Lucas Egibarrek (Donostia, 1994) zerbait eskatu badio urte berriari, osasuna eskatu dio. Iaz, oso gutxi lehiatu zen, ezker oineko orpazurdan lesio larria izan baitzuen martxoan, eta denbora luzez egon zen probarik jokatu ezinik. Baina jada osatuta dago, eta «motibazioz gainezka» ekin dio denboraldiari.
Abenduaren erdialdean, Munduko Kopako lehen proba jokatu zenuen, Cervinian (Italia). Zer moduz, bederatzi hilabetez lehiatu gabe egon eta gero?
Oso ondo sumatu nuen neure burua. Hara joan aurreko bi asteetan, oso ondo ibili nintzen entrenamenduetan; esaterako, zortzi edo bederatzi entrenamendu bikain atera zitzaizkidan. Zer gertatua zitzaidan ikusita eta entrenatzen hain denbora gutxi eramanda, sentipenak ezin hobeak dira.
Lesio larri bat sendatu berritan, zazpigarren izatea lortu zenuen. Zur eta lur utzi dituzu denak.
Bai, eta konturatu nintzen gero eta hobeto ari nintzela. Pista nahiko motza zen, eta arrisku handia zegoen hutsegite txikienarekin kanpoan geratzeko. Finalerdietan ez nuen guztiz asmatu. Hartu behar ez nuen aldea hartu, eta, ondoren, bihurgunea ere ez nuen ondo hartu. Aukera guztiak galdu nituen hor. Behar nuen abiadura izan nuen, eta oinak ere ondo eutsi zion. Asko entrenatu naiz, eta banekien lehen proban jada aurrean ibiltzeko moduan nengoela.
Esperotako sasoian iritsi zinen?
Bai. Austrian egin nituen azken entrenamenduak bikainak izan ziren, eta banekien onenekin lehian ibiliko nintzela. Oraindik ere eragozpen batzuk baditut, eta ez nago bete-betean. Ondo zaudenean, ez duzu ezertan pentsatu beharrik, baina, nik, oraindik, orkatilan eta orpazurdan ditudan arazoetan pentsatu behar izaten dut. Entrenatzeko garaian ere kontu handiarekin ibili behar dut.
Lortutakoa baino emaitza hobea zenuen amets?
Zalantzarik gabe! Oso indartsu ikusten nuen neure burua. Entrenamenduetan erori egin nintzen, eta geldirik egon nintzen egun batzuetan. Jaitsiera bakarra egin nuen zirkuituan, eta zazpigarren izan nintzen sailkatze proban. Neure burua gorago ikusten nuen sailkapenean.
«Ez nekien bederatzi edo hamabi hilabete beharko nituen, baina ziur nengoen itzuliko nintzela»
Iazko martxoaren 11n egin zizuten ebakuntza. Uste baino hobeto osatu zara?
Osatze prozesua azkarra izan da zer lesio nuen kontuan hartuta, baina ez naiz ero moduan ibili. Sei hilabeteren buruan hartu nuen berriro taula, baina izugarrizko minarekin hasi nintzen. Hogei egunez egon nintzen Argentinan entrenatzen, eta, jaitsiera bakoitzeko edo gehienez ere bi jaitsieratik behin, kafetegira joaten nintzen bota askatzera. Horrela ibili nintzen hogei egunez. Geldirik egon nintzen sei hilabete horietan sei eguneko oporraldia bakarrik egin nuen. Fisioterapeutarengana joaten nintzen egunero.
Guztira hilabete eta erdiko geldialdia izango duzue lehen proba jokatu zenutenetik bigarren proba, Txinan jokatzekoa dena, egin arte. Horrek kalte edo mesede egingo dizu?
Mesede. Oraindik ez nago nire onenean, eta oraindik askotan pentsatu beharra daukat oina nola dudan. Esan didate osatze plana bikain doala orain arte, baina denborak erakutsiko digu bide onetik noan.
Zer espero duzu Txinan?
