Denbora daramate Japonian Iñigo Peñak (Zumaia, Gipuzkoa, 1990) eta Paco Cubelosek. Oso sasoi onean iritsi dira, eta domina dute helburu K2 kayak bikoitzeko mila metroko lehiaketan. Bihar hasiko dute lehiaketa, Euskal Herriko goizaldean (04:22). Sailkatuz gero, etzi goizaldean jokatuko dituzte finalerdiak eta finala.
Lehiatzeko prest zaudete?
Ilusio eta motibazio izugarria dugu; sekulako gogoa dugu. Jokoak urtebete atzeratu eta gero, olinpiar ziklo oso gogorra izan da. Desiratzen gaude bost urtean egindako lana erakusteko.
Sasoian zaudete?
Oso entrenamendu onak egin ditugu azken bizpahiru hilabeteetan; sentsazioak oso onak dira. Oso gorputzaldi ona dugu; sasoirik onenean iritsiko gara.
Buruz ere ondo zaudete?
Oso indartsu, konfiantzarekin. Badakigu gure maila emanez gero oso zaila dela guri irabaztea.
Erreferentzia batzuk oso onak dira: pandemiaren aurreko bi munduko txapelketetan zilarrezko domina lortu zenuten.
Horrek konfiantza handia ematen digu. Maila horretan lehiatzen bagara, domina lortzeko moduan izango gara.
Hala ere, Olinpiar Jokoen aurretik, Munduko Kopako Hungariako proban ez zineten finalean sartu. Kezkatzen zaituzte?
Denboraldi honetan bi garaitan egon behar genuen sasoirik onenean: alde batetik, Espainiako Federazioak Tokiora eramateko ontzia aukeratzeko antolatu zituen probetan; bestetik, Olinpiar Jokoetan. Munduko Kopa bi lehia horien artean jokatu zen. Bagenekien ez ginela sasoirik onenean iritsi.
Guk lortu genuen K2-1.000 ontzi batentzako lekua Tokiora etortzeko, 2019ko Munduko Txapelketako zilarrarekin, baina leku horiek ez dute izen-abizenik izaten; federazioarentzat izaten dira. Federazioak esan zuen azken orduan sasoirik onenean zegoen ontzia, bikotea, eramango zuela. Hautaketa proba batzuk jarri zituen apirilean. Sasoian egon behar genuen orduan, proba hori irabazteko eta behingoz Tokiorako lekuek gure izena izateko.
Zeintzuk dira faboritoak?
Alemaniarrak. Lehen postua lortu dute ia txapelketa guztietan. Alemaniarrez gain, Txekiar Errepublika, Australia, Hungaria, Frantzia, Italia...
Domina bat da helburua?
Bai. Rion bosgarren izan nintzen, eta diploma lortu nuen. Helburua domina bat lortzea da. Gai gara.
Nolakoa da pista? Arraunketakoak kexu ziren, haize handia egiten zuelako.
Pista oso irekia eta haizetsua da, baina denoi eragingo digu; ez da aitzakia. Espero dezagun kale guztietan berdin eragitea.
Bihar sailkatze estropadak eta final-laurdenak izango dira; etzi, finalerdiak eta finala. Bi orduko tartea baino ez da egongo estropada batetik bestera. Zuek ondo indarberritzen al zarete?
Bai. Bigarren eguna izango da gogorra, batez ere. Bi ordu horiek oso garrantzitsuak izango dira. Finalerdietan tartea lortu eta indar pixka bat gorde ahal izanez gero, asko nabarituko da finalean.
Paco Cubelos da piraguako zure kidea. Eskarmentu handia du. Zer eskaintzen dizu?
2017an hasi nintzen K2an Cubelosekin. Hasieratik oso emaitza onak lortu genituen, uste baino hobeak lehen urtean bertan: munduko marka hobetu genuen, eta Munduko Kopako proba asko irabazi genituen. Eduki dezakedan kiderik onena da. Zorte handia dut, eta lasaitasun handia ematen dit ontzian harekin joateak. Zehaztasun guztiak zaintzen ditu. Bikote polita egiten dugu.
Bakoitzak zer funtzio du ontzian?
