Bigarren Mailako binakako txapela jantzi ondoren, profesional gisa buruz buruko lehenengo finala jokatuko du gaur Mikel Olaetxeak (Lizartza, Gipuzkoa, 1985), Miguel Merinoren aurka, Logroñoko Adarraga pilotalekuan (17:00, Nitro). Buruari buelta gutxi eman nahi dizkio partidaren bezperan, eta, horregatik, bere ardiekin eta behorrekin pasa ditu azkeneko orduak eguna iritsi bitartean. Sasoi honetan ondo ibili den arren, hankak lurrean ditu gazteak.
Urduri zaude honezkero?
Ez askorik, baina une batzuetan urduri nabaritzen dut neure burua. Bestela, finala ahazten saiatzen naiz, entretenituta egoten.
Final orekatua izatea espero da. Zein izan daiteke irabazteko gakoa?
Sakea aprobetxatu behar dut. Pilota ahal dudan urrunen jarri, errematea egin ahal izateko. Sake-errematea da nire arma. Horregatik bilatu ditut lurrean gehiago eta paretan gutxiago ibiltzen diren pilotak, aurreko koadroetan nire jokoa egin ahal izateko. Aukera dudan guztietan saiatuko naiz errematea egiten, tantoak ahalik eta azkarren bukatzeko. Merinok biziagoak hartu ditu, pilota luze erabiltzeko.
Partida motza eta bizia nahi duzu, beraz?
Bai, piloteo gutxi egotea komeni zait. Alegia, tantoak motzak izatea eta ahalik eta erritmoa handiena jartzea.
Faboritoa omen zara.
Ezta gutxiago ere! Merinok esango du ni faborito naizela, eta nik, berriz, bera dela. Edozeinek irabaz dezake partida. Gauzak oso ondo egin beharko ditut, irabazi nahi badut, eta zortea lagun izan.
Sasoiko iritsi al zara finalera?
Fisikoz nahiko gustura nago. Eskuen zalantzarekin hasi nuen txapelketa, baina ondo dauzkat orain, inongo arazorik gabe.
Lau aurkari utzi dituzu atzean. Konfiantza eman dizu horrek?
Konfiantza handiagoa dut orain. Txapelketa oso gaizki hasi nuen. Egia esan, esan daiteke zorte dezente eduki nuela lehenengo partida aurrera ateratzeko. Gero, partidak irabaziz joan naizen heinean, konfiantzaz aritzeko aukera izan dut. Nire jokoa egiten asmatu dut, eta finalerdiak uste onez bete nau. Gustura ailegatu naiz finalera.
Leiza eta Peñagarikano, gainera, Lehen Mailan ibilitakoak dira.
Esperientzia dezente daukaten pilotariak dira; oso partida zailak ziren biak. Horrek ere segurtasuna eman dit.
Nola ikusten duzu Merino?
Merino oso ondo dagoela uste dut. Eskuinetik indar handiz ateratzen zaio pilota. Oso txapelketa ona jokatu zuen binakakoan, eta atzelari onenetakoa izan zen. Finalerdian ez zuen partida borobila jokatu, baina osasunez gaizki zegoela esan zidan, botaka ibili zela. Partidan sufritzen jakin zuen, eta aurrera atera zuen azkenean. Garaipen horrek meritu ikaragarria izan zuela uste dut. Merinori irabazi nahi badiot, sufritzen jakin beharko dut.
Profesional gisa lehenbiziko finala duzu buruz buru. Desberdina da beste finalekin alderatuta?
Bai, bada final berezia niretzat, ez dudalako gozatzen buruz buru. Jokatzeko zailena da. Gutxien gustatzen zaidan modalitatea da, gainera; okerren moldatzen naizena, behintzat. Beti sufritu dut buruz buru; indarrez justu samar ibiltzen naiz, eta defenditzea tokatzen zait. Gainera, ez nuen uste buruz buruko finalera noizbait iritsiko nintzenik.
Urtea oso ona izaten ari da?
Inola ere ez nuen espero urtea hain ona izango zenik. Binaka txapelketa ona jokatu nuen Albisurekin. Ez ginen ondo hasi, baina elkarren artean konfiantza hartu genuen. Oso lan ona egin genuen biok. Buruz burukokoa ez nuen espero inondik inora. Binakakoa amaitu ondorengo lehenengo partidetan kaskar aritu nintzen. Eskuetatik ez nengoen ondo, eta ez nuen batere ondo pasa. Ea orain arte gozatu ez dudana gozatzerik dudan finalean. Gustura jokatu nahi dut, behintzat.
Gaur irabaziz gero, Lehen Mailakoan ariko zara hurrengo urtean.
Ez diot garrantzi handirik eman nahi horri. Orain dela bi urte Beroizek irabazi zuen, eta gero Bigarren Mailan aritu zen berriro. Irabazten badut, primeran, eta galduz gero, lanean jarraituko dut berdin-berdin.
Babes handia izango du Merinok Adarragan. Horrek presioa kentzen dizu?
Horri ere ez diot garrantzi han-dirik eman nahi; alde ona etatxarra du. Ikusleak alde iza- tea eta pilotalekua ezagutzea ona da, baina horrek buelta eman dezake jendea estutzen hasten bada.
Zure jokorako pilotaleku egokia dela uste duzu?
Bai, pilotalekua oso ona da; frontis naturala du, eta pilota ondo ateratzen da paretatik. Botea egiteko garaian lurra oso ona da. Oso gustura joango naiz Logroñora, arazorik gabe.
Zale asko joango al dira herritik?
Autobus bat alokatzekotan daude. Zerrendak-eta jarri dituzte behintzat, eta herritarrak izena ematen ari dira. Guk ere buila egingo dugu, ziur.
Final bezperan errutina berezirik baduzu?
Ez dut halakorik. Nire ardiekin eta behorrekin ahalik eta entretenituen egoten saiatuko naiz, buruari ahal den buelta gutxien emateko.
Uda ate-joka dator. Estelarretan egon zaitezkeela uste duzu?
Ur handi samarrak dira horiek. Orain, nire helburua Bigarren Mailan puntan ibiltzea da, eta aukeraren bat badut partida onen bat jokatzea. Estelarrak oso urruti dauzkat oraindik.
Astelehenean partida duzu, Navas de Oron (Segovia, Espainia), Lizartzatik 430 kilometrotara.
Aste honetan eman nion baiezkoa enpresari. Irabazi edo galdu, berdin joateko asmoa daukat. Ez diot garrantzirik kendu nahi; partida guztiak garrantzitsuak dira niretzat. Daukadan guztia eman behar dut kantxara ateratzen naizen aldiro.
Mikel Olaetxea. Asegarceko pilotaria
«Oso urruti ikusten ditut estelarrak»
Buruz burukoan oso eroso ibiltzen ez bada ere, gustura jokatzeko asmoarekin kantxaratuko da gaur Mikel Olaetxea, Bigarren Mailako finalean, Miguel Merinoren aurka, Logroñoko Adarraga pilotalekuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu