Aritz Aduriz. Athleticeko jokalaria

«Oso identifikatua nago klubeko zuzendaritzak eginiko lanarekin»

Ez du aitzakiarik jarri Aritz Adurizek: «ez dugu maila eman sasoi honetan». «Ontzat» eman du Josu Urrutia buru duen zuzendaritzak egindako ekarpena. Aurrelari gazteentzat pazientzia eskatu du.

LUIS TEJIDO / EFE.
haritz gallastegi
Bilbo
2018ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Aritz Adurizek ez dauka Athleticen kapitainaren besokoa eraman beharrik taldean pisu handien duten futbolarien artean egoteko. Eskarmentua dauka, zelaian taldearen erreferentzia da erasoan, eta nortasun handia dauka. Autokritika egin du, eta onartu du taldearen denboraldia ez dela ona.

Espainiako Kopan gura baino lehenago kanporatuta, Europa ligan lanak amaituta eta Espainiako Ligan ia helburu barik, bederatzi jardunaldi falta direla. Zein hausnarketa egiten duzu horren guztiaren inguruan?

Hausnarketa erraza da: denboraldia ez da guk nahi bezalakoa izan. Europa ligan eta Kopan ez dugu neurria eman, eta orain liga baino ez zaigu geratzen. Partidaz partida joango gara ahalik eta ondoena amaitzeko. Ez diogu geure buruari helburu zehatzik jarri behar.

Zertan egin duzue kale?

Gauza asko egin ditugu gaizki. Jokalariak gara taldearen egoera txarraren erantzule nagusiak. Guk jokatzen dugu. Gauza asko falta izan zaizkigu sasoi guztian zehar, eta konponbidea aurkitu behar diegu txarto egindakoei.

Kuko Zigandak ez du zuekin asmatu, edo jokalariak ez zarete kapaz izan berak eskatutakoa behar den moduan egiteko?

Bietatik egongo da zerbait. Guztiok daukagu zer hobetu. Batetik, jokalariak ez gara gai izan zelaian gauzak behar bezala egiteko. Halaber, nik uste dut teknikariak ere ez direla gai izan eurak gura zutena taldeari transmititzen. Gauzak ondo zein txarto egiten direnean, denok gara egoeraren erantzule.

Athleticen zein haren inguruan denboraldi honetan min hartutako jokalari kopuru handiari garrantzi handia eman zaio. Zenbateraino baldintzatu dute taldearen ibilbidea lesio horiek?

Jokalariak osasuntsu izatea eta jokatzeko prest egotea oso garrantzitsua da, baina ez da aitzakia. Taldearen joko maila lesioek baldintzatu dutela esatea aitzakia da, eta nik ez dut halakorik egingo.

Zaleek jada ez dute euren haserrera ezkutatzen. Zenbait partidatan txistu egin diote taldeari. Olympique Marseillaren kontrako itzulikoaren amaieran nabarmen erakutsi zuten ez daudela taldearekin gustura. Zer sentitu zenuen orduan?

Niri asko gustatu zitzaidan Olympiqueren kontra erakutsi zuten jarrera. Lehian zehar ikaragarri lagundu ziguten. Asko bultzatu zuten, eta, amaitu zenean, kritika egin zuten. Eurek eman zuten iritzia guk pentsatzen genuenaren oso antzekoa zen orduan. San Mamesek asko ematen digu.

Hala ere, Athleticeko zaleari ez al zaio azkarregi ahaztu talde honek azken sasoietan eman dien guztia?

Ez gara gu hori esan behar dugunak. Belaunaldi honek oso ondo jardun du. Asko egin du. Lorpenen zerrenda hor dago. Hala ere, futbolean atzo egindakoak ia ez du ezertarako balio. Gizartearen isla da. Oso azkar bizi gara. Hori barneratzen ez badugu, jai daukagu. Zaleak momentuan bizi gura du. Inork ez diogu begiratzen iraganari.

