Futbola

Oscar de Marcosek sasoi amaieran hartuko du erretiroa

Atheticeko kapitainak futbola utziko duela jakinarazi die taldekideei gaur goizean. Beste partida bat jokatuko duela aintzat hartuta, klubaren historian partida gehien jokatu dituen bigarren jokalaria bilakatuko da.

Oscar de Marcos. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Oscar de Marcos, gaur, Lezaman eman duen prentsaurrekoan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
jon eskudero
2025eko otsailaren 19a
11:30
Entzun

Athleticen historiako ikur handienetako batek erretiroa hartuko du denboraldi amaieran: Oscar de Marcosek (Guardia, Araba, 1989). Hamasei urtez elastiko zuri-gorria jantzita aritu ondoren, aurreikusi baino «amets hobeak» bizi izanda zintzilikatuko ditu oinetakoak. Besteak beste, soilik 20 urte zituela iritsi zen Lezamara, Alavesetik, eta klubaren historian partida gehien jokatu duten jokalarietan bigarrena bilakatuta erretiratuko da. Izan ere, joan den igandean berdindu zuen Iker Muniainen marka, Espanyolen zelaian, 560. neurketa jokatuta. Beraz, aintzat hartuta gutxienez beste partida bat jokatuko duela, bigarren tokian geratuko da zerrenda horretan, Jose Angel Iribarren atzetik (614). Espainiako Superkopa birritan eta Espainiako Kopa behin irabazi arren, titulu garrantzitsuena esku artean duela erretiratuko da De Marcos: San Mamesen maitasuna jasota, alegia.

Egun bateko atsedenaren ondoren, Athleticeko jokalariak gaur itzuli dira lanera Lezaman, eta kapitainak orduan eman die taldekideei erabakiaren berri. Ondoren irten da kazetarien aurrera, erabakiaren arrazoiak azaltzeko asmoz: «Urteak neramatzan agurrean pentsatzen, baina zalantzak nituen beti. Sasoi honetan, ordea, hasieratik izan dut garbi azkenekoa izango zela. Gorputzak esan dit nahikoa dela, eta geratzen zaizkidan hiru hilabeteetan gozatu egin nahi dut. Oraindik ez dut agurrik nahi». Erabakia plazaratzeko garairik egokiena hauxe zela azaldu du arabarrak. «Hemendik aurrera Europako partidetan zentratuko gara, eta ez nuen protagonista izan nahi. Taldeak bere lanean zentratuta egon behar du, eta ez nire erabakian».

Lorpen ikusgarriak bilduta esango dio agur Athletici De Marcosek. Beste denboraldi batez jarraitu izan balu, Iribarren marka ere gainditu ahalko zuen ziurrenik. Hots, hori ez da garrantzitsua, kapitainaren esanetan: «Nahiago dut sasoi txukunean nagoela erretiratu arrastaka ibili baino. Oraindik nahiko ondo ari naiz jokatzen, baina zintzoa izango naiz. Partida baten ondoren, gero eta gehiago kostatzen zait indarberritzea, eta aste bakar batean bi partida jokatzea ezinezkoa da niretzat». Ez da egun bateko erabakia izan, baina egun soil batean kendu zuen zama bizkar gainetik. «Emazteari jakinarazi nion erabakia lehenbizi, baina Ernesto Valverderi jakinarazi nionean sentitu nintzen benetan aske. Saudi Arabian hitz egin genuen, eta bikain ulertu zuen guztia».

«Urteak neramatzan agurrean pentsatzen, baina zalantzak nituen beti. Sasoi honetan, ordea, hasieratik izan dut garbi azkenekoa izango zela. Gorputzak esan dit nahikoa dela»

OSCAR DE MARCOS Athleticeko kapitaina

Arlo fisikoa ez ezik, psikologikoa ere aintzat hartu du kapitainak erabakia hartzeko garaian. Aitona izan du gogoan. «Hark halaxe esan zigun bere azken egunetan: gustura joango zela mundutik, familia ongi ikusten zuelako, askea izan zelako eta bizitza zoriontsua izan zuelako. Bada, nik ere gauza bera sentitzen dut Athletici buruz. Esku onetan geratuko da taldea, eta nik hiru seme-alabez gehiago gozatuko dut aurrerantzean». Athleticen hurrengo kapitaina nor izango den ere iragarri du De Marcosek: Iñaki Williams. «Ikur bat da Athleticentzat, eta gaitasun bikainak ditu taldea ondo gidatzeko».

Europa liga amets

Zintzotasuna eta lana izan ditu oinarri De Marcosek bere ibilbidean. Europa ligako atariko partida batean egin zuen debuta, Young Boysen zelaian (1-2), eta geroztik ezinbestekoa izan da taldearen hamaikakoetan. Aurrelari moduan jokatzeko fitxatu zuen Athleticek, eta geroztik ia postu guztietan aritu da. Marcelo Bielsaren garaian distiratsu aritu zen zelai erdian, eta, 2015ean Andoni Iraolak Athletic utzi zuenetik, taldeko eskuin hegalaren jabe izan da. Entrenatzaile guztiek egin izan dute haren alde, eta bikain plazaratu ditu Athleticen balioak. Inoiz ez dio aurpegi txarrik jarri taldekide, aurkari zein epaile bati, eta aurpegia eman du beti. Bere bizitza pribatuan ere babesa eta laguntza ematen saiatu da. Esaterako, astero bisitatu izan ditu minbizia duten haurrak ospitalean.

Garaipen zerrendari dagokionez, Espainiako Superkopa irabazi du birritan —2015ean eta 2021ean— eta Espainiako Kopa behin, iragan denboraldian. «Kolpe latzak gainditu ditut urte hauetan, final dezente galdu baititugu, baina gauza bikainak bizi ere bai. Onena? Kopa irabazi genuenekoa. Ez dut inoiz ahaztuko gabarran Bilboko itsasadarrean bizi izandakoa». Dena den, beste amets bat badu buruan: Europa liga irabaztea. «Athleticek ez du inoiz halakorik lortu, eta, oso zaila izango dela jakin arren, ilusio horixe daukat». Hain zuzen, kapitainak maiatzaren 25ean jokatuko du azken partida San Mamesen, Bartzelonaren aurka. «Ordura arte ez dut agurrik nahi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.