Prest daude Ados Pilota klubak antolatutako eta BERRIAk babestutako binakako txapelketetako finalak. Larunbatean jokatuko dituzte Lehen Mailakoa eta Promozio Mailakoa, Iruñeko Labrit pilotalekuan, 17:30ean. Hamaika telebistan eta Ados klubaren Youtube kanalean ikusi ahal izango dira biak.
Promozio Mailako finala jokatuko dute lehenbizi. Horretan, Marta Gomezek eta Alize Sagarduik Olatz Insausti eta Nahia Bertiz izango dituzte aurkari. Lau pilotari horietatik hiruk lehen aldiz parte hartu dute Adosen binakakoan: Gomezek, Sagarduik eta Insaustik. Bertizek, ordea, badu eskarmentua; are gehiago, iaz txapeldun izan zen maila horretan, Aizane Ibarrolarekin batera.
Partida hori bukatu eta gero hasiko da Lehen Mailako finala. Iera Iturriagak eta Ane Mendiburuk Leire Oskozen eta Naroa Agirreren aurka jokatuko dute. Bi bikote horiek asteburuan sailkatu dira. Oskozek eta Agirrek gogotik egin behar izan zuten lan Maddi Barrokali eta Amaia Arrastiari irabazteko, larunbatean, Donostiako Atano III.a pilotalekuan: 22-17 nagusitu ziren. Iturriagak eta Mendiburuk, ordea, nagusitasun handiz hartu zituzten mendean Ainhoa Ruiz de Infante eta Oihana Orbegozo igandean, Miarritzeko (Lapurdi) Plaza Berri frontoian: 22-3 irabazi zuten.
Finalerdietan agerian geratu da ezer gutxirako balio duela aurretik egindakoak. Izan ere, ligaxkan, Barrokal eta Arrastia lehenak izan ziren, eta, Ruiz de Infante eta Orbegozo, bigarren. Atzetik aurrera eginda sailkatu dira finalistak.
Bi bikote horiek bitan jokatu dute elkarren aurka ligaxkan, eta bietan irabazi dute Iturriagak eta Mendiburuk: lehen itzulian, 22-15 nagusitu ziren Zestoan (Gipuzkoa), eta, bigarrengoan, 22-10 Agoitzen (Nafarroa). Baina argi geratu denez, hori ezer gutxiren adierazle da.
EMAKUME MASTER CUPEKOA ERE, ZEHAZTUTA
Igandean Laudion (Araba) zehaztu zen zer bi bikotek jokatuko duten Emakume Master Cupen binakakoaren finala, apirilaren 6an, Oiartzunen (Gipuzkoa): batetik, Olatz Arrizabalaga eta Arrate Bergara ariko dira, eta, bestetik, Mirian Arraiza eta Enara Gaminde. Arrizabalak eta Bergarak 22-15 irabazi zieten Goiuri Zabaletari eta Uxue Osesi, eta, Arraizak eta Gamindek 22-16 Madalen Etxegarai eta Miriam Arrillagari.