Bada, orainak dio San Mamesera gero eta ikusle gutxiago joaten dela.

Zer pentsatu ematen du horrek. Ikusleen beherakadak lotura zuzena dauka taldeak sortu duen ilusioarekin. Jendeak zerbait behar du, eta denboraldi honetan ez diogu eman eskatzen duena. Taldeak ez die ez emaitzarik ez joko onik eman.

Ilusioa aipatu duzu. Zer egin behar da jarraitzaileak galdua duen grina berreskura dezan?

Lehen pausoa hurrengo partida irabaztea da. Sasoia ahalik eta ondoena amaitu behar dugu. Zaleak taldea irabazten ikusi gura du. Horrek ematen du indarra. Eta irabazteari joko ona gehituz gero, askoz hobeto.

Orain taldea osatzen duzuen futbolarion ardura da epe laburrean egoera iraultzea. Dena dela, aurrera begira taldea indartzeko premia ikusten duzu?

Athletic egoera onean dagoenean zein zailtasunak dituenean, ahalegindu behar da indartzen. Gorengo mailan lehiakorra izateagura duen taldeak etengabe aritubeharra du hobetzen. Espainiako Ligan gero eta diru gehiago dago, eta hori guretzat oztopo handia da. Gure mugak jakinekoak dira, baina hobetzeko ahaleginak egunerokoa izan behar du.

Espainiako Liga gero eta aberatsagoa izanik, Athleticentzat orain arteko bidea gaitza izan bada, hurrengo urteetan aldapa gogorragoa izango dela iritzi diozu?

Bai. Ez daukat kristalezko bolarik, baina itxura hori dauka. Talde guztiak dute diru gehiago, eta horrek aukera handiak ematen dizkie. Jokalariak fitxatzeko muga gehien dituen taldea Athletic da. Orain arte lehiatu da, eta argi daukat aurrerantzean ere lehia daitekeela, baina zailtasunak handitu egingo dira.

Askok diote jokalariak aldatu ezean taldeak hiltzeko arriskua duela. Athleticen argi eta garbi ikusten omen da hori. Ados zaude iritzi horrekin?

Aldaketak ezinbestekoak dira. Prozesu naturala da. Taldea zaharberritu egin behar da. Dauden jokalarientzat ere pizgarri da.Baina Athleticen gainerako taldeetan baino gaitzagoa da, aipatu berri dugun muga horiek direla medio. Talde guztietan dira beharrezkoak aldaketak, eta argi izan behar dugu inor ez garela betirako. Erosotasunetik ihes egin eta hobetzeko prest egon behar dugu. Kontu hauek emaitzak laguntzen ez dutenean hartzen dute indarra, baina sasoi onetarako ere berdin balio du.

Lehendakaritzarako hauteskundeak ate joka daude, eta hasiakdira lehen mugimenduak. Halakoek eraginik izaten dute taldearen egunerokoan?

Gustatuko litzaidake esatea taldeari ez liokeela eragin beharko. Profesionalak gara, eta kontu horiek alde batera lagatzeko gai garela erakusten ahaleginduko gara. Baina ez dakit lortuko dugun. Esperientziak erakutsi digu futbolaz gain egunero beste gauza batzuen gainean aritu izan garenean taldeak nabaritu egin duela. Emaitzek ere garrantzi handia dute egoera honetan. Taldea ondo baldin badago, ez du eragin handirik izaten, baina emaitzak laguntzen ez badute, kaltegarria izaten da. Gu gurea egiten ahaleginduko gara.

Presidente zein zuzendaritza ona al dauka Athleticek?

Nik bat egiten dut egungo presidente zein zuzendaritzarekin. Lan bikaina egiten ari dira. Athleticen pentsatuz eta Athleticen alde egiten dute lan. Kluba da euren lehentasuna. Lan bikaina egiten ari dira kirol arloan, ekonomikoan, zein gizartea mailan. Oso identifikatua nago zuzendaritzak egindako lanarekin.