Pista luzeagoa izateko eskatuko nuke. Italiako pista 40 segundokoa izan zen, ez zegoelako elur askorik, baina Txinan luzeagoa izatea espero dut. Zenbat eta pista luzeagoa izan, orduan eta hobeto niretzat; aukera gehiago dut irabazteko, nire ezaugarriak direla eta. Lasterketa motzetan ez dago huts egiteko aukerarik; konturatzerako, atzean gelditzen zara.
Osatzen ari zinenean jada esan zenuen Munduko Txapelketa irabazteko asmoz itzuliko zinela. Berdin pentsatzen duzu orain ere?
Bai. Asko entrenatzen ari naiz, oso kontzentratuta eta motibatuta nago, eta helburuak inoiz baino argiago ditut. Lehen probaren ostean jende askok aipatu zidan izugarri ondo ikusi nindutela, eta oso ondo jokatu nuela. Taldeko kideei iragarri nien zer lortu nahi nuen. Lehen proba amaitu zenean, konturatu ziren ez nintzela txantxetan ari. Osatuta nago, eta Munduko Txapelketa irabazi nahi dut orain.
Zer moduzkoa izan da osatzeko prozesua?
Ez dut bereziki gaizki pasatu, baina beti mugitzen ohituta nago, eta alde horretatik kosta egin zait. Lehen bizpahiru hilabeteetan geldirik egon behar izan nuen. Egunero joan behar nuen fisioterapeutarengana, eta, etxeratzean, oina goian izan behar nuen une oro. Horrela igaro nituen bi hilabete eta erdi. Ez nago ohituta etxean egoten, eta luze egin zitzaidan.
Inoiz ez zinen hainbeste denboraz geldirik egon?
Ez. Aurretik, bizkarrarekin gaizki ibili nintzen, agian orain baino okerrago. Oraingoan banekien goizago edo beranduago baina itzuli egingo nintzela. Ez nekien bederatzi edo hamabi hilabete beharko nituen, baina ziur nengoen itzuliko nintzela. Bizkarrarekin, ordea, inork ez zekien zer egingo zidaten, eta nik ere ez nuen argi izpirik ikusten.
«Munduko Txapelketak berezi egiten du urtea. Ondo bidean, ez nuke arazorik izan behar Jokoetarako sailkatzeko»
Aurten, Munduko Txapelketa eta 2026ko Olinpiar Jokoetarako sailkapena daude jokoan.
Munduko Txapelketak egiten du berezi urtea. Ondo bidean, ez nuke arazo handirik izan behar Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko: lehen berrogei postuetan daudenak joango dira. Zirkuituan bi talde daude, nolabait, eta aldeak nabari dira. 30. postuan ibiltzen denak sailkatzea du helburu nagusi, baina ni lasterketak irabaztera joaten naiz. Iaz, jokoan izan ziren zortzi probetatik lautan bakarrik parte hartu nuen, eta, halere, hamaseigarren postuan amaitu nuen sailkapen nagusian. Gai horrek behintzat ez nau arduratzen.
Munduko Txapelketa beti da helburu nagusi zuretzat. Oraindik ere irabazteko goseari eusten diozu?
Bai, zalantzarik gabe. Munduko Txapelketak eta Munduko Kopak dira nire helburu nagusia. Biak irabazteko aukera izan dut, baina berriro irabaztearekin amesten dut. Munduko Kopako Kristalezko Globoa begiz jota daukat, baina Munduko Txapelketa bakarra da. Saint-Moritzen [Suitza] jokatuko da, eta iaz, asko gozatu nuen han; gorriz azpimarratuta daukat egun hori.
Munduko Txapelketa edo Munduko Kopa, zein aukeratuko zenuke irabazteko?
Munduko Txapelketa. Aurten Munduko Kopako 11 proba eta Munduko Txapelketa jokatu behar ditugu, baina, lasterketa bat irabazi behar badut, Munduko Txapelketakoa izan dadila.