Iago Herrerin. Athleticeko atezaina

«Oso gogorrak izan ziren Celtaren partida osteko gaua eta biharamuna»

Okerrak oker, atezain bilbotarrak ez dauka batere asmorik jokatzeko daukan era aldatzeko. Ernesto Valverde entrenatzaileak aulkira bidaliz gero, natural hartuko du erabakia, eta ez du amore emango bere lanean.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
haritz gallastegi
Bilbo
2013ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Une latzetan ikusten da futbolarien nortasuna. Hala bada, Iago Herrerin gogorra da oso (Bilbo, 1988). Okerrak onartu, eta aurrera egiteko prest dago atezaina. Lehen Mailan jokatu dituen hiru partidak ez dira izan amestutakoak. Baina ez da kikildu. Naturalnatural onartu ditu kritikak.

Zein gorputzaldi utzi zizun San Mames berrian jokatutako lehen partidak?

Arlo pertsonalean ez nintzen oso gustura geratu. Taldeak irabazi egin zuen, eta hori da garrantzitsuena, baina, nire lanari erreparatuz gero, lehenbailehen ahaztu gura dudan lehia izan zen. Okerretatik ikasi egiten dela esan ohi da. Bada, hala izan bedi. Niri dagokidanez, zapore garratzeko partida izan zen, baina, izan genuen giroagatik eta lortutako garaipenagatik, oso gozoa.

Loa kendu al dizu egin zenuen norgehiagoka eskasak?

Behin eta berriz aztertu ditut jokaldi erabakigarriak, eta futbolean ohikoak diren jokaldietan egin nuen kale. Egoera horiek kontrolpean izaten ditut, eta, beraz, min handia eman zidan huts egin izanak. Baina atezainok badakigu zer dagoen. Oso gogorrak izan ziren partida ondorengo orduak eta hurrengo eguna.

Egoera gaitzei aurre egiten jakiteak izan behar du gorengo mailan ari den atezain baten dohain nagusietako bat. Zuen postua berezia da, eta denerako egon beharra dago prest.

Sekulako partida egin eta azken minutuan huts egiten baldin badugu, jokaldi hori baino ez da aintzat hartzen. Hala ere, ez da aitzakia. Argi dago Celtaren aurka egin nituen okerrak larriak izan zirela. Egindakoari aurre egin eta hobetzen ahalegintzea da egin behar dudana.

Partida berezia izateak eragina izan zuen zure jokoan?

Ez. Ilusio handia nuen jokatzeko, baina nik beste edozein lehia bezala prestatu nuen. Ezohiko hutsegiteak izan ziren. Dena dela, uste dut ez nuela penaltirik egin. Eta irteera batean hutsegitea ere ez da horren arraroa. Gainera, ausarta naizelako heldu naiz nagoen tokira. Beraz, orain ez naiz erotuko bi okerrengatik.

Zaleek ez zaituzte gurutziltzatu. Lehen urratsak egiten ari zara gorengo mailan, eta bazkideek eta taldekideek ere babesa eman dizute.

Aldagelan sartu bezain laster taldekideek esan zidaten hobe dela ausarta izateagatik kale egitea kikiltzeagatik baino. Denek eman zidaten babesa. Hala ere, jota itzuli nintzen etxera. Nik egin nituen hutsak. Egunak pasatu ahala askoz ere animatuago nago.

Iraizozekin lehiatzeko berreskuratu zaitu Athleticek. Eta lortu duzu. Denbora gutxian titular izatea lortu duzu. Harrituta?

Ez nuen uste horren azkar izango nuenik Athleticeko atea zaintzeko aukera. Entrenatzaileak nire aldeko apustua egin zuela jakinarazi zuenean ezustean hartu ninduen. Esan gabe doa ilusio handia egin zidala. Nigan konfiantza zuela eta gustuko zituen dohainak ikusi zizkidala esan zidan. Niretzat oso garrantzitsua da Valverderen konfiantza izatea. Egin dudan lan guztiak zerbaitetarako balio izan duela erakutsi dit erabakiak.

Zer esan zizun teknikariak partida ostean?

Ez kikiltzeko. Baina ez dauka ezer esan beharrik. Nik badakit zertan egin dudan huts, eta Aitor Irurekin aztertu ditut egoera guztiak—Athleticeko atezainen entrenatzailea—.

Celtaren aurka egindako hutsegiteen eraginez aulkira joango zarela uste duzu?

Baliteke. Hala ere, ez dut uste entrenatzaileari kale egin diodanik. Aulkian egotea egokitzen bazait, onartu egingo dut. Lanean jarraituko dut beste aukera bat izateko.

Gazteentzat jarraitutasuna ezinbestekoa dela esan ohi da. Gaztea eta atezaina izanda, are eta garrantzitsuagoa?

Bigarren Mailan izan dut jarraitutasuna. Egia da bi mailen artean alde handia dagoela. Ez dut behar izan inoren laguntzarik horretaz konturatzeko. Aurreko sasoian erraz iristen nintzen baloietara ailegatzeko zailtasunak izan ditut sasoi honetan. Baina gauza horiek ezin dira entrenatu. Izan ere, lan saioek ez dute zerikusirik partida ofizialekin. Jarraitutasuna eta patxada dira gauza horiek ikasteko errezetarik onenak.

Zale askok ez zaituzte ezagutzen. Nolakoa da atezain gisa Iago Herrerin?

Irteera eroak egiten dituena naiz [barrez]. Atezain ausarta naiz, baina askotan gehiegi arriskatzen dut, eta ordaindu egiten dut. Ez naiz ikusgarria, eta esango nuke atepean geratu behar diren erremateak gelditzen ditudala. Taldeari segurtasuna ematen ahalegintzen naiz.

Gazteagoa zinenean pisuarekin arazoa zenuela esaten zen. Konpondu al duzu gabezia hori?

Beti izan dut arazoa pisuarekin. Entrenatzaileek dohain onak nituela esaten zidaten sarri, eta pisua zainduz gero futbolean bidea egiteko aukera izango nuela. Janaren kontua serio hartu nuen, eta horri esker lortu nuen hobetzea. Gaur egun ez daukat inolako arazorik.

Zein atezain duzu gustuko?

Atezain askoren jokoari erreparatu diot, noski, baina gustukoen izan dudana Iker Casillas izan da. Goiko jokoan gabeziak ditu, bai, baina, gainerakoan, atezain osoa da.

Zu kritiken jomugan egon zara azken egunotan, baina taldearen jokoak ere badauka zer hobetu.

Laugarren jardunaldian gaude oraindik, eta bederatzi puntu irabazi ditugu dagoeneko. Egin genuen denboraldi-aurrearen ostean inor gutxik pentsatuko zuen horren ondo hasiko ginenik. Etorriko da joko ona.

Astelehenean Espanyolen etxean jokatuko duzue. Javier Aguirrek taldearen ardura hartu zuenetik oso lan ona egiten ari dira kataluniarrak.

Espanyolen partidetako bideo batzuk ikusi ditugu, eta argi dago aurkari gaitza izango dela. Bolada onean gauden talde bi lehiatuko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.