Bezperan sasoi honen amaieran erretiroa hartuko duela jakinarazi ondoren, Xabi Prietok atzo eskaini zuen agurreko prentsaurrekoa, Anoetan. Hamabost urteotan umiltasuna eta egoten jakite hutsa oinarri izan arren, erabat hunkituta hitz egin zuen, negar malkoei eutsi ezinik. Ez zen gutxiagorako. Haren irudiz josi zuten aretoa, galako bilakaturik, eta unerik gogoangarrienekin ere bideo bat osatu zioten. «Futbola uztera noa, baina arrazoi asko ditut oso pozik joateko. Esker oneko hitzak besterik ez ditut hamabost urteotan alboan izan ditudan guztientzat, eta zaleei ere emandako maitasun osoa eskertu nahi diet. Ez dira beroenak, ez indartsuenak, baina bai duinenak. Pribilegiatua izan naiz Realean egoteagatik, eta harro egotekoa da gure koloreak hainbeste zelaitan babestu izana. Beti eramango dut Reala bihotzean». Horrela hasi zen kapitaina.
Iragan sasoian kontratua berritu ez berritu ibili zen, baina azkenean aurrera egitea erabaki zuen. Sinadura eman orduko, hori bai, pentsatzen zuen azken sasoia izango zuela. «Nahiko garbi neukan azkenetan nengoela. Salbuespen itzela behar zuen erabakia aldatzeko. Fisikoki oso ondo sumatu dut neure burua orain arte, baina hala sentitzen dudalako noa erretiratzera, ez beste ezergatik. Beti egin izan dut sentitzen dudana, eta orain ere hala egitera noa. Zubietako egunerokotasunaren falta sumatuko dut, baina naturaltasunez hartuko dut dena».
Duela egun batzuk jakinarazi zion albistea Jokin Aperribai Realeko presidenteari, eta azken orduan familiari eta taldekideei. «Familia apur bat harrituta geratu zen, eta taldekideek igartzen zuten irits zitekeela egun hau. Prozesu bat izan da, eta ondo pentsatuta daukat. Gazteei bidea ireki nahi diet, eta nire laguntza izango dute aurrerantzean ere».
Prietok berak ere ateak irekita topatu zituen bere garaian. Raynald Denoueixen eskutik, 2003an egin zuen debuta, Oviedon (Espainia). Makina bat bizipen izan du gerora. «Debuteko egun hura da markatuta geratu zaidan bat. Iragan sasoian ere asko gozatu nuen, eta nola ahaztu Txapeldunen Ligarako sailkatu ginenekoa». Baina txanponaren beste aldea ere ezagutu du. «Oso gogorra izan zen jaistea, eta Gasteizkoa ere txarra izan zen, ez baikenuen lortu igotzea».
Reala Bigarren Mailan zegoela, hainbat talderen eskaintzak jaso zituen kapitainak, baina ez zuen inoiz mahai gainean jarri Donostiatik irtetea. «Ulertzeko sinplea da hori. Nire jendea Realaren inguruan egon da beti, maitatua sentitu naiz, eta ez dut gehiago behar izan zoriontsu izateko. Txikitako ametsa ez nuen futbolari izatea, Realeko jokalaria izatea baizik. Gurasoek jar ziezadaketen zigorrik gogorrena zen Atotxara joatea debekatzea». Kolore txuri-urdinak sentitu egiten dituela argi eta garbi utzi zuen. «Ni ikusita gazteek badute adibide bat frogatzen duena zoriontsu bizi daitekeela Realeko jokalaria izanda. Ez dago kanpoan zertan bilatu etxean daukaguna. Ez nuke nire egoera aldatuko Realetik joan den inorengatik».
«Ametsak gainditu ditut»
Hamabost urteko ibilian, klubaren aulkian eseri diren entrenatzaile guztien konfiantza izan du, eta oraingoz 530 partida jokatu ditu. Hain zuzen, Realaren historian minutu gehien jokatu duten jokalarietan bosgarrena da, Alberto Gorriz (599), Juanan Larrañaga (589), Jesus Mari Zamora (588) eta Luis Arkonadaren (551) atzetik. «Ohorea da zerrenda horretan egotea. Zortea izan dut beti lesioek errespetatu nautelako eta entrenatzaileek nigan sinetsi dutelako. Taldekideek ere izugarri lagundu didate». Haren belaunaldikoen izenak gogoratu zituen. «Ikusi ditut jokabide oso egokiak izan duten jokalariak: Ansotegi, Labaka, Zurutuza, Mikel Gonzalez, Aranburu… Lagun taldea izan gara, eta taldea defendatu dugu uste genuen bezala».
Titulurik ez lortzeak sortzen dio pena kapitainari. «Gustuko izango nuen, baina uste dut egun hori gero eta gertuago dagoela taldeak daukan mailagatik. Egia da nahiko bolada zailak igaro ditugula, baina osasuntsu dago kluba. Lanean oso ondo ari da gazteekin». Titulurik ez, baina jarraitzaileen maitasuna beti gorde ahal izango du. «Ez nuen inoiz pentsatu ere egingo hain urrun iritsiko nintzenik. Nituen amets guztiak gainditu egin dira».
Etorkizunera begira, epe motzean du pentsamendua. «Oraindik Lehen Mailako jokalaria naiz, eta buruan daukadan gauza bakarra berrindartze prozesuan aurrera egitea da. Jokatzen agurtu nahi ditut zaleak, eta, horretarako, osatu egin nahi dut. Badut konfiantza, gero eta hobeto sentitzen bainaiz».
Behin hori eginda, etorriko dira egunak aurreragoko planak egiteko. «Klubarekin hitz egin dudan bakarra da elkartuko garela aurrerago dena delakoaz aritzeko. Futboletik erretiratzean, familiarekin oporrak igarotzea izango da lehentasuna». Realeko entrenatzaile edo presidente ez luke izan nahi. «Ez nuke nahi toki bat lortu hamabost urtez jokatu izanagatik. Horretarako prestatuta egon beharra dago». Dotore agurrean ere.
«Oso pozik joango naiz»
Iaz zalantzan ibili ondoren, erretiratzeko erabakia aspalditik hausnartua zuela esan du Xabi Prietok agurrean. «Uzteko ordua» zela azpimarratu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu