Osasunako jokalaria

Maitane Zalba: «Oso sasoi onean gaude; denboraldi ezberdina da»

Osasunak hiru golen aldea defendatuko du gaur Alhamaren aurka, Taxoaren. Zalbak dio kanporaketa «bideratuta» dagoela, «baina ez erabakita».

Maitane Zalba. OSASUNA
Maitane Zalba. OSASUNA
Iñaki Berastegi.
2024ko maiatzaren 8a
05:00
Entzun

Espainiako Lehen Mailara igotzeko lehian bete-betean sartuta egon da Osasuna azken sei denboraldietan, eta ahalegin horietan guzietan parte hartu duten bost jokalari gorritxoetako bat da Maitane Zalba atezaina (Iruñea, 2000). Murtziako Alhama 0-3 hiru menderatu zuten joan den igandean, finalerdietako joaneko partidan, eta gaur abantaila hori defendatu nahi dute Taxoaren, finalera igarotzeko (18:00). Beste adarrean, Espanyol 0-2 nagusitu zitzaion Lleidako AEM taldeari.

Igandean 0-3 irabazi zenuten Alhamaren zelaian. Kanporaketa erabakita dagoela esan daiteke?

Bideratuta bai, baina erabakita ez. Azken finean, ezin gara erlaxatu, itzulerako partidan edozer gauza gerta daiteke eta. Guk hiru gol sartu genizkien bezala, haiek ere gauza bera egin dezakete itzulerako partidan. Beraz, dena ematera atera behar dugu, eta ea atea hutsean mantendu dezakegun, hori izango baita garrantzitsuena. 

Igandekoa partida «ia perfektua» izan zela esan zuen Iosu Dominguez zuen entrenatzaileak, baina neurketaren hasieran Alhamak gol aukera batzuk izan zituen, ezta?

Bai, hala da. Aurreneko hamar minutuetan, kosta egin zitzaigun partidara egokitzea, urduri geunden. Baina ez ziguten golik sartu, eta, horri esker, partidan hazten hasi ginen. Ondoren, 20. minutuan, lehen gola sartu genuen, eta hortik aurrera sentitu genuen urduritasun guztia desagertu zela.

Emaitzak lasaitasuna ematen dizue itzuliko partidarako?

Bai, handia, baina, halere, ezin gara erlaxatu.

Alhamaren aurka sasoi honetan jokatu dituzuen hiru partidak irabazi dituzue. 

Hala da. Nik uste dut gure jokatzeko moduaren antzekoa dutela, eta halako taldeen kontra emaitza onak lortu izan ditugu. Erasora jokalari askorekin joaten den taldea da, eta, guri kontraerasoan jokatzea gustatzen zaigunez, halako taldeak zigortu egiten ditugu trantsizio azkarrekin. Itzuliko partida joan-etorrikoa izango dela uste dut: haiek erasora aterako dira, eta ea halako kontraeraso batean gol bat egin eta kanporaketa erabakita uzten dugun. Partida ikusteko sarrera guztiak egun bateko tartean amaitu ziren, eta hori ez da inoiz gertatu nesken taldearekin; ezusteko handia izan zen. Zaleen laguntza horrek asko lagunduko digu kanporaketa gainditzeko.

Aurreko bost denboraldietan baino hobeto ailegatu zarete sasoi honetan azken partida hauetara?

Bai. Izan ere, aurreko denboraldi guztietan ikusi genuen nola igoera zuzenak azken unean edo partidetan ihes egin zigun, eta horri buelta ematea kosta egin zitzaigun kanporaketak jokatzeko orduan. Sasoi hau, ordea, ezberdina izan da; igoera zuzena lortzeko aukera lehenago galdu genuen, eta horrek askoz ere gehiago bideratu gintuen kanporaketak prestatzera. Oso sasoi onean gaude, azken hamar partidetatik bakarra galdu dugu, eta galdu genuena, Dux Logroñoren aurkakoa, baliagarria izan zen kanporaketak jokatu aurretik taldea suspertzeko. 

Denboraldiaren lehen erdian, taldeari gehiago kosta zitzaion irabaztea, eta inoiz trantsizio denboraldi gisa ere definitu zen sasoia. 

Hilabete gogorrak izan ziren, eta burutik gauza asko pasatzen zaizkizu, bai. Teknikarien taldea berria da sasoi honetan, jokalari gazte berri asko daude, baina momentu zailak bizi arren, egoerari buelta ematea lortu dugu beste behin, eta hori zerbaitegatik da. 

Badirudi Espanyolen aurka jokatuko duzuela azken kanporaketa. Ikusi ahal izan duzue aurkaria?

Bai, hala dirudi, baina gure kanporaketa bezala, haien kanporaketa ere ez dago oraindik erabakita.

Kanporaketak jokatzen ari diren beste hiru taldeen kontrako partida bakar bat ere ez duzue galdu. Horrek konfiantza ematen dizue?

Bai, zalantzarik gabe. Aurreko igoera ahaleginekin alderatuta, sasoi honetako kanporaketak oso ezberdinak dira, eta egia da Alhama, Espanyol eta AEM taldeen aurka ez galdu izana buruarentzat ere garrantzitsua dela aurrera begira. Baikorrak izatea ahalbidetzen digu.

Seigarren denboraldiz jarraian, igotzear zaudete. Oraingoan bai?

Hori nahi dugu, bai; ez da gogo eta maila faltagatik izango. Ez dut uste beste urte batzuetako mamuak agertuko zaizkigunik.

Zuentzat ere arraroa izan da kanporaketako lehen partida asteburuan jokatzea, eta itzulikoa, berriz, aste barruan izatea?

Bai, oso. Ez gaude ohituta, eta batzuek lan egiten dugunez, oporrak eskatzen aritu behar izan dugu. Eromena izan da, baina denok gure aldetik jarri dugunez, gauzak ondo atera dira.

Espanyol eta zuek finalera igaroko bazinate, joaneko partida asteburuan Iruñean jokatuko litzateke. Sadarren jokatuko zenukete?

Ez dakigu oraindik ezer, baina ea hala den. Guri asko gustatuko litzaiguke.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.