Cubelos aurrean joaten da; bera da marka, eta berak ezartzen du erritmoa: zenbat arraunkadako erritmora joango garen, zein izango den estrategia... Estrategia aldez aurretik lantzen dugu entrenatzailearekin, baina Cubelos arduratzen da estropadan gauzatzeaz. Ni atzean joaten naiz, eta nire lana gehiago da potentzia, indarra egitea eta K2a bultzatzea. Biok bultzatzen dugu, jakina.
Zein izaten da zuen estrategia? Zer bide aukeratzen duzue mila metroak ahalik eta azkarren egiteko?
Estrategia oso garrantzitsua izaten da. Azkenean, mila metro dira, hiru minutu eta hamar segundo inguruko proba bat, eta askotan estrategia erabakigarria izaten da. Ezin zara luze edo motz geratu. Gu atzetik aurrera joaten gara: lehenengo 500 metroetan indarrei eusten diegu; 500 metroak pasatutakoan erritmoa azkartzen dugu pixkana-pixkana, eta 800 metrotan gaudenean, azken 200 metroetan, esprinta jotzen dugu.
Horixe egingo duzue Tokion?
Bai. Oso emaitza onak lortu ditugu estrategia horrekin; badakigu jendea azken metroetara oso justu iristen dela, haien estrategia oso esplosiboa izaten baita. Badakigu gure aurkariei azken 100-150 metroak oso gogorrak egiten zaizkiela, eta gu horraino indarrarekin iritsiz gero, pasatzeko aukera asko ditugu. Dominak azken metroetan erabakitzen dira.
Arraunkadak zenbatzeko gailua eramaten duzue, edo hori gabe ere badakizue zer erritmotan zoazten?
Daukagun eskarmentuarekin, sentsazioekin bakarrik une oro badakigu gutxi gorabehera zer erritmotan goazen. Badakigu irteeran 160 palakadara iristen garela; gero, lehen 500 metroetan, erritmoa 105-107ra jaisten dugu; 500 metroak pasatu eta gero, 110-112ra igotzen dugu, eta azken 200 metroetan 120-122 inguruan ibiltzen gara.
Lehiaketan inprobisatzen duzue? Estrategia aldatzen duzue kontrarioen lanaren arabera?
Ez. Gure markarik onena egitera joaten gara, eta gainerako guztiaz ahazten saiatzen gara. Guk badakigu 3.06-3.07ko denbora egiten badugu oso jende gutxik irabaziko digula. Beraz, berdin zaigu zer egiten duten aurkariek, helburua gure lana egitea da, gure kontzentrazioa ez galtzea. Gainera, zaila da aldatzea, ez dugu hitz egiten proban.
Ez duzue hitz egiten?
Ezin dugu! Ia bi arraunkada izaten dira segundoko; erritmo agonikoa da. Ia dena emanda joaten gara denbora guztian, arnasestuka... Ez dugu ez denborarik, ez gaitasunik hitz egiteko.
Tokioko Olinpiar Jokoak eta gero, lehiaketatik desagertuko da K2 ontziaren mila metroko lasterketa, eta 500 metrora pasatuko dute. Pentsatu duzu gero zer egingo duzun?
Ez, ez dut neure burua nahastu nahi etorkizunean pentsatzen. Urte hau oso garrantzitsua da; txapelketa garrantzitsua da, eta badakit nire sasoirik onenean iritsiko naizela. Ez dut arreta galdu nahi. Nire burua Tokion dago, ahalik eta emaitza onena lortzeko.
Tokioko emaitzak baldintzatuko du guztia: emaitza polit batek indarra ematen dizu kirolean beste hiru urtez jarraitzeko; emaitza kaskar batek etsipena eragiten du. Ikusiko dugu.
Tokio 2020. PIRAGUISMOA. Iñigo Peña. Piraguista
«Oso gorputzaldi ona dugu; sasoirik onenean iritsi gara»
Dominaren bat lortzeko hautagaiak dira Iñigo Peña eta Paco Cubelos K2-1.000 metrokoan. Sasoi onean iritsi dira, eta piraguista zumaiarrak dio beren lana ondo eginez gero aurrean ibiliko direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu