ESKU PILOTA

Oskoz eta Agirre dira lehen finalistak

22-17 garaitu dituzte Barrokal eta Arrastia, eta Labriteko finalean izango dira. Barrokalek minutu eder batzuk izan ditu, baina Agirrek ia ez du hutsik egin atzean.

IMG 20250322 WA0030
Naroa Agirre, pilotakada bat jotzen. ADOS PILOTA
inaut matauko rada
2025eko martxoaren 22a
19:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Iruñeko Labrit frontoiko final handian izango den lehen bikotea Leyre Oskozek eta Naroa Agirrek (urdin) osatutakoa izango da, Maddi Barrokal eta Amaia Arrastiari 22-17 irabazi ostean. Ados pilotaren binakako txapelketako finalerdietako lehen partida izan da gaurkoa, Donostiako Atano III. frontoian jokatu dena, eta atzelarien sasoiak markatu du hein handi batean partidaren noranzkoa. Agirre bikain ibili da, ia hutsik egin gabe, eta Arrastiak pilotakada asko bota ditu kanpora. Barrokalek ere minutu eder batzuk izan ditu, baina ez dio garaipena lortzeko balio izan.

Urdinak izan dira gailen hasieran. Lehen tantoa oso luzea izan da, bi minutu eta erditik gorakoa, eta bigarrena, berriz, sakez egin du Oskozek, Arrastiak kanpora botata. Tanto bat egitea lortu dute gorriek, baina huts asko ere egin dituzte, eta 6-2ra joan da markagailua azkar batean, Oskozen tanto bikain bati esker.

Hala ere, gorriak gertu mantendu dira, Barrokalen tanto on batekin 6-3koa jarriz. Arrastiak hutsak egiten jarraitu du, eta, gorriak 8-3 atzetik zirela, etenaldia eskatu dute. Ongi etorri zaie atsedena, huts egin baitu Oskozek bueltako lehen tantoan, eta pilota biziago batera egin dute aldaketa. Hala ere, beste hiru huts jarraian egin ditu Arrastiak, eta 11-4 aurreratu dira urdinak. Hurrengo bi tantoetan partidara lotzea lortu dute gorriek, Oskozek bi dejada txaparen azpitik bota baititu: 11-6.

Akats horiek gainditu, eta urdinak berriro zazpi tantoren aldearekin jarri dira aurretik, eta beste atseden bat hartu dute, 13-6koa markagailuan zela. Bueltan, sakea ezin izan du eraman Arrastiak, eta hurrengo tantoan ere ezin izan du eraman pilota, eta garaipenera begira jarri dira urdinak, 15-6koa jarrita. Barrokalek, baina, hurrengo bi tantoetan pilota goxo-goxo utzi du zabalean, eta tartea txikitu du. Oskoz izan da hurrengoan huts egin duena, eta 15-9koarekin hartu dute hirugarren atsedena. Itzulerako lehen bi tantoetan, gorriei zabalegi joan zaie pilota, eta 17-9 aurreratu dira urdinak.

Barrokalen minutuak

Gorrien tantoak bikoiztea lortu du Oskozek hurrengoan, ezker bolea batekin zabalean bikain utzi baitu pilota, eramateko oso zaila Barrokalentzat. Hala ere, hurrengoan eskuin gantxoa huts egin du Oskozek, eta hamar tantora iritsi dira gorriak. Hurrengoa ere gorrientzat izan da, Agirreren huts bakanetako bat orduan iritsi baita; laugarren atsedena hartu dute orduan, zazpi tantoko zuloarekin: 18-11. Bueltan beste huts bat egin du Agirrek, Barrokalen sake bortitza ezin izan baitu eraman. Hurrengoa ere hark egindakoa izan da; gorriak gerturatzen ari zirela zirudienean, 19-13koa jarri dute urdinek markagailuan, baina beste bi tanto egitea lortu dute, tartea laura murriztuz (19-15), Barrokalen sasoi onagatik bereziki. Sasoi on horretan, baina, bi huts egin ditu, eta urdinen garaipena tanto batera utzi du.

Hala ere, gorriek ez dizkiete gauzak erraz jarri urdinei, 21-17ra gerturatu baitira, baina Oskozek pilota txokoan utzita amaitu da partida, urdinek 22-17 irabazita.

Asteburuko beste partida bihar jokatuko da, Miarritzen (Lapurdi), 11:30ean (Youtube). Jaialdia Gomez-Sagarduiren eta Iriarte-Sotilen arteko partidarekin hasiko da, eta Ruiz de Infante-Orbegozoren eta Iturriaga-Mendibururen arteko finalerdiak itxiko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.