Fisioterapeutaren kontsultatik bueltan hartu du deia Roberto Torresek (Arre, Nafarroa, 1989). Bizkarreko minez dabil, eta tratamendu saio luzeak egiten ari zaizkio. Ohatilan ez ezik, autoan ere denbora asko ari da igarotzen. «Kontsulta hamar kilometro eskasera daukat, baina ordubetetik gora behar dut bidaia egiteko, Teherango trafikoaren ondorioz». Bestela, bizimodu lasaia du Iranen. «Gauza asko ezberdinak dira kultura aldetik, baina ongi bizi zaitezke hemen».
Ia urtebete daramazu Iranen jokatzen. Zer moduz ibili zara orain arte?
Pozik nago hartutako erabakiarekin. Futbolari sentitu naiz berriro, eta zelaian gozatzeko aukera izan dut. Ondo aritu nintzen aurreko denboraldian Foolad taldean, eta Gol Gohar taldean ere txukun nabil [urriko eta azaroko jokalaririk onenaren saria jaso zuen].
Osasunatik atera ostean, aukerarik izan zenuen Europan jarraitzeko?Eta zergatik aukeratu zenuen Iran?
Zenbait aukera izan nituen Europan, eta baten bat erakargarria zen. Ordea, garai hartan Javad Nekounam zen Fooladeko entrenatzailea [Torresen taldekide izan zen Osasunan], eta tematuta ibili zen ni fitxatu nahian. 2022ko udatik zebilen nire atzetik. Une hartan, Osasunan jarraitzea erabaki nuen. Baina hark ez zuen amore eman, eta konbentzitu egin ninduen azkenean. Aukera polita zen: entrenatzailearen konfiantza neukan; beraz, banekien asko jokatu behar nuela.
Nekounamek dimisioa eman zuen Asiako Txapeldunen Ligako final-laurdenetan sartu berritan. Nola eragin zizun horrek?
Ezusteko handia izan zen, eta momentu hartan mindu egin ninduen, aurrez ez baitzidan ezertxo ere esan. Klubarentzat lorpen historikoa izan zen final-zortzirenak gainditzea, baina prentsaurrean lurrikara eragin zuen Javadek. Kolpea izan zen niretzat. Zalantza egiten hasi nintzen, ea ondo egin nuen Iranera etorrita. Alabaina, asko gozatu nuen teknikari berriarekin, zelaian nahi nuena egiteko aukera eman baitzidan.
Etorkizuna airean izan zenuen udan, Fooladetik atera ondoren. Zer pasatu zitzaizun burutik garai hartan?
Denetarik, egia esan. Alde batetik, nire bizitzako udarik ederrenetako bat izan zen: denbora asko igaro nuen familiarekin, eta, aspaldiko partez, oporretan joan nintzen lagunekin. Oraintxe, halako gauzek balio handiagoa dute niretzat futbolak baino. Dena den, futbola oso serio hartzen dut oraindik ere, eta udan zalantzak izan nituen nire etorkizunaren inguruan. Merkatua oso geldi zegoen hasieran, eta jendea galdezka nuen etengabe. Urduritzen hasi nintzen.
«Alde ekonomikoa lehenetsi nuelako nago hemen: hori halaxe da. Lehen aldiz egin dut hori nire bizitzan»
Eta, azkenean, berriz ere Irandik etorri zitzaizkizun ate joka.
Nekounamekin bat egiteko aukera sortu zitzaidan beste behin; oraingoan, Esteghlal taldean. Baina baiezkoa ematear nintzela, Gol Goharrek deitu ninduen, eta, handik pare bat egunera, kontratua bidali zidaten. Ikusgarria izan zen dena zeinen azkar egin zuten. Oso klub serioa iruditu zitzaidan. Ni berriz ere Iranera bakarrik joatea adostu genuen etxean, eta haiek data jakin batzuetan bisitan etortzea. Alde ekonomikoa lehenetsi nuelako nago hemen: hori halaxe da. Lehen aldiz egin dut hori nire bizitzan.
Eta zergatik orain?
Nire familiaren etorkizunari begiratu diodalako. Kirol mailan, aukera oso politak nituen. Adibidez, Australiatik oso eskaintza erakargarria iritsi zitzaidan. Hara emaztearekin eta seme-alabekin joango nintzatekeen. Baina ekonomikoki eskaintzarik onena Gol Goharrek egin zidan, alde handiz gainera. Horregatik aukeratu nuen. Merkatua zaila da 34 urte dituzunean, eta nire azken aukera izan zitekeen kontratu on bat sinatzeko.
Nolakoa da Irango futbola?
Partidek nahiko erritmo eroa izaten dute, jokalariek erabaki okerrak hartzen dituztelako: batzuetan, baloiari gehiegi eusten diote, pasea eman ordez; eta baloiarekin aurrera egin behar denean, pase bat ematen dizute desabantaila egoeran. Horren eraginez, lehia eta trantsizio asko izaten da. Oso zaila da partidak kontrolpean izatea. Ikasi eta irakatsi, bi gauzak ari naiz egiten. Txapelketaren formatuari dagokionez, Lehen Mailan hamasei talde gara, eta Txapeldunen Ligan lehen hirurak sartzen dira.
Nola bizi dute futbola irandarrek?
Pasio handiz. Espainiako liga asko gustatzen zaie, eta Ingalaterrakoa ere bai. Hemengo taldeei dagokienez, batzuek masa sozial ikaragarria dute, hala nola Esteghlalek eta Persepolisek. Biak Teherangoak dira, eta estadio berean jokatzen dute. Beste talde batzuek, ordea, apenas duten zalerik. Denetarik dago. Gol Goharren estadioa erdizka betetzen da; Fooladena, aldiz, zalez gainezka izaten da normalean.
«Osasunako hamar zenbakia hartu aurretik, Aimarrek deitu egin ninduen, eta galdetu zidan ea zer iruditzen zitzaidan»
Gol Gohar Sirjan hirian sortua da, eta partidak han jokatzen ditu; ordea, handik mila kilometrora entrenatzen zarete, Teheranen.
Hori traba handia da. Gu Teheranen bizi gara, eta hegazkina hartu behar dugu etxeko partidak jokatzeko. Gainera, lau hilabetez obrak egin behar dituzte orain Sirjaneko aireportuan. Hortaz, hegazkinez beste hiri batera joan, eta autobusez bi orduko bidaia egin behar dugu. Dena den, talde hau aurrekoa baino profesionalagoa iruditzen zait. Gainera, talde teknikoan lau greziar daude, eta, ondorioz, denak kutsu europarra du. Osasunako entrenamenduen antza dute hemen egiten ditugunek.
Hizkuntza aldetik nola ari zara moldatzen?
Jendearekin ingelesez hitz egiten saiatzen naiz. Egia esan, asko hobetu dut hemen nagoenetik. Bestela, keinu bidez edo sakelakoaren itzultzailearekin moldatzen naiz. Persiera oso zaila da!
Nolakoa da bizitza Iranen, eta zer egoeratan ikusten duzu hango gizartea?
Errealitatearekin bat ez datozen gauza asko sartu dizkigute buruan Mendebaldean bizi garenoi. Nik, orain arte, ez dut ezer arrarorik ikusi. Gauza asko ezberdinak dira kultura aldetik, baina ongi bizi zaitezke hemen. Iazko errebolta gertatu zenean, ez nengoen hemen; horretaz ezin dut hitz egin. Baina Iranen nagoenetik, ez dut halako errepresio girorik sumatu. Adibidez, emakume asko belorik gabe irteten dira kalera, eta ez da ezer gertatzen. Niri esaten didate erregimena azkenekoetan dagoela. Ez dakit egia den edo ez.
«Iranen nagoenetik, ez dut halako errepresio girorik sumatu. Adibidez, emakume asko belorik gabe irteten dira kalera»
Urte magikoa izan du Osasunak; noiz, eta Arreko magoa taldetik atera denean.
Barrenak nahasten zaizkit Osasunaren partidak ikustean; inbidia handia sentitzen dut. Asko pozten naiz irabazten duenean, noski, gorritxoa bainaiz oraindik. Eta gauzak oker ateratzen zaizkienean, behar duenari mezuren bat bidaltzen saiatzen naiz, badakidalako gauza ederra dela momentu txarretan babestua sentitzea. Kanpotik dena ezberdin ikusten da, eta gutxiago sufritzen da. Hilabete hauetan, Osasunatik at ere bizitza dagoela ikusi dut. Nire ibilbidea han bukatu nahiko nukeen, baina esperientzia berriei esker, neure burua hobeto ezagutzen dut orain. Asko hazi naiz.
Nola ikusten duzu Osasuna sasoi honetan?
Denboraldi arraroa da hau, baina tira, Osasunari ezin zaio eskatu beti hor goian egotea. Jokalari batzuen mailak behera egin du, baina handienek ere gorabeherak dituzte. Ezkor daudenei, esango nieke gogoratzeko aurten bizitako guztiaz. Kopako finalaren ostean, zale guztiak harro zeuden Osasunakoak izateaz. Ez da posible hori guztia jada ahazturik izatea.
Aimar Orozen bizkarrean dago orain Osasunaren hamar zenbakia. Zer iruditzen zaizu?
Ilusio berezia egiten zidan hamar zenbakia Kike Barjak, Ruben Garciak edo Aimarrek hartzea. Azkenean Aimarri eman zioten, eta ofizial egin aurretik, deitu egin ninduen, eta galdetu zidan ea zer iruditzen zitzaidan. Niretzat, zoragarria da hamar zenbakiak Taxoareko jokalari baten eskuetan jarraitzea. Gainera, antzeko bidea egin dugu Aimarrek eta biok: kosta egin zitzaigun talde nagusira igotzea, eta zelaian jokalari bereziak gara.
Sasoi baterako sinatu zenuen Gol Goharrekin. Zer egingo duzu gero?
Polita izan liteke familiarekin batera nonbaitera joatea, ongi bizi eta umeek ingelesa ikas dezaten. Era berean, begi onez ikus nezake Espainiako ligara itzultzeko aukera. Lehen, atea itxita neukan: arrisku oro saihestu nahi nuen kasualitate handi bat gertatu eta Osasunaren aurka jokatzeko. Orain ezberdin ikusten dut, hango futbolaren falta sumatzen baitut. Fisikoki sasoi betean nago: datu batzuk inoizko onenak dira. Erretiroaz, gaur-gaurkoz, ez dut pentsatu ere egiten.