Quique Dominguezek (Pontevedra, Galizia, 1961) hirugarren sasoiari ekingo dio Helvetia Anaitasunako entrenatzaile gisa. Baikor dago denboraldiaren inguruan.
Zer moduz dago taldea? Prest dago denboraldiari ekiteko?
Bai. Pozik nago denboraldiaurrean egin dugun lanarekin. Batetik, jokalariak oso ondo aritu dira; jarrera bikaina izan dute lan egiteko orduan, eta oso gogotsu jardun dira. Bestetik, sasoian jarri gara, arlo psikologikoa landu dugu, elkar ezagutu dugu, taldea egin dugu... Helburuak bete ditugu.
Iritsi berriak egokitzea da denboraldiaurreko egiteko nagusietako bat. Lau jokalari fitxatu dituzue: Joao Pinto, Xavi Castro, Julen Elustondo eta Ernesto Goñi. Ondo egokitu al dira?
Bai; oso pozik nago. Egokitzeko nahia erakutsi dute iritsi zirenetik, eta taldean zeudenek oso ondo hartu dituzte; batzuek ezagutzen zuten elkar. Lan handia egin dugu egokitzapena ahal den azkarren egiteko: zenbait jarduera egin ditugu elkarrekin, taldea egiteko. Horri esker, iritsi diren lau jokalariak ondo egokituta daude, oso konprometituta. Ez dugu bereizketarik egiten iritsi berrien eta aurretik zeudenen artean.
Zer espero duzue haiengandik?
Joao Pintok eskarmentu handia du ligan; zentzu handiz jokatzen du beti. Xavi Castrok, berriz, talentu handia du, gol sena, indarra, eta lehen lerroko edozein postutan joka dezake. Julen Elustondo, ordea, gehiago nabarmentzen da defentsan; postu ezberdinetan joka dezake, eta beti aritzen da indarrez. Azkenik, Ernesto Goñi 2,03 metro da luze, eta, horri esker, altuera eman diezaguke defentsan, eta urrutiko jaurtiketa erasoan. Gazteena da; beraz, hark du hobetzeko gehien.
Lehen lerroko jokalariak dira iritsi diren guztiak. Horrek taldearen jokamoldea alda dezake?
Ez. Jokamoldea ez da aldatuko. Are gehiago, fitxatu ditugun lau jokalariak gure jokamoldera egokitu daitezkeelako ekarri ditugu. Gure joko bizi eta dinamikoa egiteko jokalari aproposak dira. Espero dugu gure jokamoldea menderatu ahala asko lagunduko digutela.
Zein da denboraldiko helburua?
Ez dugu helburu jakinik. Ez du zentzurik pentsatzeak non ibiliko garen ekainean. Bidean jarri behar dugu arreta osoa, prozesuan. Hobetuz joan nahi dugu, gauzak finduz. Hori egin dugu sasoiaurrean. Anbizioa izan behar dugu, baina argi izanda talde bat egunero egiten dela.
Zer itxura hartzen diozu ligari?
Aurreko denboraldian muturreko parekotasuna egon zen, sekulako lehia. Itxura du sasoi honetan antzekoa gertatuko dela. Bartzelona egongo da goian, eta, gero, beste guztiak. Jardunaldi guztietan izango da ezustekoren bat edo amaieran erabakitzen den partidaren bat.
Baikor zara?
Bai. Lan handia egiten dugu taldeak hobera egin dezan; oso konstanteak gara, eta horrek emaitza onak ekartzen ditu.
ASOBAL LIGA. Quique Dominguez. Helvetia Anaitasuna taldeko entrenatzailea
«Oso konstanteak gara, eta horrek emaitza onak ekartzen ditu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu