Futbola. Athletic Txapeldunen Ligan. Mikel Rico. Athleticeko jokalaria

«Oso txikia da joaneko emaitzak ematen digun abantaila»

Erdilari zuri-gorriak argi utzi du Athleticek gaur ez duela jokatuko emaitzarekin. Napoli kontuan hartzeko aurkaria dela iritzi dio; era berean, argi dauka italiarrak ere kezkatuta egongo direla Athleticekin.

haritz gallastegi
Bilbo
2014ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Jokalari askok izaten dute Txapeldunen Ligan parte hartzeko aukera, baina askoz gehiago dira sekula zorte hori izango ez dutenak. Mikel Rico (Arrigorriaga, Bizkaia, 1984) egiten ari den moduan, parean jarritakoan aprobetxatu egin behar da aukera.

Gaur da eguna. Zer sentitzen duzu?

Egun handia delako irudipena daukat. Neurketa berezia da. Aurreko egunak ere ezohikoak izan dira. Ezberdinak. Bikaina izango da giroa.

Jokalariak ez zaretela egunerokotasunetik aparte bizi, alegia. Kalera irten, eta badakizue zer dagoen.

Bai, noski! Norgehiagoka berezia da. Asko daukagu jokoan: batetik, aurreko denboraldian egin genuen lan bikainak merezi duen saria lortzeko aukera daukagu; bestetik, jokalariok zein klubeko langile guztiek daukagun ilusioa dago; eta, azkenik, ingurua. Giro berezia sumatzen dut kalean. Ez da partida bat gehiago.

Alde horretatik, zer moduzkoa da Athleticeko jarraitzailea?

Adeitsua da oso. Argazkiak, autografoak, eta abar eskatzen dizkigute, baina beti errespetu handiz. Asteotan, ez dira falta izan Txapeldunen Ligari buruzko aipamenak ere. Baina, oro har, egin behar diren moduan egiten dituzte gauzak.

Sarrera guztiak amaituta daude, eta San Mamesen eserleku guztiak jarrita daudela jokatuko den lehen neurketa izango da. Ahaztezina izango da.

Berez da ederra zelai itxi batean jokatzea, eta sarrera guztiak amaituta daudela estreinatuko dugunez zelaia, ezin dugu eskatu gehiago. Bigarren hasiera ekitaldi ederra izango da.

Alde handia dago guztiz amaituta dauden harmailak dituen zelai batean jokatzetik amaitzeke dagoen batean aritzera?

Alde itzela dago. Ezberdina da zelaia. Beste zelai batean geundela esanez aritu ginen taldekideok, lanak amaituta sartu ginen lehen aldian.

Giroa oso beroa izango da. Jarraitzaileak ilusioz gainezka joango dira zelaira, baina zuhurtziaz jokatu beharko duzue zuek. Ez da komeni buruaren kontrola galtzea, ezta?

Oso motibatuta zelairatuko gara bi taldeetako jokalariak. Baina motibazio horrek onerako izan behar du, eta ez taldearen interesen kalterako.

Inor ez da fio Napolirekin. Zuek gutxien, ziurrenik...

Gainerako taldeei diegun errespetu berbera diogu guk Napoliri. Besterik ez. Lan bikaina egin zuenaurreko denboraldiko Txapeldunen Ligan, eta kontuan hartzeko aurkaria da. Baina egon ziur eurek ere errespetua izango digutela guri. Bi taldeentzat da norgehiagoka gaitza.

Rafa Benitez maisua da horrelako lehiak irabazten. Gaurko zerbait asmatuko ote duen beldurrik bai?

Ona da Benitez, baina gure teknikariak ere badaki zer egiten duen. Ikustekoa izango da aulkiko lehia ere.

Zein ondorio atera zenuten Napoliren aurkako joaneko partidatik?

Ondorio nagusia da ez zaigula komeni atzean sartzea. Napolik estutu egin zuen azken txanpan, eta atzean sartu gintuen. Jakina da kalitate handia duen taldea dela, eta, horren eraginez, sufritu egin genuen azken minutuetan. Baina eurak baino erosoago sentitu behar dugu San Mamesen. Horretarako, gure atetik zenbat eta urrunago egon, guretzat mesede.

Ausart jokatuko duzue edo Napolik duen gol premia aprobetxatzen ahaleginduko zarete?

Guk ez dakigu espekulatzen. Osoa txikia da joaneko emaitzak ematen digun abantaila. Partida irabaztea da gure asmoa, eta aurrera egingo dugu hori lortzeko. Baina, era berean, jakin badakigu atean hutsean irauten badugu, ligaxkarako sailkatzea lortuko dugula. Hori bai, gure asmo bakarra ez da daukagunari eustea. Izan ere, akats bat eginez gero, kanpoan gera gaitezke.

Mateu Lahozen hutsak alde batera utzita, Malagan ez zenuten ondo jokatu. Ondo al dago taldea?

Bai. Malagan ez genuen sekulako partida jokatu, baina uste dut gehiago merezi izan genuela.

Duela urtebete inguru iritsi zinen Athleticera; laugarren postua lortu zenuen; orain, Txapeldunen Ligako kanporaketa ari zara jokatzen…. Ezin duzu eskatu askoz gehiago.

Gauza on asko dira. Beste gauza batzuetara nengoen ohituta. Banekien zer zen konpromiso handiko partidak jokatzea,baina oso ezberdinak ziren helburuak.

Oso ezberdina al da maila ez galtzeko lehia batek daukan presioa eta Txapeldunen Ligako partida batek eragiten duena?

Ez dauka zerikusirik batak bestearekin. Txapeldunen Ligan dabilen talde batean ez da izaten arazorik: taldeak funtzionatu egiten du, jokalariak konfiantzaz aritzen dira lanean… Ez jaisteko borrokan ari zarenean, berriz, erabat kontrakoa gertatzen da: jokalariak ezkutatu egiten dira zelaian, urduritasun handia egoten da… Ardura handia da.

Valverderentzat, ordezkaezina zara zelaian. Taldeko biriketako bat bihurtu zara. Eta golak sartzen ere badakizu, nahiz eta aspaldian ez duzun asmatu. Gaurkoa ez da egun txarra lehortea amaitzeko.

Niretzat, ez da lehentasuna, baina ez litzateke txarto egongo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.