Eta, zu, gustura zaude ematen ari zaren mailarekin?

Ez. Taldea fin ari ez denean eta emaitzek laguntzen ez dutenean, futbolari bat ezin da gustura egon. Norbera taldeak egiten duenaren azpitik dago, beti. Golak sartu arren, taldeak helburuak lortzen ez baditu ez du balio.

Gol asko sartu dituzu, nahiz eta taldeak sormen arazo handiak izan. Bakarrik sentitu al zara partida askotan?

Gol gutxi sartu ditugu. Hori ez dago ukatzerik. Estatistika hori hobetzeko erasoko jokoan erakutsitako gabeziak konpondu behar ditugu. Berba egin beharrean, zelaian hobetzea egokitzen zaigu.

Sasoi honetan ere asko ari zara jokatzen, baina etxetik kanpoko partidatan beste aukera batzuk ari da baliatzen entrenatzailea.

Teknikaria da nagusia, eta berak agintzen du. Talde bat gara, eta guztiok gura dugu jokatzea. Beraz, hark erabakitzen duena errespetuz hartu behar dugu. Nik partida guztiak jokatu gura ditut, baina nik baino gutxiago jokatzen duenak esango du ez daukatela kexatzeko arrazoirik.

37 urte dituzu, eta datorren urtean Athleticen jarraituko duzu. Jarri diozu zeure buruari futbola lagatzeko epe bat, edo urtez urte erabakitzeko asmoa duzu?

Kar-kar. Poliki-poliki noa. Epe laburrera begiratzen dut. Sasoi hau ondo amaitzen ahaleginduko naiz, eta hurrengoan ondo aritzeadut xede. Gero gerokoak.

Aurrelari petoekin arazoa dauka Athleticek. Ez daukazu ordezkorik. Baina ez da oraingo kontua. Azken lau hamarkadetako gabezia da. Epe horretan, Fernando Llorente eta zu izan zarete Lezamak eman dituen golegile bakarrak. Zergatik kostatzen da horrenbeste gol sena duten futbolariak irtetea?

Futbolean esan ohi da golak sartzea dela gaitzena. Golak sartzeko gaitasuna izatea ez da erraza. Gauza asko behar dira, eta, besteak beste, pazientzia behar da. Sarri ez da izaten. Ez dakit zein den sekretua. Baina jokalari erabakigarriak sortu behar ditu Lezamak. Athleticek duen filosofiarekin etorkizuna bermatzeko giltzetako bat izango da.

Berezkotik zenbat daukazue golegileok?

Nik golak sartzen ikasi egin dut. Gaztetan golegile sena banuen, baina denborarekin asko hobetu dut. Nik ikasi egin dut golegile izaten. Berezkoa behar da, baina gauza asko daude ikas eta hobetu daitezkeenak. Edozein unetan, gainera. Nik, egun, gauzak ikasten jarraitzen dut. Prest egon behar gara ikasteko eta hobetzeko.

Ezagutzen al duzu Gorka Guruzeta Athletic B-ko aurrelaria? Hamahiru gol sartu ditu 29 partidatan.

Athletic B-ren zenbait partidatan ikusi dut, baina ez dut larregi ezagutzen. Ondo hitz egiten dute bere inguruan. Pazientzia izan behar dugu, eta maila oneko futbolaria izateko bidea egiten lagundu behar diogu.

Badaukazu beste futbol bat ezagutzeko tentaziorik edo Athleticen amaituko da zure ibilia?

Niretzat, oso zaila da galdera hau erantzutea. Athletic da gehien betetzen nauena, eta ezinezkoa egiten zait Athletici ezezkoa ematea. Baina, bestalde, beste esperientzia bat ezagutzea oso aberasgarria izango zela uste dut. Etorkizunean bide bat edo bestea aukeratu, inoiz ez dut jakingo zer izango zen niretzat onena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.