Osasunaren garaipenarekin amaitu da euskal derbia

2-0 irabazi diete gorritxoek txuri-urdinei Donostian. Etxekoak ez dira gauza izan arriskua sortzeko, eta nafarrek ez diete barkatu.

Osasuna Reala
Ante Budimirren gol ikusgarri batek eman dio 0-2a Osasunari. Juan Herrero / EFE
Edu Lartzanguren.
2024ko urriaren 27a
23:07
Entzun

Sendotasunez, eta seriotasunez. Horrela irabazi du Osasunak Donostian Realaren kontrako gaurko derbia. Bi gol bikain sartu dituzte gorritxoek, eta txuri-urdinak ez dira gauza izan gol aukera argirik sortzeko.

16 minutuan txartel horia atera diote Orozi, Barrenetxeari eginiko falta batengatik.

Osasunaren gola Lucas Torrok sartu du, 22. minutuan. Nahaste bat egon da Relaren arean, eta Bryan Zaragozak emaniko baloia Remiroren ateko ertz batetik sartu du, buruz.

Reala Osasuna estutzen saiatu da gero. 21. minutuan, Barrenetxeak tiro egin du arearen ataritik, baina goregi bota du baloia. Txuri-urdinen bigarren saioa heldu da 32. minutuan, baina Sergio Herrera atezain gorritxoak Aguerden burukada gelditu du.

Realaren erasoaldiak Osasunaren kontraerasoetarako aukera zabaldu du. Eta horietako batean, 33. minutuan, Budimir kroaziarrak ez du barkatu. Zaragozak emaniko pilota bat ezkerrarekin jo eta txuri-urdinen atean sartu du.

Nafarren aldeko 0-2ko emaitzarekin joan dira taldeak aldageletara, epaileak erabakitako lau minutuko luzapena amaitu ostean.

Bigarren zatiaren hasieran Take Kubo izan da protagonista nagusia. Osasuna abantaila defendatzera atera da, eta, normala denez, Realak erasora jo du, golaren bila. Kubo etengabe aritu da erasoaldian, eta 57. minutuan gola sartzeko zorian izan da. Ezkerrarekin sekulako baloia bidali du Herreraren aterantz, baina atezain gorritxoak desbideratzea lortu du, eta kornerrera bidali.

Baina Osasunak jarraitu du kontraerasoan bikain jolasten. 64. minutuan urrezko baloi bat eman dio Orozek Budimirri, eta kroaziarrak lortu du ezkerrarekin gogor ostikatzea, baina, apur bat beharturik heldu denez, baloia kanpora joan da.

Edonola ere, aski izan da hori txuri-urdinak ohartarazteko gorritxoak ez daudela erabat defentsan murgilduta, eta oraindik atera zezaketela eztena, are eta min handiagoa egiteko etxekoei.

Bigarren zatiaren erdia igarota, markagailua iraultzeko aukera gero eta zailago ikusi du Imanol Alguacil donostiarren entrenatzaileak, eta taldeari erabateko astinaldia ematea erabaki du. Backer, Sadiq eta Turrientes hirurak batera zelairatzea erabaki du, Oiarzabal, Barrenetxea eta Sucicen ordez.

Minutu batzuk geroago (77'), Aramburu aldageletara bidali du Imanolek, eta Odriozola zelairatu du.

Izan ditu aukerak Realak, baina ez du asmatu. Braisek baloi bat hodeietara bidali du. Osasunak, berriz, jarraitu du kontraerasoan ausartzen, Budimirren boten bila.

Osasunak erabaki du orduan emaitza defendatzea kosta ahala kosta, eta Budimir erretiratu du 88. minutuan, eta Raul zelairatu du.

Ikusmina piztu du orduan epaileak Osasunaren aurka ebatzitako penaltiak. Aresok Braisi arean heldu diola ikusi du epaileak hasieran, baina, irudiak kontsultatu ostean, halakorik ez zegoela erabaki du.

Minutu bateko luzapena, eta amaitutzat eman dute euskal derbia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.