Osasunaren ingurua ilusioz dago Espainiako Koparekin. Taldea final-laurdenetan dago jada, eta zale batek baino gehiagok egiten du amets bi urteren ostean berriro finala jokatzearekin. Baina liga da lehentasuna, eta horretan pattal dabil Vicente Morenok entrenatutako taldea: bederatzi jardunaldi daramatza irabazi gabe, azaroaren 2an Sadarren Valladolidi nagusitu zitzaionetik. Bederatzi partida horietatik sei berdindu ditu, eta hiru galdu.
Gaur, hirugarrenez berdindu du, Las Palmasen (Espainia), etxeko taldearen aurka: bana egin dute. Zapore gaziko puntua da: Aimar Orozek sartu du lehen gola, 53. minutuan, baina Januzajek berdinketa lortu du partidaren luzapenean, 98. minutuan. Gol horrek eragotzi du gorritxoek aspaldiko bolada txarra etetea: hamar urte daramatzate Las Palmasen irabazi ezinik. Joera horrek bere hartan jarraituko du.
Gorritxoen zorionerako, aspaldian ligan daraman bolada txarrak ez du oraingoz ondorio larririk izan sailkapenean. Oraindik urrun dituzte jaitsiera postuak: zortzi puntura dute azken-bigarrena. Baina eragotzi die, ordea, Europarako sailkatzeko lehia betean aritzea: bederatzigarren dira, eta hiru puntura dute seigarren postua. Lehenbailehen suspertu beharra dute, eta puntuak hirunaka batzen hasi; batetik, estutasunetan ez sartzeko; eta, bestetik, Europarako sailkatzeko ilusioari eusteko.
Minduta eta etsita bukatu dute Osasunako kideek, eta ulertzekoa da. Batetik, gorritxoek izan dituzte aukera garbienak gola sartzeko. Bost oso argi izan dituzte, eta gol bakarra sartu dute. Azken ordu erdian jokalari bat gehiagorekin aritu dira, epaileak Essugo kanporatu baitu, hari bi txartel hori atera eta gero. Baina bisitariak ez dira gai izan abantailari eusteko, ez emaitzari, ezta bat gehiago izateari ere. Las Palmasek, ordea, bi aukera garbi besterik ez ditu izan, eta horietako batean asmatu du. Hori gutxi ez, eta luzapenean sartu du gola, Januzajek jaurtitako faltak harresian jo eta gero.
Las Palmas. Cillesen; Javi Muñoz, Alex Suarez (Andy Pelmard, 81. min.), McKenna, Mika Marmol; Essugo, Kirian (Januzaj, 81. min.); Sandro, Manu Fuster (Mata, 56. min.), Moleiro (Mcburnie, 92. min.); eta Fabio Silva.
Osasuna. Herrera; Areso (Ruben Peña, 91. min.), Boyomo, Catena, Juan Cruz (Herrando, 91. min.); Iker Muñoz; Ruben Garcia, Moncayola (Pablo Ibañez, 70. min.), Aimar, Kike Barja (Abel Bretones, 58. min.); eta Budimir (Raul Garcia de Haro, 70. min.).
Golak.0-1. Aimarrek (53. min.).1-1. Januzajek (98. min.).