Aimar Morgaetxebarria. Baikoko Pilotaria

«Oso harro nago orain arte egindako lan guztiaz»

Pertsona lasaia da Morgaetxebarria, eta hala bizi izan zuen larunbateko debuta profesionaletan. Gozatu egin nahi du, partidak jokatu, eta, ahal bada, Bigarren Mailako txapelketaren bat jokatu.

OSKAR MATXIN EDESA/ FOKU.
pettan uralde
2022ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Izar berri bat jaio da Zornotzan: Aimar Morgaetxebarria pilotaria (Zornotza, Bizkaia, 2002). Atzelari gazteak joan den larunbatean egin zuen debuta pilota profesionalean, hain zuzen, bere herriko pilotalekuan. Galdu egin zuen (22-13), baina ez du ahaztuko frontoia erabat bete izana eta senide eta lagunek eman zioten babesa. Datozen bi urtetarako kontratua du Baiko enpresarekin.

Nolakoa izan da debutaren esperientzia?

Debuta egiteko gogoz nengoen, baina nahiko lasai. Beroketak egiten ari nintzela, Mikeli [Urrutikoetxea] esan nion lasaiegi nengoela, eta tentsioan sartzen saiatu nintzen. Hala ere, lasai egon nintzen. Horrelako partidetan hankak gogortuak izatera ohituta nago, baina ez zen hala izan. Dena uste baino hobe joan zen.

Zer esan nahi zuen debuta Zornotzan egiteak?

Niretzat oso egun berezia izan zen, ez bakarrik debutarengatik, etxean egiteagatik baizik. Mundu guztiak zoriondu ninduen, lagunak eta familia etorri ziren eta pilotalekua lepo zegoen. Ez nengoen urduri, baina benetan ederra izan zen horrelako debuta izatea. Oso berezia izan zen dena.

Mikel Urrutikoetxea aitabitxi.

Apartekoa izan zen debuta harekin egitea. Mikelek behin esan zidan berarekin egingo nuela debuta, eta azkenean horrela izan da. Beti izan da erreferente bat niretzat, eta etxean beti egin dugu haren alde.

Baduzu beste erreferenterik?

Aimar Olaizola izan da beti nire idoloa. Aipatu bezala, etxean pilota zaleak gara, eta Aimar izena harengatik jarri zidaten; beti izan dut erreferente moduan. Baina, atzelaria naizenez, jokorako haiekin alderatzen dut neure burua. Horien artean, [Aritz] Laskurain gustatu izan zait txikitatik, eta, orain daudenen artean, [Jon] Mariezkurrena, [Jose Javier] Zabaleta...

Aldaketa handia nabaritu duzu afizionatuetatik profesionaletara?

Nahiko ondo sentitu nintzen, baina, hala ere, erritmoa askoz handiagoa da. Intentsitatea beste bat da, eta jokoa, fisikoagoa. Bestalde, pilotak biziagoak dira, eta gainera etortzen zaizkizu. Jokoari dagokionez, oso garrantzitsua da niretzat egindako akatsetan ez pentsatzea eta hurrengo tantoan zentratzea. Horretan hobetu behar dut aurrerantzean; oso garrantzitsua da.

Nola definituko zenuke zeure burua pilotari moduan?

Pilotari nahiko lasaia naiz, baina baita lehiakorra ere. Fisikoki, esango nuke beste aurkarien kolpeari eusteko gai naizela. Pilota ondo luzatzen dut, eta palanka handia daukat; abilezian ere hobetu dut. Modalitatearen inguruan, betidanik banaka jokatzea gustatu izan zait, buruz burukoan. Asko disfrutatzen dut binaka jokatzen ere.

Udan jaialdi ugari jokatuko dira. Baduzu esperantza horietan egoteko?

Badauzkat hainbat partida baieztatuta. Igande honetan, hain justu, Etxebarrin [Bizkaia] jokatu dut partida. Hurrengo ostiralean ere Andre Maria Zuriaren txapelketan egongo naiz; beraz, oso pozik nago alde horretatik. Ea uda amaierarako gehiago ditudan.

Prestatzaileek zer gomendio ematen dizkizute?

Gehienbat, lasai egoteko esaten didate. Iaz, lesiotik itzuli nintzenean, maila handia zegoen, eta gauzak lasai hartzeko esaten zidaten. Profesionaletan oso garrantzitsua da lasai mantentzea eta mentalki prest egotea. Ikasteko asko dut oraindik.

Bidea egitea ez da erraza izaten. Zurea nolakoa izan da?

Txikitatik nahiko ondo ibili naiz, baina momentu txar asko ere pasatu ditut: tartean, lesioak eta gaixotasunak. 2017an gaixorik egon nintzen, ospitalean eta gero etxean. Urte osoa galdu nuen, eta hutsetik hasi behar izan nuen. Hortik bi urtera txapel asko irabazi nituen. Lan asko egin nuen horretarako. Gerora ere gorabehera asko izan ditut: adibidez, urte hasiera honetan ere eskuetako mina izan nuen, eta konfiantza berreskuratu behar izan nuen.

Pentsatu duzu noizbait dena uztea?

Ez, pilotan jarraitzea da beti helburua. Gainera, beti izan dut etxekoen eta lagunen babesa. Beti eman dizkidate erraztasunak pilotan ibiltzeko, eta nire asmoa ahalik eta gehien ematea da.

Merezi izan du txikitatik pilotan jokatzeko egindako ahaleginak?

Dudarik gabe, oso harro nago egindako lan guztiaz, baina badakit asko geratzen zaidala aurretik. Arrakasta izatea ez da erraza; lan asko daukat egiteko. Badakit oraindik asko daukadala hobetzeko.

Nola gustatuko litzaizuke ikustea zeure burua etorkizunean?

Txapelen bat jantziz ikusi nahiko nuke neure burua, jakina. Hala ere, momentuaz disfrutatu nahi dut, eta ahalik eta txapelketa gehien jokatzea da helburua.

Ba al duzu helburu zehatzik urtea amaitu arte?

Nire helburua beti da partidak irabaztea, baina urtea amaitzerako erritmoa hartu nahiko nuke. Nire jokoa profesionaletara egokitu nahi dut, eta, zortea izanez gero, Bigarren Mailako txapelketaren bat jokatu.

Ikasi ere egiten duzu. Nola uztartuko dituzu biak?

Bai, egia da ikasten nabilela. Aurten klaseak arratsaldez izan ditut, eta entrenamenduak goizez. Ondo moldatu naiz. Hala ere, irailetik aurrera ez dakit zer egingo dudan; etxean hitz egin beharko dugu ea nola moldatu. Azkenean, profesionaltasunak ere dedikazio handiagoa eskatzen du, baina ikasketak ere garrantzitsuak dira, bizitza osorako baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.