Xabi Etxeita. Athleticeko jokalaria

«Oso egoskorra naiz»

Une gaitzak izan ditu Xabi Etxeitak, baina ez du Athletic lagatzeko tentaziorik izan, «nahi duen tokian» baitago. Sevilla eta Reala indartsu ikusten ditu, baina laugarren postua euren esku dagoela dio.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
haritz gallastegi
Bilbo
2014ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Asteko izen nagusietako bat izan da Athleticen Xabi Etxeitarena (Zornotza, Bizkaia, 1987). Ia liga oso bat itxaron behar izan du jokatzeko, baina elastiko zuri-gorria defendatzeko prest dagoela erakutsi zuen joan zen astelehenean, Valentzia Hirian. Levanteren aurka egin zuen lan onak Malagaren aurka ere jokatzeko aukera eman diezaioke.

Sasoiko lehen partida jokatu zenuen Valentzian,garaipen garrantzitsua lortu zuen Athleticek, eta, bide batez, laugarren postua sendotu. Neurketa perfektua izan zen zuretzat.

Dena irten zen ondo. Niretzat zein taldearentzat, partida garrantzitsua izan zen. Niri gauzak ondo atera zitzaizkidan, eta taldeari ere bai. Astelehen borobila izan zen.

Taldeak asko zuen jokoan, baina zuretzat ere konpromiso handiko neurketa zen.

Bai. Denbora asko egon naiz jokatu barik, eta ez zen erraza asmatzea nola jokatuko nuen. Neure buruan konfiantza daukat, eta ondo prestatu nuen norgehiagoka. Kontzentratuta jokatu nuen. Zorionez, ondo atera zen.

Ia zortzi hil egon zara aukeraren zain. Inor gutxik espero zuen horrenbeste itxaron beharko zenuela jokatzeko. Eta gutxien zuk, seguru.

Ez egin zalantza. Ia lau urte kanpoan egon ondoren, ilusioz gainezka itzuli nintzen. Eta taldetik atgeratzea ez da inoren gustukoa. Hala ere, egoera horiei aurre egiten ere jakin egin behar da. Ikasteko baliatu behar da, eta aurrera egin. Ondo entrenatzen ahalegindu naiz. Ez, ez da egoera samurra.

Asteak joan eta asteak etorri, batean aulkian eta bestean harmailan… Asko sufritu duzu?

Gogorra da. Futbolariok jokatzeko egiten dugu lan. Baina aukerarik ez dagoenean, ahal den neurrian taldeari laguntzea izaten da profesionalaren xedea. Astero jokatzen dutenek zein bigarren mailan egotea egokitu zaigunok taldea aurrera ateratzeko egin dugu behar.

Zer falta izan zaizu Ernesto Valverderen konfiantza izateko?

Ez dakit zer falta izan zaidan. Ni ondo entrenatzen ahalegintzen naiz, eta teknikariak gura duenerako prest egoten naiz. Entrenatzaile bakoitzak bere gustuak ditu. Gainera, gauza batek funtzionatzen duenean ez da ezer aldatzen. Agian, beste erabateko lan saioak egin izan banitu… ez dakit, ni lehen egunetik zintzoa izaten ahalegindu naiz. Hortik aurreranagusiak erabaki dezala.

Jokatzeko aukerarik ez zenuela aintzat hartuta, amore emateko gertu egon zara? Hau da, berriz ere maletak egiteko tentazioa izan duzu?

Ez. Nik beti izan dut buruan Athleticen jokatzea eta taldeari laguntzea. Naiz eta talde garrantzitsu batzuen eskaintzak eduki, beti izan naiz Athleticeko jarraitzailea, eta, beraz, klubaren deia jaso nuenean, ez nuen zalantza egin. Horrek ez du esan gura txarto pasatu ez dudanik. Maletak egiteko gertu egon naizen? Ez. Pozik nago etxean, eta ilusio handiz jarraitzen dut.

Beraz, itzuli izanaren damurik ez daukazu.

Inolaz ere ez.

Zer eman diezaiokezu taldeari jokalari guztiok eskatzen duzuen jarraitutasuna izanez gero?

Oso egoskorra naiz, eta ez dut amore ematen. Kontzentrazioa izan daiteke nire dohain nagusietako bat. Taldeari arlo guztietan laguntzen ahalegintzen naiz. Geldikako jokaldiak ere gustuko ditut.

Orain arte ez duzu gura adina gozatu, baina taldearen ibilbidearekin ezingo zara kexatu. Laugarren postua eskura daukazue.

Ligaren azken txanpan egoteko alde polita daukagu. Gure esku dago Txapeldunen Ligarako sailkatzea. Hiru bat partida irabazi beharko ditugula uste dut. Beraz, pausoz pauso joatea izango da onena, baina ezin da ukatu egoera onean gaudela. Gehiegizko konfiantza lagun txarra da, baina astelehenean Malaga mendean hartuz gero, atzetik dauzkagun taldeek nekez hartuko digute aurrea.

Sevila, Reala, Vila-real edo zuen burua da zuen aurkari nagusia?

Gure aurkari nagusiak aurrean izango ditugun taldeak izango dira. Guk gurea egiten baldin badugu, berdin da zer egiten duten borrokan ari diren gainerako taldeek. Sevilla eta Reala indartsu ikusten ditut, baina talde txuri-urdinak gainditzen baldin bagaitu, guk lan oso txarra egin dugun seinale izango da. Gurean pentsatu behar dugu.

Zein da Athleticen denboraldi bikainaren sekretua?

Faktore asko daude. Athletic familia bat da, eta horrek asko laguntzen du. Eta badakit zertaz ari naizen. Horrez gain, Valverderen ekarpena aipatu behar da. Halaber, arlo fisikoan eman dugun maila eta taldekideen kalitatea aipatuko nituzte.

Bukatze aldera. Hamaikagarren asteleheneko aurkaria Malaga izango da. Azkenaldian garaipen garrantzitsuak lortu ditu.

Begi bistakoa da iaztik ona indarra galdu duela. Jokalari asko aldatu ditu. Baina, behetik gora dator. Gu orain arte emaitza ona eman digunari jarraipena ematen ahaleginduko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.