Iñigo LLopis. Igerilaria

«Oso sasoi onean iritsi naiz, eta bikain bukatu dut urtea»

Igeriketa Egokituko Munduko Txapelketa jokatu zen iragan astean Manchesterren, eta Iñigo LLopisek bi urrezko domina lortu ditu. Barre artean kontatu du lortutakoa.

Iñigo Llopis, podiumaren erdian, urrezko domina kolkoan duela, Manchesterreko Munduko Txapelketan. IÑIGO LLOPIS.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Pozez txoratzen iritsi da Iñigo Llopis (Donostia, 1998) etxera, Manchesterren (Ingalaterra) jokatu den Igeriketa Egokituko Munduko Txapelketatik. Eta ez da gutxiagorako, bi urrezko domina kolkoan dituela itzuli baita. Aurrenekoa bizkar estiloko 100 metroko diziplinan eskuratu zuen, eta bigarrena, berriz, taldean, errelebo mistoetan. Une erabakigarrira «gorputzaldi onean» iritsi dela aitortu du Llopisek, eta, urrea helburutzat eduki ez arren, «azken errematea» egin nahi zuela. Esan eta egin. Datorren urteko Parisko Olinpiar Jokoetan pentsatzen hasi aurretik, ordea, merezitako oporrak izango ditu.

Denbora izan duzu lortutakoa barneratzeko?

Egia esan, oraindik ez. Nire proba asteartean izan zen, eta asteazken goizean berriro uretan aritu behar nuen, tximeleta estiloko 100 metrokoan. Ez dut astirik izan deskonektatzeko, eta igeri egiteko prest egon behar izan dugu aste osoan. Igandean izan nuen azken proba, eta, bidean asko disfrutatu badut ere, egia da beti daukazula burua hurrengo eguneko saioan. Astelehenean iritsi nintzen Donostiara, eta, pixkanaka, lortutakoa beste modu batean ikusteko aukera izan dut lagunen ondoan.

Bi urrezko domina lortu dituzu. Hori zen helburua?

Helburua ez zen domina lortzea. Urte osoan oso ondo sentitu naiz, eta marka hobetzera joan ginen. Oso sasoi onean iritsi nintzen Manchesterrera, eta bagenekien marka hobetzea lortuz gero dominen lehian izango ginela. Urrea lortzea posible zen; horren bila joan ginen, eta lortu genuen. Erreleboetan ere antzeko zerbait gertatu da. Bagenekien gauzak ondo eginez gero dominen lehian egoteko aukera genuela, eta Europako marka hautsi genuen. Oso pozik amaitu genuen.

Atzetik aurrerakoa eginda irabazi zenuen bizkar estiloko 100 metrokoa. Barrutik aurkariak non zeuden ikusteko aukera izan zenuen? Bazenekien zein zen egoera?

Guk aurkarien igeri egiteko modua analizatzen dugu, eta bagenekien japoniarrak, bere elbarritasunagatik, azkarrago egingo zuela lehen luzea. Bira eman nuenean ikusi nuen non zegoen, eta ez nuen uste hain azkar iritsiko zenik. Hala ere, hitz eginda geneukan azken metroetan izango nuela aukera, eta bizkarrez arituta ez daukat ondokoaren erreferentzia izateko aukera handirik. Nirean aritu nintzen, eta ondo atera zen.

Azken metroetarako indarrak gordetzea izan ohi da zure taktika?

Taktika baino gehiago, nire elbarritasunaren ezaugarriak dira. Japoniarra bi hankekin irteten da, eta hasiera azkarragoa dauka. Nik, ordea, bi beso dauzkat, eta berak bakarra. Hortaz, badakigu azkarrago amaituko dudala. Azken 50 metroak dira nire indargunea. Bakoitzaren elbarritasunak bere ezaugarriak ditu, eta ninireei etekina ateratzen ahalegintzen naiz.

Bigarren proba berezia da: erreleboak, neskak eta mutilak elkarrekin. Nola bizi zenuten?

Aurreko urtean aldatu zuten, eta oso polita da horrelako proba misto batean parte hartzea. Iaz zilarrezko domina lortu genuen, eta aurten urrea lortu dugu. Egia esateko, zorte handia daukagu taldean konbinazio desberdin asko daudelako, eta, erreleboa ez denez finkoa, denak estutzeko aukera daukagu. Eta, nola ez, taldekideekin igeri egitea eta elkarrekin poztea ikaragarria da.

Iaz, Munduko Txapelketatik iritsi berritan, esan zenuen Manchesterreko Munduko Txapelketako helburuak finkatzen hasi behar zenuela. Esan eta egin.

Hala da. Asko disfrutatu dut aurten, entrenamenduetan zein txapelketetan. Ondo entrenatzeko aukera izan dut, baina Manchesterren azken errematea egitea falta zen. Oso sasoi onean iritsi naiz, eta bikain bukatu dut urtea.

Parisko Olinpiar Jokoetarako hainbat plaza lortu dituzue. Joatea lortuko bazenu, hirugarrenak lirateke zuretzat, baina lehenengoz joango zinateke munduko txapeldunaren etiketarekin. Presioa da hori?

Lehenengo, ikusi egin beharko da Parisera joateko gutxieneko marka bat egin beharko dugun, eta, hala bada, hura lortzen saiatuko gara. Baina ez, ez nuke esango presioa izango denik. Olinpiar Jokoak badakigu zer diren, eta, presioa baino gehiago, ilusioa dira. Zer lortu dezakegun erakusten digu kirolariei. Eta dominak baino gehiago, zein denboratan igeri egin dezakegun ikustea pizgarria da. Orain, lehendabizi, oporrak hartzeko garaia da. Eta bueltan hasiko gara horretan pentsatzen.

Bitxikeria modura, John Cena ospetsuak mezu bat bidali zizun sare sozialen bidez zure ospakizuna ikusita. Zer sentitu zenuen?

Hala ospatu izan ditut beti lortu izan ditudan dominak, baina ez dakit, agian lehenengoa sailkatu naizelako kamerek gehiago enfokatu naute! [barrez]. Gaizka Toquerok hala ospatzen zituen golak, eta horregatik hasi nintzen hori egiten. Imajinatzen dut Toquerok harengatik egiten zuela hori. Beti bezala ospatu dut nik, eta hainbeste zabaldu zen bideoa, non azkenean John Cenari iritsi zitzaion. Niri idazteko eta ni zoriontzeko tarte bat hartu izana ikaragarria izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.