Aitor Etxaburu. Anaitasunako entrenatzailea

«Oso talde gaztea daukagu, eta Asobal ligan finkatzea izango da helburu nagusia»

Taldearen oinarriari eutsita eta harrobiko gazteei lekua eginda, sasoi berria hasiko du Anaitasunak. Asobal ligan esperientzia txikia duen taldea izanik, mailari eustea izango dute helburu.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
2012ko irailaren 11
00:00
Entzun
Gaur hasiko du sasoi berria Anaitasunak, Bartzelonaren kantxan (18:00, Sportmania). Asobal ligako lehen jardunaldietan, arerio indartsuenen aurka ariko da Iruñeko taldea, baina Aitor Etxaburu (Eibar, Gipuzkoa, 1966) entrenatzaileak badaki denboraldia oso luzea dela. Hirugarren sasoia du taldean, eta helburu apalak izan behar dituztela dio. Hasteko, Asobal ligan finkatu nahi dute. Baina ez diote ezeri uko egingo, partida guztietan lehiatuko dira.

Hirugarren sasoia duzu Anaitasunan. Nola egingo diozu aurre?

Ilusio handiarekin. Nire lehen denboraldian, Asobal ligara igotzea lortu genuen; eta bigarrenean, goi mailan egotearen saria jaso genuen. Sasoi honetan, Asobal ligan finkatzen saiatu behar dugu, baina badakigu bigarren sasoia zailagoa izan ohi dela. Hortaz, ilusioz, baikor eta kontu handiz ekingo diogu.

Zein da taldearen helburua?

Esperientzia txikia daukagu Asobal ligan, igo berriak baikara. Horregatik, helburu apalak izan behar ditugu, betetzeko modukoak. Asobal ligan finkatzea da helburua, eta, aldi berean, dauzkagun jokalari gazteak hezten jarraitzea, talde sendo bat osatzeko. Pausoz pauso joan behar dugu, eta denborarekin ikusiko dugu helburu zailak jar ditzakegun.

Zein izango dira aurkariak?

Mailari eusteko borroka horretan, logikak dio igo berriak izango direla gure arerioak, Aranda, Palma del Rio eta Cangas. Baina oso zaila da aurreikuspenak egitea, eta hori teoria baino ez da. Aurreko sasoian ikusi genuen etxeko partidetan gu baino talde hobeak menderatzeko gai garela.

Partida zaila duzue hasteko, Bartzelonaren aurkakoa.

Lehenengo lau jardunaldiak oso gogorrak izango dira, talde indartsuenen aurka ariko baikara. Argi daukagu sasoia oso luzea dela eta denbora asko izango dugula sufritzeko. Bartzelonaren aurka gure jokoan zentratu behar dugu, hobetzeko asmoz. Liga hasiera hain zaila izatea ona dela pentsatu behar dugu. Gure lana egitea da kontua, baina ez dugu ondorio askorik atera behar.

Zein dira liga irabazteko faboritoak?

Bartzelona eta Atletico Madril dira hautagai nagusiak, zalantzarik gabe. Azken urteotan biak aritu dira liga irabazteko lehian, eta elkarren aurka baino ez dute galdu. Pentsatzekoa da berdin gertatuko dela sasoi honetan ere.

Nolako taldea duzue?

Oso talde gaztea eta orekatua daukagu. Bi jokalari dauzkagu postu bakoitzerako. Ligan talde asko daude hasierako zazpikoa oso finkatuta dutenak. Maila handiko titularrak dituzte, baina guk oreka handiagoa dugu titularren eta aulkian daudenen artean. Oso pozik nago daukadan taldearekin.

Zein aldaketa izan ditu taldeak?

Taldearen oinarriari eutsi egin diogu, eta aldaketa gutxi izan dira. Denboraldi-aurrea hasi baino astebete lehenago osatuta genuen taldea, bi jokalari fitxatuta [Juan Jose Gonzalez Novelle eta Alejandro Marcelo] eta bost jokalari galduta. Baina San Antonio desegitearen ondorioz, Ibai Meoki fitxatu genuen. Aukera aprobetxatu eta taldean aritutako jokalari bat berreskuratu genuen, zaleek asko maite dutena.

Zer moduzko denboraldi-aurrea egin duzue?

Denboraldi-aurrea ondo joan da. Maila handiko taldeen aurka aritu gara, eta jokalari guztiek izan dute jokatzeko aukera. Proba asko egin ditugu, eta, emaitzak baino gehiago, taldeak zer maila eman duen, hori izan da garrantzitsua.

Nola iritsiko da Anaitasuna Asobal ligako lehen jardunaldira?

Taldea ondo iritsiko dela uste dut. Lagunarteko partidetan ez da ondorio askorik atera behar, faktore askok eragiten baitute. Oro har, taldea ondo dago. Arazo fisikorik, behintzat, ez dugu.

Zein izango da Anaitasunaren jokatzeko modua?

Aurreko denboraldian bezala ariko gara, jokoari erritmo bizia jarriz. Partidetan, gozatzea da garrantzitsuena. Talde gaztea izanik, zailtasunak izango ditugu etxetik kanpo, eta gusturago ariko gara zaleak gertu ditugunean.

Zer eskatzen diezu jokalariei?

Daukaten guztia ematea, pazientzia izatea eta defentsan ondo aritzea eskatzen diet. Baina, batez ere, jokalariak konprometitzea nahi dut. Gainera, oso garrantzitsua da umiltasuna izatea eta arerioak errespetatzea.

Zertan aldatu da kluba azken hiru urteotan?

Oso gutxi aldatu da, aspaldidanik ezagutzen dudan kluba izaten jarraitzen du. Gertutasun handiko taldea da, oso inplikatuta dagoena. Aldaketa gutxi izan ditu, eta aldatu dena onerako izan da.

Arazo ekonomikoen eraginez desegin dira Arrate eta San Antonio. Euskal talde bakarra zarete Asobal ligan.

Zoritxarrez, hala da. Baina egoera larrian bizi gara, eta normala da horrelako gauzak gertatzea. Anaitasunak beti landu du harrobia, eta horrek lagundu digu. San Antoniok arazoak izan dituenean, gu gorantza egiten ari ginen. San Antonio bezala azken bost edo sei urteotan Asobal ligan egon bagina, beharbada arazo larriak izango genituzke orain.

Nola dago Anaitasuna?

Egoera zaila da. Ligako aurrekontu txikienetakoa dugu, eta ahal dugun bezala jarraitzen dugu borrokan. Baina gauzak ondo egiten ari dira, kontu handiz, eta egoera nahiko egonkorra da. Hala izaten jarraitzea espero dugu.

Zein mezu helaraziko zenieke zaleei?

Aurreko sasoian bezala egotea eskatuko nieke. Asko lagundu ziguten, eta behar genuen indarra jaso genuen zaleen aldetik. Gure emaitzen zati handi bat eurei esker lortu genuen. Hortaz, aurreko denboraldiko laguntza eskertu, eta sasoi honetan berdin aritzeko eskatu nahi nieke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.