Aspeko pilotaria

Jokin Altuna: «Oso argi dut ez dela ohikoa egiten ari naizena»

Txapelketa gorabeheratsua izan du, osasun arazoengatik sei partida utzi baititu jokatu gabe. Baina pozik dago geldialdi guztien ondoren gai izan delako berriro ondo aritzeko. Fede osoa du bikotekidearengan. Bigarren aldiz ariko da finalean Martijarekin.

Jokin Altuna. AITOR KARASATORRE / FOKU
Jokin Altuna. AITOR KARASATORRE / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko martxoaren 26a
05:00
Entzun

Non finala, han Jokin Altuna (Amezketa, Gipuzkoa, 1996). Inork ez ditu horrenbeste jokatu haren adinarekin: hamabosgarrena jokatuko du profesionaletan, 28 urte bete eta lau egun geroago. Gustura hartuko luke zortzigarren txapela opari atzeratu gisa. Hori lortuko lukeen gazteena litzateke.

Hamabosgarren finala duzu guztira. Ilusio bera egiten du?

Beti egiten du ilusio latza. Bat baino gehiago jokatzen ari zarenean, zeure buruari galdetzen diozu ea erritmoari eutsiko diozun. Baina argi dut ez litzatekeela frakasoa ez eustea; oso argi dut ez dela ohikoa egiten ari naizena. Beti bezala, ilusioz ekin nion txapelketari. Gainera, gogo handia nuen Julenekin lan ona egiteko, oso harreman ona dugu eta. Oso pozik nago finalean gaudelako.

Iazko binakakoaren zauria ixteko balio izan dizu?

Izan liteke. Gogorra izan zen. Hala ere, gogorrena Xabirentzat izan zen [Tolosa]. Halako zerbait bizitzeak ilusio handiagoa pizten dizu hurrengoari ekiteko. Nik ilusio handia nuen, baina baita Julenek ere, hura ez zelako sailkatu kanporaketarako. Bere benetako balioa erakusteko gogoa zuen.

Lesioak direla eta, txapelketa gorabeheratsua izan duzu. 

Sei partida utzi ditut jokatu gabe: lehen hirurak, ezker sorbaldako lesioagatik, eta hurrengo hirurak, ezker eskuko minagatik. Baina, elkarrekin jokatu dugunean, oso gustura aritu gara, eta partida asko irabazi ditugu. Erakutsi dugu oso ondo aritzen garela elkarrekin.

Inoiz ez zenituen txapelketa batean horrenbeste partida utzi jokatu gabe. Nola eraman duzu?

Nahiko ondo. Hasieran, zailagoa izan zen: kanpoan nengoen, eta Danelek [Elezkanok] eta Julenek nahiko erraz galdu zituzten lehen hiru partidak. Bigarren geldialdian, ordea, lasaiago egon nintzen: Javi [Zabala] eta Julen ondo aritu ziren [hirutik hiru irabazi zituzten]. Ez da erraza kanpoan egotea, baina badugu esperientzia, eta saiatu naiz arlo fisikoan gogor entrenatzen. Kanpoan egoteak jokoa kentzen dizu eman baino gehiago, baina gai izan naiz berriro ondo aritzeko.

Partidaren bat jokatu duzu bete-betean? Edo zerbait falta izan zaizu beti?

Bi geldialdien ondoren, hobeto aritu naiz egunez egun. Oso gustura aritu nintzen finalerdietako bigarren partidan, eta, hirugarrenean, oraindik eta gusturago. Ea finalean horrela aritu naitekeen. Fede osoa dut Julenek lan ederra egingo duela. Sasoiko dago, eta inoiz baino indartsuago.

Orain dena da polita, baina nola gogoratzen duzu Bartzelonako itzuliko bidaia?

Ez zen samurra izan, baina, batez ere, Julenentzat, lehen lau lehiak galdu baitzituen. Ni itzuli berria nintzen, eta osatzea nuen lehentasuna. Ezberdina izango zen lehen lau partidak elkarrekin jokatuta galdu izan bagenitu.

Arriskuan ikusi zenuten zeuen burua?

Bai, noski. Bosgarrenez jarraian galdu izan bagenu, ia ezinezkoa izango zen egoerari buelta ematea. Hori bizi izanak mesede egin digu gero jokatu ditugun partida erabakigarrietan.

«Hasieran larri ibili izanak mesede egin digu gero jokatu ditugun partida erabakigarrietan»

Mugarri izan zen Unai Lasori eta Aitor Arangureni irabazi zenieten partida?

Dudarik gabe. Hura irabazi eta hurrengo hiru partidak irabazi genituen eta. Ikaragarria da aldea. Horrek konfiantza handia eman zigun.

Halako une zailetan, mesede egin dizue laugarrenez elkarrekin aritzeak?

Bai. Asko eskertzen da elkarri babesa emateko, uneren batean bietakoren bat tristexeago badago. 22ra iristeak ere konfiantza handia ematen du.

Orain zaudete sasoikoen?

Julen aspaldi dabil oso ondo. Nik, berriz, azken lau partidak jokatu ditut, eta hirutan oso ondo ikusi dut neure burua. Gasteizkoa oso neurketa gogorra izan zen, eta galdu egin genuen. Ondo gaude, baina horrek ez du ezer esan nahi finalari begira. Lau eta erdikoan, adibidez, erdi arrastaka irabazi nuen finalerdia, eta, gero, finala irabazi nuen. Kontrakoa ere gertatu izan zait. Baina ondo gaude, ilusio handiz.

Gasteizko partidaren gogortasuna aipatu duzu: 22-14 galdu zenuten Peio Etxeberriaren eta Zabaletaren aurka. Gogorra izango da finala ere?

Seguru. Finala jokatzen dutenak, normalean, oso ondo aritu dira aurreko partidetan. Eta Peio eta Jose oso ondo aritu dira txapelketa osoan.

Zabaletak esan du sasoiko dagoen atzelari batek min handia egin dezakeela Nafarroa Arenan. Ados zaude?

Bai, baina bera arriskutsua da edozein frontoitan, ikaragarri jokatzen baitu. Baina Julenek irabazi izan dio. Badakigu zaila izango dela, Peio ere oso ondo ari baita. Baina gerra ematera joango gara.

Zein izango da gakoa?

Garrantzitsua izango da finalari ondo heltzea, halakoetan burrunba handia egoten delako, kanpoan eta norberaren buruan. Asko balio du ondo hasteak, konfiantza hartzeko.

Nafarroa Arenan jokatu dituzun bi finalak galdu dituzu. Baduzu gogoa han irabazteko?

Bai. Zazpi final irabazi ditut, denak Bilbon. Gogo handia dut Iruñean irabazteko. Ilusioa egiten dit hiru nafarrekin aritzeak. Festa izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.