Nahia Quincoces (Mendexa, Bizkaia, 1983) asteburuko bi probetan nagusitu da. Ibilbideak, giroa, «garai zaharretako proba»... goraipatu ditu.
Ikusi gehiago:Bandres-Karolo oroimenezkoaren bete-beteko ikuskizuna
Hiru urteren ondoren, Bandres-Karolo oroimenezkoa jokatzeko aukera izan duzue berriro ere. Nolakoa izan da itzulera?
Oso gustura egon naiz. Hiru urteko hutsunearen ondoren, denok ere izugarrizko ilusioa eta gogoa geneukan berriro elkartzeko. Eguraldi eta giro bikaina izan ditugu, eta oso ibilbide erakargarriak prestatu dituzte. Garai zaharretako Bandres-Karolo izan da; oso giro euskalduna izan dugu.
Asteburuan jokatutako bi lasterketak irabazi dituzu. Aurreko asteburuan Espainiako Txapelketan lortutako emaitza kontutan hartuta, larunbateko banakakoan zu zinen faborito nagusi, eta ez zenuen huts egin.
Banekien sasoiko nengoela, gehienbat oso ondo nentorrelako Izabara. Halere, lasterketa hasi, eta berehala konturatu nintzen neke pixka bat neukala pilatuta. Hankak pisutsu sentitzen nituen, eta oraindik ere erabat indarberritu gabea nintzelako zantzuak nituen. Neukan guztia ematera atera nintzen, halere, eta ibilbidean zehar oso gustura egon nintzen.
Igandean, Euskadiko Igoera Bertikaleko Txapelketan, aldiz, ez zinen irabazteko faborito nagusi. Espero zenuen irabaztea?
Ez da nire espezialitatea, baina banekien Igone Campos ez dagoela bere sasoirik onenean. Batere presiorik gabe atera nintzen, eta uste dut horrek ere asko lagundu zidala. Hasieratik, lehen postuan jarri nintzen, baina banekien Camposek noiznahi pasatuko ninduela. Dena emanez joan nintzen, eta, zortez, erritmoari eusteko gai izan nintzen. Ilusio handia piztu dit irabazteak.
Urteak aurrera doazen arren, oraindik ere oso zaila da zuri irabaztea, ezta?
Horrelako kirol teknikoetan, esperientziak ere asko laguntzen du, eta entrenatzea asko gustatzen zait oraindik. Entrenatzeak eta sasoian egoteak bere emaitzak ematen ditu luzera.
Oraindik ere lasterketarik gogorrenak gelditzen dira egutegian. Zer jokatzeko asmoa daukazu hurrengo hilabeteetan?
Lehiaketa eta txapelketetan etenaldi txiki bat egingo dut hurrengo asteetan, Laponiara [Finlandia] bainoa, lerarekin zeharkaldi bat egitera. Adamellon (Italia) itzuliko naiz txapelketara. Igone Camposekin bikotea osatuta parte hartuko dut. Mezzalamara [Italia] joatea ere gustatuko litzaidake apirilaren amaieran.
Nahia Quincoces. Eskiatzailea
«Oso berezia izan da Bandres-Karoloren itzulera»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu