torres... jokalari horien ondoan ez da zaila eroso aritzea .

Sasoi honetan ere azken unera arte borrokatu beharko du Osasunak mailari eusteko?

Taldea ondo ikusten dut, baina ezin dugu lo hartu. Bost punturen aldea dugu jaitsierarekiko, ez da alde eskasa, baina bi partida txar egitea nahikoa da berriz zuloan egoteko.

Igandean Atletico Madril jasoko duzue. Erronka zaila da.

Hala da. Ligaren azken txanpan sartzear lider den talde bati aurre egitea inoiz ez da erraza. San Siron Milanen aurka egin zuena ikusita, argi dago talde handia dela. Baina Real Madrilek eta Bartzelonak ezin izan dute Sadarren irabazi sasoi honetan. Horri eutsi beharko diogu igandean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.