Realeko jokalaria

Lucia Rodriguez: «Oso bizkor eta ondo ari gara barneratzen teknikariaren ideiak»

Bigarren aldia du Realean. Ilusioz dago elastiko txuri-urdinarekin berriro partida ofizial bat jokatzeko. Uste du Donostian egin zituela bere ibilbideko urterik onenak.

ANDONI CANELLADA / FOKU
ANDONI CANELLADA / FOKU
ainara arratibel gascon
Zubieta
2024ko irailaren 5a
05:05
Entzun

Euria ari du, eta azken bi urteak Sevillan eman dituenez, Lucia Rodriguez Realeko jokalariak (Madril, 1999) onartu du oraindik ez dela ohitu berriro ere Euskal Herriko girora. Gainontzean, zoriontsu ikusten zaio, eta gogotsu larunbatean ligari ekiteko. Talde txuri-urdinak Sevillaren kontra jokatu du (20:30, GOL). 

Zer pentsatu zenuen Realak bueltatzeko eskaintza egin zizunean?

Ez nuen zalantzarik egin. Oso erraza izan zen bueltatzeko erabakia hartzea. Banekien nolako ahala zuen taldeak, eta uste dut, Jose Luis [Sanchez Vera entrenatzailea] iritsita, taldeak beste urrats bat egin duela aurrera lehiakortasunaren ikuspegitik. Gainera, hemen oso zoriontsu izan nintzen.

Duela hiru denboraldi joan zinen. Aldaketa handia antzeman duzu?

Uste dut klubak urrats sendoak eta egokiak egiten jarraitu duela taldearen profesionalizazioaren bidean. Baldintzak hobetu egin dira, eta Z7 zelaian egiten ari diren obrak horretan jarraitzeko apustu garbia dira. Azpiegitura hobeak izango ditugu horri esker. Bestalde, ni joan nintzenean, oraindik ere astean bitan arratsaldez entrenatzen zen. Orain, aldiz, beti goizean. 

«Ni joan ondoren, klubak urrats sendoak eta egokiak egiten jarraitu du taldearen profesionalizazioaren bidean. Baldintzak hobetu egin dira»

Larunbateko partida berezia izango da zuretzat. Batetik, lehen partida ofiziala jokatuko duzu Realera itzuli eta gero, eta, bestetik, aurrean zure talde ohia izango duzue, Sevilla. Nola zaudete bai zu, bai taldea?

Oraingoz, sentipenak oso onak dira. Denboraldiaurrea oso ona izan da, eta Sevillaren aurka izateak are bereziagoa egiten du. Gogo handiz nago jokatzeko eta berriz ere Realaren elastikoa janzteko partida ofizial batean. Pena da lehen hiru jardunaldiak etxetik kanpo jokatu behar izatea obrengatik; Z7 zelaian berriz jokatzeko ere irrikaz nago.

Emaitzei erreparatuta, behintzat, denboraldiaurrea ezin hobea izan da. Ez duzue partidarik galdu, eta aurreko igandean Euskal Herria Kopa irabazi zenuten Athleticen kontra. Konfiantza emango dizue horrek guztiak, ezta?

Bai, garrantzitsua zen denboraldiaurrea ona izatea, hainbat jokalari berri iritsi garelako taldera, baita entrenatzailea ere. Emaitzetatik harago, inportantea zen entrenatzaile berriaren ideiak barneratzea eta ulertzea, baita gure artean ondo egokitzea ere. Gauza asko eraikitzen ari gara oraindik, baina irabazteak bide horretan urratsak egiten laguntzen dizu. Gainera, aurkari ezberdinen kontra jokatu dugu, eta, horri esker, gauza desberdinak landu ahal izan ditugu. 

Denboraldiaurrean zer egin du ondoen taldeak?

Oso bizkor eta ondo barneratu ditugula teknikariaren ideiak, eta ondo entrenatu garela, gero gai izan baikara horiek zelaian erakusteko. Haren jokatzeko era exijentea eta intentsitate handikoa da, batez ere baloiarekin protagonista izan nahi duelako, eta baloia atzetik atera. Hori izango da gure ezaugarri nagusia. Nataliarekin [Arroyo] jada hori egiten zen, eta taldeak hala jokatzeko jokalariak ditu. 

