Aritz Egea. Mendi korrikalaria

«Oso babestua sentitu naiz ibilbide guztian»

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Unai Ugartemendia.
Zegama
2023ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Bederatzigarren aldiz aritu da Aritz Egea (Urretxu, Gipuzkoa, 1984), eta, azken urteetan bezala, hura izan da lehen euskal herritarra: hemeretzigarren.

Zer asmorekin irten zara?

Gutxi sufritzeko eta asko gozatzeko asmoarekin. Goizean, tentsio pixka bat sentitu dut gorputzean; gehienbat, oraindik ere ez genekielako gailurreria egingo genuen edo ez. Hura saihestea erabaki dutenean, lasaitua hartu dut. Ez zen zailtasun teknikoagatik, hotzagatik baizik.

Ultra bat egin berritan aritu zara. Zer-nolako gorputzaldia izan duzu?

Irteera eman orduko konturatu naiz ez nintzela gai izango gehiegi estutzeko. Gorputza gogortuta neukan aurreko astetik, eta ahal nuen heinean gozatzen saiatu behar nuela konturatu naiz. Gorputzak ematen zuen, baina hankek ez. Hotz gutxi pasatu dut, eta eguraldiarekin ez dut sufritu. Baina inoiz baino lokatz gehiago egon da. Ez dakit aurretik ibilbidean jende asko pasatu den, baina denontzako zegoen lokatza. Lehen jaitsieratik amaierara arte ez dugu lokatza saihestu. Okerrena izan da eguraldiagatik oso jende gutxi zegoela gailurretan.

Lehen ez bezala, azkeneko aldietan presiorik gabe aritzen zara.

Bai, eta beste kontu bat da horrela korritzea. Iaz nabaritu nuen txinparta galduz noala, baina, bestetik, orain, horrelako lasterketak osoago eta indartsuago amaitzen ditut. Gaur [atzo] ez da horrela izan, baina badakit aurreko asteko nekeagatik izan dela. Iaz, Domusako lasterketatik Zegamara bi aste izan genituen, eta aurten, berriz, astebete besterik ez. Oso zaila da zortzi egunean halako bi lasterketatan lehiatzea.

Helburu jakinik bazenuen?

Helburu bakarra gozatzea zen. Hori lortu dudala esan dezaket, eta jendearekin asko disfrutatu dut. Urtetik urtera gehiago animatzen didatela iruditzen zait, eta horrek ere beste indar bat ematen dit. Oso babestua sentitu naiz, eta hori bezalakorik ez dago. Lehen euskalduna izatearen kontu hori ere hor neukan buruan, baina ez zen helburu garrantzitsua. Denbora asko galdu dut azken kilometroetan; korrika egin nahi nuen, eta estutzen ere saiatu naiz, baina hankek ez didate gehiagorako eman. Azken metroetan ere asko gozatu nahi dut jendearekin, eta asko jaitsi dut erritmoa.

Zegama-Aizkorri berezia da zuretzat.

Bai. Orain ez da urteko helburuetako bat, baina, oraindik ere, Zegama Zegama da. Eguraldiak ez du asko lagundu entrenatzeko, baina Zegamak horretan ere mesede egiten du. Asko ematen dit, eta badakit jendearengandik ere zenbat jasotzen dudan. Ez du parte hartu izanaren inolako damurik. Datorren urtean berriro ariko naiz.

Datozen asteetan atseden hartuko duzu?

Bai, baina ez askorik. Lau aste barru Munduko Txapelketan ariko naiz. 85 kilometroko lasterketa bat da, eta oraindik bolumen handiko entrenamendu pare bat egin behar ditut sasoi onean iristeko. Lasterketaren zatirik handiena ia 2.000 metroko altuera inguruan jokatzen da, eta badakit jada ezingo dudala ondo egokitu. Bastoiekin eta beste erritmo batzuetan ibili beharko dut. Asko ni bezala joango dira, baina beste asko Sierra Nevadan [Espainia] dira jada, altuerara egokitzen. Halere, uste dut emaitza ona lor dezakedala.

Chamonixeko CCC ehun kilometroko lasterketa da beste helburua?

Bai. Hura da helburu nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.