Saskibaloia

Lucas Fernandez: «Oso liga gogorra izan da, eta ohartarazi eta prestatu egin behar gaitu»

Hainbat urtez sailkapenaren goialdean egon ostean, Gernika ligako lehen zortzi postuetatik kanpo gelditu da. Lucas Fernandezek dio ez direla konforme gelditu sasoi amaierarekin, baina asebeteta dago.

Lucas Fernandez. LOINTEK GERNIKA
Lucas Fernandez. LOINTEK GERNIKA
Beñat Mujika Telleria.
2024ko maiatzaren 9a
05:05
Entzun

Ez da denboraldi erraza izan Gernikan. Hainbat arazo izan dituzte sasoi honetan, eta, aspaldiko partez, ligako kanporaketetatik kanpo gelditu ziren. Ciudad Realdik hartu du kazetariaren deia Lucas Fernandez Gernikako entrenatzaileak (Calzada de Calatrava, Espainia, 1978), bere jaioterritik. Euskaraz egin ditu agurreko lehen hitzak, modu adeitsuan, eta luze eta zabal hitz egin du taldeak egin duen denboraldiaz.

Zer aho zapore utzi dizu denboraldiak?

Egunak pasatu ahala, asetasuna da burura datorkidan hitza. Dena eman dudala sentitzen dut. Egokitzeko eta denboraldiko une txar edo on bakoitzari aurre egiteko lan egin dut. Denboraldiaren lehen erdian Koparako sailkatu ginen, eta Europan aurrera egin genuen. Amaieran ez genuen lortu kanporaketetarako sailkatzea, eta gogo biziz gelditu naiz.

Entrenatzaile izendatu zintuztenerako, taldea itxita zegoen. Zure ideiak edo jokatzeko era baldintzatu zuen horrek?

Taldea osatuta zegoen, eta hiruzpalau aste zeramaten lanean jokalariek. Iritsi ginenean, zentzuz jokatu behar genuen, eta aurrez egindako lana eta garatutako edukiak aprobetxatu. Horri jarraipena ematen ahalegindu ginen, lehiaketara egokituz, liga eta Europa gainean genituen eta. Horretara egokitzea lortzen baduzu, ez da denboraldia baldintzatzen duen zerbait. Eta hori talde lana da.

Abenduan jakin zen Mario Lopezen kasuaren berri. Nola eragin dio horrek taldeari? Zaila izan da arreta saskibaloian jartzea?

Une oso zailak izan ziren kluba osatzen dugun guztiontzat, arlo pertsonalean eta kolektiboan. Giza talde bat gara, eta guretzat ere oso zaila izan zen. Nik nire ahotik hitz egin dezaket, baina esango nuke gu arreta gure egunerokoan jartzen ahalegindu ginela, entrenamenduetan eta lehiaketetan. Denbora izan behar dugu nolabaiteko normaltasuna lortzeko, horrela esan ahal bazaio. Taldearen eta klubaren konpromisoaren bitartez, elkarrekin igaro genituen une horiek.

Taldean aldaketa asko izan dira sasoi honetan. Izen garrantzitsuak, gainera. Horretan ez duzue zorte handirik izan.

Batzuetan, entrenatzaileak edo klubak nahita iristen dira aldaketak, eta beste batzuetan, espero ez duzunean iristen dira. Hasi eta berehala joan zen Bjorklund, bigarren jardunaldian [Mario Lopezen ustezko sexu erasoen berri jakin zuenean]. Dootson ez zen hasieratik hasi udan min hartu zuelako, eta lau hilabete geldirik egon ostean, sei asteko lana egin behar izan zuen itzultzeko. Haren ordez, Bradford fitxatu zuen klubak sasoi erdirako, lehiaketa hasi baino astebete lehenago. Berger jokalari garrantzitsua izatera zetorren WNBAtik, baina lehiaketa hasi baino hiru egun lehenago etorri zen. Gero, gainera, lesio batengatik alde egin zuen, klubak uste zuen baino denbora gehiago behar zuela zioelako. Nikitinaite ere joan egin zen, Europako talde garrantzitsu baten eskaintza bat zuelako. Horrek denak taldearen aurrerabidea oztopatzen du. 

«Une oso zailak izan ziren kluba osatzen dugun guztiontzat, arlo pertsonalean eta kolektiboan. Giza talde bat gara, eta guretzat ere oso zaila izan zen»

Azken bederatzi partidetan, bi garaipen soilik eskuratu zenituzten. Denboraldian gertatutako guztiaren ondorioa izan zen?

Taldeak lan ona egin du fisikoki, eta horretan klubak hobera egin du aurten. Denboraldi amaieran, buruko nekea agertzen da. Urte osoan izan ditugun egoerek eragina izan dute. Neurketa askotan, txanpona beti beste aldera erori zen. Eta baten bat gure aldera erori izan balitz, hauspoa emango zion taldeari. Hala ere, horrek ez du ziurtatzen kanporaketetan egotea. Defentsan lan ona egin dugu, askotan 60 punturen inguruan utzi baitugu aurkaria. Baina aurrean puntutxo bat falta izan zaigu beti. Denboraldi amaierarekin ez gara pozik gelditu, zalantzarik gabe. 

Kanporaketak ez jokatzea porrota da klubarentzat?

Bakoitzak bere interpretazioa egin dezake. Klubak eta nik bertan egon nahi genuen, eta horretarako egin genuen lan. Baina Gernikak zerbait baldin badu besteetatik desberdina, hori da testuingurua eta prozesua kontuan hartzen dituela. Ez gara batere pozik gelditu, kanporaketak partida bakarrera gelditu zitzaizkigulako. Baina gai gara ikuspegi zabalago batetik ikusteko, eta amaierara arte lehiatu gara nahi hori lortzeko. Aurtengo liga oso gogorra izan da, inoizko liga gogorrenetakoa, eta horrek prestatu eta ohartarazi egin behar gaitu.

Gorabeherak bai, baina Koparako sailkatu zineten, eta talde handi askok galdu dute Malosten denboraldi honetan.

Lehen erdian, etxean indartsu aritzeko moduko partida batzuk izan genituen, baina xehetasun batzuengatik galdu genituen batzuk; adibidez, Araskiren aurkakoa, eta Bartzelonaren aurkakoa. Baina, ostera, mendean hartu genituen Valentzia, Avenida eta halako beste talde handi batzuk. Taldeak marea granatearekin lortzen duen kimikak giro bikaina sortzen du Malosten, eta gora egiten duzu. Horrela lortu genuen Koparako sailkatzea.

Liga gero eta lehiakorragoa da. Talde asko ari dira saskibaloiaren aldeko apustua egiten, hiri handietakoak batzuk, eta futboletik etorritakoak besteak. Haiekin lehiatzen jarraitzea bera albiste bikaina da Gernikarentzat.

Zalantzarik gabe. Nik hainbat tokitan egin dut lan aurrez. Gernikan ere egon nintzen hiru urtez, laguntzaile lanetan. Eta egon naizen tokietan egon eta gero, esan dezaket lan asko eta oso ona egin dela Gernikan. Kohesioa dago klubaren, zaleen eta jokalarien artean. Giro bikaina sortzen da beti, eta hori jarraipena ematen ahalegintzen gara gu. Entrenatzaileak joan eta etorri gabiltza, baina herri baten ilusioa eta inguruko enpresen eta erakunde publikoen bultzadak bertan dirau. 17.000 herritar inguru dituen herri batean, 600 gazte baino gehiago ari dira saskibaloian, eta ordezkari bat daukate maila gorenean lehiatzen dena.

«Asko gustatuko litzaidake Gernikan gelditzea. Uste dut bai klubak eta bai nik pentsatzen dugula bidean berriro elkartu behar dugula».

Ez zarete Europarako sailkatu. Baina aukerarik egonez gero, Gernika ahaleginduko han egoten?

Bai, zalantzarik gabe. Klubak oso argi dauka aukerarik egonez gero horretan ahaleginduko dela; izan daiteke baten batek jokatzeari uko egiten diolako edo aurreko faseetan egoteagatik lehiatzeko.

Hori lortu ala ez, Lucas Fernandezek Malosteko aulkian jarraituko du?

Niri asko gustatuko litzaidake. Uste dut bai klubak eta bai nik pentsatzen dugula bide horretan berriro elkartu behar dugula. Xehetasunak adosten ari gara, eta kluba nola egokitu behar den ikusten. Ikusiko da zer gertatzen den, baina nahiago nuke Gernikan gelditzerik banu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.