Nabarmentzekoa da baloia atzetik ateratzeko orduan hartzen duzuen arriskua. 

Bai, eta kontziente gara. Baina, aldi berean, badakigu horrek zer abantaila dituen. Izan ere, ondo egiten baduzu, eta aurkariaren presio hori gaindituz gero, erasoan ia hiru hiruren aurka aritzen zara, eta aurrean eta zelai erdian jokalari erabakigarriak ditugu. Oraindik gauza asko ditugu fintzeko arlo horretan. Baina bide onetik goaz.

«Kontziente gara baloia atzetik ateratzean hartzen ditugun arriskuez, baina, aldi berean, badakigu horrek zer abantaila dituen»

Multzoaz zein ezaugarri nabarmenduko zenuke?

Oso multzo langilea da, ikasteko prestasun handia duena eta gogo handia daukana gauzak ondo egiteko. Proiektu berri bat hastearen ilusioa nabari da, eta uste dut hori pizgarri bat izango dela, eta hasiera honetan asko lagunduko digula. Errendimenduan antzemango da hori. 

Eta teknikari berriaz, zerk sortu dizu arreta?

Oso ondo ezagutzen gaituela, eta badakiela jokalari bakoitzarengandik onena nola atera. Oso erraza da jakitea zer nahi duen eta zer ez, eta partida bakoitza oso ondo prestatzen du. 

Zein helburu izan behar du taldeak sasoi honetan?

Aurreko denboraldiko zortzigarren postua hobetzea. Oso lan ona egiten ari zen, baina Txapeldunen Ligarako sailkatu eta gero, ez zen lortu segida bat ematea. Zortzigarren postu hori hobetzea proiektu berri hau egonkortzen eta sendotzen joateko aurrerapauso bat litzateke. Ikusiko dugu zer gertatzen den, lehen zortzi postu horietan egoteko hautagai diren beste hainbat taldetan ere aldaketa handiak izan baitira: Sevillan, Levanten...

Realari bi denboraldi biribil egitea falta zaio. Ez du lortzen. Zer egin behar du horretarako?

Ez da erraza galdera hori erantzutea. Baina uste dut proiektuari segida ematea, egunerokoan ondo lan egitea eta exijentzia mailari eustea.

Zuri erreparatuta, ohikoa ez den postu batean jokatu duzu denboraldiaurrean: erdiko atzelari postuan. Hegalean aritu izan zarela kontuan hartuta, nola ikusi duzu zeure burua hor?

Noizbait jokatu izan dut bertan: adibidez, 19 urte azpiko Espainiako selekzioan aritu nintzenean. Beraz, ez da guztiz berria. Baina gustura ari naiz bertan, eta edozein tokitan beti nago taldeari laguntzeko prest, nahiz eta, ziurrenik, ez naizen erdiko atzelari bat bezain sendoa, eta jokatzeko eran gauza batzuk aldatu behar ditudan. 

Azken hiru urte hauetan zertan aldatu zara?

Uste dut heldu egin naizela pertsona eta futbolari moduan. Hona iristean, dena ondo joaten ari zitzaion jokalari gazte bat nintzen. Orain, berriz, multzoko helduenetako bat naiz. Urte hauetan bestelako esperientzia batzuk bizi izan ditut, futbolaren beste aldea ezagutu dut, eta horrek eragina izan du gauzak ikusteko dudan moduan.

Denboraldiaurreko partidaren batean kapitainaren besokoa ematea egokitu zaizu. Horrek agerian uzten du multzoan duzun pisua eta garrantzia.

Ezusteko polit bat izan zen niretzat. Badakit besoko horrek zer garrantzi duen, eta Realak hemen zer esanahi duen. Ohore bat izan zen.

Nola ikusten duzu larunbateko partida?

Ez da erraza azterketa bat egitea, aldaketa dezente izan baitira bi taldeetan. Baina garrantzitsuena gure jokatzeko era ezartzea izango da, eta lehiakorrak izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.