Laboral Kutxako txirrindularia

Ane Santesteban: «Oso gaizki pasatu dut, baina ilusioz nago berriro»

Laboral Kutxaren iazko urte itzelak alde ilun bat izan zuen: Santestebanen ezina. Osasun arazoek sufrikarioa eragin zioten, eta gelditu beharrean izan zen. Argitu du ondoeza zerk sortzen zion, ordea, eta jada ez du minik. «Irrikaz» dago berriz lehiatzeko.

Ane Santesteban txirrindularia, MARKEL BAZANBIDE
MARKEL BAZANBIDE
enaut agirrebengoa
2025eko urtarrilaren 14a
05:05
Entzun

Nahi eta ezin aritu zen iaz Ane Santesteban (Errenteria, Gipuzkoa, 1990). Taldeburu izateko fitxatu zuen Laboral Kutxak, baina gorputzak ez zion lagundu; min zuen bizkarrean eta hanketako giharretan, eta abuztuan bukatutzat eman behar izan zuen denboraldia, Frantziako Tourrean aritu ondoren. Gaizki zegoen, eta ez zekien zergatik. Hori zen okerrena. Bada, probaz proba ibili ondoren, argitu du zerk eragiten zion mina: obarioetako batean duen kiste batek. «Tratamenduarekin hasi naiz, eta, kistea oraindik ere hor dagoen arren, jada ez dut minik». Horiek horrela, arreta bizikletan jarria du berriz ere. Altean izan da egunotan (Herrialde Katalanak), taldearen egonaldi batean.

Behin denboraldia hasita, sakabanatu egiten zarete txirrindulariak. Taldekide guztiak batera egotea da egonaldien alderik onena?

Onenetako bat bai, behintzat. Bestela, taldekide batzuk ez ditugu ia ikusi ere egiten tarte horretan. Egonaldietan, denok elkarrekin egoten gara, eta entrenamenduak ere batera egiten ditugu. Oso baliagarria izaten da, denok elkar ezagutzen baitugu, eta horrek eragina du talde barruko giroan.

Eta oraintxe, zer giro duzue talde barruan?

Oso gogotsu gaude. Iruditzen zait talde oso polita dugula. Egun hauetan txirrindulari berriekin hitz egiteko aukera izan dut, eta oso pozik daude denak. Ikusi dute ez gaudela World Tourreko talderik handienen pare, baina proiektu berezia dugula, eta familia baten modukoak garela. Denon hurbiltasuna nabaritu dute.

Lehen lasterketetarako ere ez da asko falta. Zer moduz zaude, denboraldi hasierari begira?

Nik urtarrilaren 19an hasiko dut denboraldia, Almerian, eta gero, otsailean, Valentzian ariko naiz. Iaz baino lasaiago hartuko ditut lehen lasterketak. Aurreko denboraldia nahiko goiz bukatu nuen, eta geldialdi nahiko luzea egin behar izan dut, izandako osasun arazoak konpontzeko. Urtea poliki hasiko dut, baina bete-betean egon nahiko nuke maiatzeko etxeko lasterketetan.

Iazko abuztutik zaude lehiatu gabe. Tourra bukatu, eta ikusi zenuen gelditu beharra zenuela. Lasterketen falta sumatu duzu?

Izugarri, eta sekulako gogoa dut berriz ere lehiatzen hasteko. Oso luze egin zait itxaronaldia, eta gaizki pasatu dut. Orain, ordea, oso motibatuta nago denboraldia hasteko. Egonaldian taldekideekin hitz egin eta entrenatu ostean, areagotu egin zait hasteko irrika.

Osasun arazoek erabat baldintzatu zintuzten joan den denboraldian. «Amesgaiztotzat» jo zenuen sare sozialetan. Sufrimendu fisiko eta mentalaz hitz egin zenuen.

Oso urte gogorra izan zen arlo pertsonalean. Apirilera arte nahiko ondo egon nintzen, baina gaixotu egin nintzen Belgikan, eta, hortik aurrera, okertu egin zen dena. Bizkarreko minekin hasi nintzen, eta ezkerreko hanka ere ez neukan ondo. Asko sufritu nuen. Dena perfektu egiten ari nintzen, bai entrenamenduen eta bai elikaduraren aldetik. Baina lasterketetan gaizki sumatzen nuen neure burua, behin eta berriro. Buruz, oso gogorra da hori. Orain, ordea, badakigu zein den arazoa, tratamenduarekin hasi naiz, eta ziur nago aurtengo denboraldia desberdina izango dela.

Eta zek eragiten zizun ondoeza, jakin badaiteke?

