Bereziak dira egun guztiak Jacobo Cuetararentzat (Ribadesella, Espainia, 1980). Bidasoa uztear dago, Irungo (Gipuzkoa) taldea zortzi urtez entrenatu eta gero. «Denei agur esaten ari naiz», dio.
Gaur ekingo diozue Espainiako Kopari, denboraldiko azken txapelketari. Prest zaudete?
Ez gaude sasoi onean; luze egin zaigu denboraldia. Lehen itzulian horrenbesteko aldea lortu eta gero, ez gara bete-betean aritu bigarrenean. Jokalari asko dauzkagu min hartuta. Halere, Kopan ez du axola ligan egindakoak. Oso pozik gaude txapeldunorde izan garelako; horri esker, Europan ariko gara. Ez dugu premiarik Kopan.
Aspaldi lortu zenuten helburua. Horren ondorioz, kosta egin zaizue tentsioari eustea?
Bai. Gainera, proiektu bat bukatzear dago. Baina, estutu behar izan dugunean, estutu egin dugu. Etxean sendo aritu gara. Kanpoan, ordea, gabeziak izan ditugu. Halere, jardunaldi baten faltan izan gara txapeldunorde.
Zein da helburua Kopan?
Pausoz pauso joatea. Ezin dugu harago begiratu; bestela, kalera joango gara. Ciudad Realen aurkakoak besterik ez digu axola.
Faboritoak zarete.
Faboritoak gara txapeldunordeak garelako, eta haiek Ohorezko B Mailan daudelako. Baina Asobal ligako hiru talde kanporatu dituzte. Ez da kasualitatea. Zerbait izango dute.
Irabazten baduzue, ziurrenik Bartzelona izango duzue aurkari finalerdietan.
Inork ez du Bartzelonaren adarretik joan nahi, baina tokatu egin zaigu. Gozatzera joan behar dugu. Azken txapelketa izango dugu elkarrekin, batzuek ez baitugu taldean jarraituko. Denboraldia biribildu nahi dugu.
Zu zara jarraituko ez dutenetako bat. Horrek berezi egiten du?
Bai. Oso bereziak dira azken egun hauek. Etxean jokatutako azken partida, adibidez, zirraragarria izan zen, ahaztezina.
Klubak duela urte erdi esan zuen ez zenuela jarraituko. Horrek barneratzen lagundu dizu?
Bai. Entrenatzaileok barneratua dugu noizbait norbaitek gurekin ez kontatzea. Garrantzitsuena da hori jakin eta gero ahalik eta lasterren suspertzea, eta aurrera begira jartzea.
Zer sentitzen duzu?
Nahasketa dugu etxean. Triste gaude, oso zoriontsu izan garelako hemen, eta jarraitzeko ilusioa genuelako. Baina, aldi berean, oso pozik gaude jendeak erakutsi digun maitasunagatik. Oso-oso aro berezia izan da, bai kirol arloan, bai arlo pertsonalean; gure bi semeak irundarrak dira.
«Gozatzera joan behar dugu. Azken txapelketa izango dugu elkarrekin, batzuek ez baitugu taldean jarraituko. Denboraldia biribildu nahi dugu»
Zortzi urte asko dira.
Bai, are gehiago entrenatzaile batentzat. Oso bereziak eta politak izan dira, film baten gisakoak: mugarriz mugarri aritu gara. Oso harro gaude egin dugun lanaz eta jaso dugun maitasunaz.
Kolpea izan zen jakitea ez zenuela jarraituko?
Bai, konturatu nintzelako egiten ari ginen lanaren zati batek ez zuela segidarik izango, ereindako gauza batzuk ez nituela jasoko, eta lanean ari nintzen jende askorengandik bananduko nintzela. Une zaila da, baina onartu egin behar da, eta aurrera jarraitu.
Taldea bikain ari zen. Horrek mingarriago egin zuen?
Ez. Nahiago dut horrela izatea, eta ez lanean ondo ari ez naizelako. Nahiago dut modu ederrean utzi, txapeldunorde izanda eta Europa ligako ligaxkarako sailkatuta; garrantzitsua da klubarentzat.
Kluba justua izan da zurekin?
[Denbora hartu du erantzuteko]. Espero genuen erabakia. Sasoi honetan izan zitekeen, edo hurrengoan. Baita aurrekoan ere. Gure lanean jarri genuen arreta. Gauza batzuk saihetsezinak dira. Ez zaio buelta asko eman behar.
Zer da hemen egindako denboraz gehien estimatzen duzuna?
Jendearen maitasuna, eta taldeari besteengandik bereizten dituen ezaugarri batzuk eman dizkiogula, bai jokoan, bai balioetan. Jendea oso islatuta sentitzen da taldeak dituen balioetan; oso harro dago taldeaz.
Zer esaten dizute taldeko kideek eta zaleek?
Tristura eta eskertza transmititzen didate, eta hori oso polita da.
Zein da izan duzun unerik onena?
Asko gogoratzen naiz 2018an Lleidan jokatu genuen Asobal kopaz. Bigarren izan ginen lehen itzulian, eta aurreneko aldiz aritu ginen azken fase batean. Finala jokatu genuen Bartzelonaren aurka. Gure zale asko joan ziren hara, eta gogoratzen dut haietako asko negarrez ibili zirela, nostalgiagatik; horrek arrastoa utzi zuen nigan.
Bigarren izan zineten sasoi horretan, eta Txapeldunen Ligan aritu zineten 23 urteren ostean.
Eta ligaxkan hamar partidetatik bakarra galdu genuen; azkena, ezer ez jokoan ez zegoela, sailkatuta baikeunden. Indartsu aritu ginen. Ahaztezina izan zen.
Alex Mozasek ordezkatuko zaitu, Torrelavegako entrenatzaileak. Zu, berriz, haren ordez ariko zara. Aukera ona da?
Bai. Goraka egiten ari den egitasmo bat da. Lau denboraldirako kontratua adostu dugu, eta horrek agerian uzten du konfiantza handia dutela nire lanean, eta nik bete-betean sinesten dudala egitasmoan. Ez da pauso bat gero beste bat emateko. Zuzendaritza, babesleak, zaleak, jokalariak... denak oso motibatuta daude. Erraztasunak ari gara topatzen jokalariak fitxatzeko; denek batu nahi dute. Itxura ederra du.
Etxera hurbilduko zara.
Proiektu hau beste nonbait izan balitz, joango ginen, baina pizgarri berezia da. Gertu izango ditugu familia eta lagunak. Eta Irun ere gertu dago. Etxea dugu hemen.
Arrotz egingo zaizu Bidasoaren aurka aritzea?
Bai. Oso berezia izango da.
Itxuraz, ez da asko aldatuko.
Urte askorako taldea utziko dugu: gaztea eta indartsua. Ziur arrakastak lortuko dituela.