Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Oso indartsu, eta hazita

Kolpe gogorra eman dio Rodriguezek Vueltari, Contador harrapatu eta gainditu ondoren hamalaugarren etapa irabazitaBien arteko kontua izango da itzulia, ia bi minutura baitaude Froome eta Valverde

Oso indartsu, eta hazita.
2012ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Inoiz baino indartsuago dabil Joaquim Rodriguez (Katuxa) Espainiako Vueltan. Erakutsia zuen hain ondo datozkion mendateetan, bi etapa irabazita. Baita erlojupekoan ere, elastiko gorriari eutsiz. Baina atzoko saioa beste kontu bat zen: mendiko etapa gogor bat. Teorian Alberto Contador (Saxo Bank) eta Chris Froomerentzat (Sky) egokiagoa. Kolpea, baina, kataluniarrak eman zuen, gogorra gainera. Hazita dabil Katuxakoa, eta beste erakustaldi bat eman zuen atzo Ancares gainean, hamalaugarren etapa irabazita.

Rodriguez eta Contador, bien arteko lehiatik aterako da itzuliko garailea. Indartsuenak izan ziren atzo, eta urrun dituzte gainontzeko faboritoak: ia bi minutura dira Froome eta Valverde. Erasoka astindu zituen denak Contadorrek. Froome geratu zen lehenik, Rodriguez eta Valverde gero. Baina liderrarekin ez dago fidatzerik, eta espainiarraren bila abiatu zen ziztu bizian, azken kilometroan sartuta. Etapa irabazteko astiarekin harrapatu zuen, eta aise nagusitu zen.

Banaka helmugaratu ziren txirrindulariak, hustuta. Saxo Banken erritmo biziak xahutu zituen denen indarrak. Contadorren garaipena zuten buruan, eta hasieratik kontrolatu zuten etapa. Azken igoera hasi eta berehala, astindu bortitza eman zion Rafal Majkak (Saxo Bank) tropelari. Froomek ere sufritu zuen taldean jarraitzeko. Majkak berak ireki zuen Contadorren eraso festa, hiru kilometro falta zirenean.

Saxo Bankeko ziklisten lanarekin, aukera gutxi zuten aurrekoek. Talde arriskutsu bat osatu zen aurrean, igotzaile handiekin: David Moncoutie (Cofidis), Amets Txurruka (Euskaltel), Alberto Losada (Katuxa), Dario Cataldo (Omega)... Losada izan zen ihesaldiaren bizia luzatu zuena. Beherakoan alde eginda, lasterketa buruan izan zen oilarrak mokoka hasi ziren arte.

Valverde izan zen Contadorren erasoei erantzuten bakarra. Rodriguezek nahiago izan zuen bere erritmoa hartuta aurrekoengana iritsi. Dani Moreno taldekidearen laguntza ere izan zuen. Ez zuten asaldatu Contadorren erasoek, ezta bi kilometro falta zirenean ere. Orduan jo zuen azkena espainiarrak, eta garaipenerako bidean zela zirudien. Baina distantzia neurtuta zeukan kataluniarrak, hankak indartsu eta burua konfiantzaz gainezka. Garaiezina izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.