Ikusi dute kiste nahiko handi bat dudala eskubiko obarioan. Tratamenduarekin hasi naiz, eta, kistea oraindik ere hor dagoen arren, jada ez dut minik. Lunbarretan min handia nuen, eta uste nuen dena bizkarretik zetorrela. Erresonantzia bat egin, eta bizkarrean dena ondo zegoela esan zidaten, ordea. Ezinezkoa zen, ni minez bainengoen oraindik. Azkenean, buelta asko eman eta gero, argitu genuen zein zen benetako arazoa. Kiste bat izatea ez da ona, baina lasaitu egin ninduen ondoeza nondik zetorkidan jakiteak.

Taldea esne mamitan zebilen bitartean, sufrikarioa izan zenuen zuk. Kontraste hori nola kudeatu zenuen emozionalki?

Oso ondo eraman dut, egia esan. Taldekideen garaipenak nireak balira bezala sentitu ditut. Azkenean, talde honetan bi zeregin ditut: emaitza onak lortzen ez ezik, atzetik datozen neskei laguntzen ere saiatzen naiz, urte hauetan ikasi dudana erakutsiz. Hori horrela, poz handia eta aurrera jarraitzeko indarra eman zizkidan, adibidez, Usoak [Ostolaza] emandako mailak.

Nolakoa izan da hilabete hauetako prozesua? Eta noiz hasi zinen berriro bizikletan?

Hasieran, zenbait astez atseden hartzea erabaki nuen, horrek on egingo zidalakoan. Baina kirolik egin ez arren, minez nengoen etxean ere. Irailean medikuak deitu zidan, eta esan nion oraindik gaizki nengoela. Ez zen normala. Gauzak argituz joan ziren, eta urri erdialdean hasi nintzen berriz ere entrenatzen. Ordu asko pasatu ditut bai errepidean bai gimnasioan. Giharra berehala galtzen da, eta lan asko egin behar izan dut. Xehetasun guztiak zaindu ditut negu honetan, eta orain indartsu sumatzen dut neure burua datorrenari begira. Oso gaizki pasatu dut, baina ilusioz nago berriro.

Hutsetik hasiko zara orain. Zer helbururekin?

Gozatzea izango da garrantzitsuena. Eta taldekideekin dena ematen saiatuko naiz lasterketetan. Garaipen bat lortzea gustatuko litzaidake.

«Konfiantza handia dut talde honengan, eta ziur nago World Tourreko lizentzia lortuko dugula»

Taldearentzat aparta izango litzateke zu berriz sasoi betean ibiltzea, World Tourreko lizentzia egongo baita jokoan.

Konfiantza eta lasaitasuna transmititu dizkidate taldean. Ziur daude nire maila berreskuratuko dudala. Garbi zuten arazo bat nuela. Espero dugu aurten dena bestelakoa izatea. Taldeak erronka handia du, eta ekarpena egiten saiatuko naiz. Hobera goaz urtetik urtera, eta ziur nago iritsi diren txirrindulariek are gehiago indartuko gaituztela. Batzuek eskarmentu handia dute World Tourrean, eta hori oso garrantzitsua izan daiteke. Konfiantza handia dut talde honengan, eta ziur nago World Tourreko lizentzia lortuko dugula.

Euskal Herriko talde bat World Tourrean, nork esango zizun hori orain dela urte batzuk.

Amets bat da. Nik 11 urte eman ditut kanpoan, hemen ez baikenuen gorenean izateko aukerarik. Itzela izango litzateke etxeko talde batekin urrats hori egitea; lortzen badugu, gustura erretiratu naiteke.

Dagoeneko 16 urte daramatzazu UCIren mailan lehiatzen. Atzera begiratuta, zer ikusten duzu?

Txirrindularitza asko aldatu dela, baita neroni ere. Atzerrira ateratzeak arrastoa utzi dit. Era berean, beti eskertuta egongo natzaie Debabarrena eta Bizkaia-Durango taldeei; lan handia egin dute urte luzez, eta haiek gabe, ez nintzatekeen gaur hemen egongo. Bidean zenbait oztopo izan dut, baina ataka zailetatik indartsuago atera naiz, eta asko ikasi dut.

«Oso gertu ikusten dut nire kirol ibilbidearen bukaera: hurrengo urtea izango da azkenekoa»

Lourdes Oiarbidek erretiroa hartzea erabaki zuen iazko sasoiaren amaieran. Zure ibilbidearen bukaera ere gertu ikusten duzu?

Oso gertu, bai [barrezka]. 34 urte ditut, eta hasieratik garbi nuen talde honetan erretiratu nahi nuela. Niretzat amets bat da hainbeste urteren buruan etxeko talde batera bueltatzea, eta nire kirol ibilbidea hemen bukatzea.

Datorren urte amaieran amaituko zaizu kontratua. Hor dago helmuga zuretzat?

Bai, hurrengo urtea izango da azkenekoa. Bukatu aurretik, garaipen bat lortu nahiko nuke; aukeratu ahal bada, Euskal Herriko Itzulian. Eta noski, Laboral Kutxa World Tourrean utzi nahiko nuke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.