«Herri kirolaritzat dut neure burua». Karmele Gisasola Zelai III.a-k (Mallabia, Bizkaia, 1994) oraindik ez du bere burua aizkolaritzat jotzen, baina, kontuak zer diren, hura da Sherpa.Ai Aizkolari Txapelketa bakarka irabazi duen lehendabiziko emakumea.
Herenegun jantzi zenuen txapela. Giharretatik osatu al zara?
Bai, ondo nago. Ondo esnatu naiz, eta igande arratsaldea ere ondo pasatu nuen. Ez dut arazorik.
Nahikoa ospatu al zenuen Bilbon lortutako garaipena?
Ez nuen ezer berezirik egin. Oraindik, urtea amaitzeko, txapelketa eta erakustaldi dezente ditugu. Gabonetako oporrak hartuak ditut, pixka bat deskonektatzeko. Geroago gozatuko dut.
Kontuak kontu, Sherpako lehen txapelduna zara. Hori entzunda,zer datorkizu gogora? Gustura zaude?
Harrituta nago, ez nuen inondik inora espero. Aurreko asteko elkarrizketetan, etxekoeieta ingurukoei esaten nien. Oso lasai pasatu nuen astea, ez nuen neure buruarengan presiorik jaustea nahi. Haiek [aurkariak] ziren aizkolariak; haiek jada jokatua zuten Euskal Herriko Txapelketa ere, eta nik ez dut hainbesterainoko ezagutzarik. Neure burua ez dut aizkolaritzat hartzen oraindik, eta ezjakintasun pixka bat badut. Presio barik joan nintzen, lasai.
Zeure burua ez omen duzu aizkolaritzat. Hori barneratzen hasteko garaia ez al da?
Bai. Kostatu zitzaidan neure burua harri jasotzailetzat hartzea. Oraintxe hasi naiz apur bat esaten: «Bai, banaiz harri jasotzailea». Eta orain, bat-batean, aizkolaria? Nahiago dut herri kirolari izan, pixka bat denean ibiltzen den hori. Zalantza hori badut.
Poz betea zenuen igandean. Hartutako lanek merezi izan duten seinale.
Bai, hori da. Estres maila pixka bat ere nabaritu dut nigan: ez dakizu nola uztartu entrenamenduak. Domekan Sherpako txapelketa jokatu genuen, aurreko astean Euskadiko Ingude Txapelketa, eta Bizkaiko Harri Jasotzekoa... Ez nekien oso ondo aurreko asteko entrenamenduak nondik nora egin. Aizkoran ez dakit asko oraindik, eta entrenamentuak egin behar nituen, baina harria ere ezin nuen albo batera utzi, eta bestelako entrenamenduak ere ez ditut nahi alboratu. Orduan, bai, nabaritu dut kaos pixka bat.
Finalean atzetik aurrerakoa egin zenuen. Lehen enborrean Maika Ariztegik aurrea hartu zuen, baina, gero, aurretik jarri, eta lehen postuan finkatu zinen. Saioak aurrera, aiseago aritu al zinen?
Maikak lehen enborrean buelta hartu zuenean, harritu egin nintzen. Neure buruari esan nion: «Karmele, ez da posible. Jada buelta eman badu, kristoren aldea aterako digu, kristorena». Esaten nion neure buruari neurean jartzeko, kolpe ederrak emateko, eta aurrera. Ezin nuen besteei begira geratu, baina entzuten nuen, eta osabak [laguntzaile izan zuen] ondo ari nintzela esaten zidan. Bakarrik ibiltzen ez nago ohituta. Ahal nuena egin nuen.
Aurreko egunetan ere bazenuen bakarrik jardun beharraren kezka hori.
Zestoan [Gipuzkoa] kanporaketa jokatu genuenean izan zen lehen aldia beste batzuen kontra bakarrik eginaz. Entrenatzaileak aurrean egoten dira, baina ez daude makilarekin, nondik nora jo behar duzun esanaz. Besteetan azalpen gehiago dago. Hemen [Sherpako lehiaketetan] alde batetik bakarrik heltzen zaizkizu azalpenak, beste aldean ez baitago inor. Ohitu gabe zaudenean, dena da gaitzagoa.
Halere, minutu bat eta hamabost segundoren aldea atera zenion Uxue Ansorregi bigarrenari. Espero baino tarte zabalagoa izan al zen?
Ausartuko nintzateke baietz esatera. Sailkapenean sei segundoren barruan sartu ginen. Pentsatzen nuen estuago egongo zela, edo ez, neure burua ez nuelako irabazletzat ikusten. Galtzekotan ere ez nekien kristoren atzerapena edukiko nuen ala ez. Baina esan dudana, Maika lehen enborrean buelta hartzen ikusi nuenean, sekulako aldea kenduko zigula pentsatzen nuen.
Urtebete da aizkoran ari zarela. Iaz igandekoa kontatu izan balizute, zer erantzungo zenuke?
Ezinezkoa zela. Halere, argi dut: nik irabazi dut Sherpa. Ai Txapelketa Nagusia, baina badakit Euskal Herriko txapelduna Nerea Sorondo dela, eta gaur egun ez dagoela Nerea Sorondoren moduko emakumerik aizkoran. Hori argi eta garbi daukat, eta kontziente naiz horretaz.
Atzoko hiru partaideek hitz egin al zenuten saioaren amaieran? Zer ondorio atera zenuten?
Sekulako ikuskizuna izan zen, oso eskertuta gaude. Miribillan, hainbeste jende, argi horiekin... Bestelako ikuskizuna da, merezi duena. Pena ere eman zidan, Uxuerengatik [Ansorregi]. Uste dut agian pentsatzen zuela bestelako lan bat egingo zuela, beste denbora bat edo. Zapore gazi-gozoa da; nirekin entrenatzen da. Nik eskuratu nuen txapela, baina pena pixkat ere izan nuen, harengatik.
Egutegi betea edukitzen ari zara, etabeste txapel bat zakuratu duzu. Zureak ez du etenik.
Oso harrituta nago, jada ez dut sinesten. Lehen txapela datorrenean? Oso ondo. Bigarrena? Oso ondo. Ez dakit zelan esan: egutegia ez digute urte hasieran ematen, ez duzu prestatzen. Hau dator: «Karmele, datorren hilean ez dakit zer txapelketa?». Eta bale. Eta hurrengoan ere bale. Eta ez dakizu ezetzik esaten. Itolarri sentipen hori ere badut: urte amaierara arte badaude txapelketak, eta erakustaldiak. Asteburu denak beteta daude, eta atsedenerako gogo hori sentitzen dut. Pozik nago, baina behar dut.
Karmele Gisasola, 'Zelai III.'-a. Herri kirolaria
«Oso lasai pasatu nuen astea. Ez nuen presiorik jaustea nahi»
Aizkoran hasi eta urtebetera, Karmele Gisasola Zelai III.a Sherpa.Ai Txapelketa Nagusiko garaile izan da. Mallabiarrak jantzi du emakumezkoen lehendabiziko txapela, eta dio orain urtebete esan izan baliote «ezinezkotzat» lukeela aukera hori: «Pozik nago, baina atseden pixka bat behar dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu