Partida guztiek sari bera dute: irabazteak hiru puntu, berdintzeak bat eta galtzeak batere ez. Osasunak berdindu egin ditu azkeneko bi partidak: hutsean Bilbon, eta bana Leganesen (Espainia), hurrenez hurren. Baina batek eta besteak utzi duen aho zaporea oso bestelakoa da: duela astebete, gorritxoek itxura ona eman zuten San Mamesen; gaur, berriz, hainbestean aritu dira Butarquen.
Zaharrak berri. Izan ere, gaurkoa kontuan hartuta, Osasunak zortzi neurketa daramatza irabazi gabe: duela bi hilabete pasatxo irabazi zuen azkeneko aldiz, Sadarren, Realaren aurkako derbian. Bolada txarra eten zuen egun horretan, bederatzi jardunaldi baitzeramatzan garaipena lortu gabe. Hau da, jokatu dituen azken hemezortzi partidetatik bakarra irabazi du, 11 berdindu, eta zazpi galdu. 54 puntutatik hamalau besterik ez ditu bildu. Oso uzta eskasa da.
Bolada txar horren ondorioz, behera egin du nabarmen sailkapenean: gaur-gaurkoz, hamalaugarren postuan dago, 35 puntu bilduta. Beste jardunaldi batez, gertuago ditu jaitsiera postuak Europakoak baino. Joera oso txarra darama. Lehenbailehen suspertu beharra du estu eta larri ibili nahi ez badu. Atzetik dituen lehen hiru taldeek, Valentziak, Espanyolek eta Alavesek, irabazi egin dute jardunaldi honetan. Zorionez, jaitsiera postuetan dauden hiru taldeetako bakar bat ere ez da gai izan irabazteko: Leganesek berdindu egin du, eta, Las Palmasek eta Valladolidek galdu.
Baina ezin du besteek egiten dutenaren mende egon. Bereari erreparatu behar dio; nahiko lana du hori eginda. Vicente Morenok dauka horren ardura nagusia, baina asmatu ezinda dabil. Jakina zen Jagoba Arrasatek utzitako zuloa handia izango zela, baina taldearen jardun eskasak are handiagoa bilakatu du. Denboraldi bukaeran bukatuko zaio kontratua Vicente Morenori, baina ikusteko dago taldearen ezina luzatzen bada, klubak neurri zorrotzen bat hartuko duen edo ez.
Hutsak garesti
Osasunak garesti ordaindu ditu berriro hutsak. Lehenbizi, aukera garbi pila huts egin ditu. Budimirrek, adibidez, hiru oso argi huts egin ditu. Hori gutxi ez, eta 39. minutuan, Lucas Torrok sartutako gol bat ere baliogabetu dio epaileak, jokaldia telebistan ikusi eta erdiraketa egin zuen jokalaria, Ruben Garcia jokoz kanpo zegoela adierazita. Enegarren ahaleginean sartu dute gorritxoek gola, Herrandok, buruz, korner batean, 49. minutuan.
Gola sartu eta gero, atzera egin du Osasunak. Leganesek, ordea, aurrera egin du, eta gorritxoak estu hartzen hasi da. Arean sartu ditu, eta, saria jaso du azkenean. 86. minutuan, Abel Bretonesek heldu egin du Sergio Gonzalez area barruan, eta lurrera bota du. Epaileak penaltia adierazi du, eta Rabak banakoa lortu du. Halaxe amaitu da partida. Etsita amaitu dute gorritxoek. Suspertu ezinik dabiltza.
LEGANES-OSASUNA
Leganes. Dmitrovic; Rosier, Sergio Gonzalez, Nastasic (Miguel, 60. min.), Tapia, Javi Hernandez (Yan Diomande, 83. min.); Cisse, Neyu, Raba; Juan Cruz eta Diego Garcia (Munir, 70. min.).
Osasuna. Sergio Herrera; Areso, Boyomo, Catena, Herrando, Abel Bretones; Moncayola (Ibañez, 77. min.), Torro, Aimar (Moi Gomez, 77. min.); Ruben Garcia (Arnaiz, 88. min.) eta Budimir (Raul Garcia de Haro, 88. min.).
Golak. 0-1. Herrandok (49. min.). 1-1. Rabak, penaltiz (87. min.).