Osasunak indar betean hasi zuen denboraldia. Jagoba Arrasateren irteera apenas nabaritu zen, taldeak emaitza onak eta joko bizia uztartu baitzituen Sadarren. Bisitari gisa makal aritu arren —Anoetan lortutako garaipena salbuetsiz—, etxeko jardunari esker sailkapenaren luxuzko eremuan kokatu zen Nafarroako taldea. Alabaina, ihartzen hasi zen udazkenean, zimel jarraitu du neguan, eta, udaberria iritsi arren, suspertu ezinik da oraindik. Azaro hasieran Valladolidi irabazi zionetik (1-0), neurketa bakarrean bildu ditu jokoan izandako hiru puntuak; Realaren aurka izan zen, otsailaren 2an (2-1). Gorritxoek amets egiteari utzi diote, eta behera begira daude orain. Partida zaila izango dute gaur, Bartzelonaren zelaian (21:00, Dazn).
Alferrik galdutako aukerak
Hautsi, baina ezin eutsi
Komeriak saihestu nahi ditu Osasunak, eta beste bizpahiru garaipenekin aski izan lezake mailari eusteko. Ordea, partidak irabaztea ia ezinezko bihurtu zaio Vicente Morenok zuzenduriko taldeari. Aukera ugari izan du azken hilabeteetan, baina, behin markagailuan aurrea hartuta, ez da errentari eusteko gauza izan. Erreferentzia gisa azken hamabost partidak hartuta, partida ia erdietan gorritxoek alferrik galdu dituzte aldeko emaitzak: zazpi bider geratu dira garaipenik gabe arerioei aurrea hartu ondoren. Zapore mingotseko berdinketa ugari lortu dute. Adibidez, Vila-realen aurka ezerezean gelditu zitzaien bi golen abantaila. Las Palmas eta Valentziaren kontrako berdinketek ere min egin zieten. Eta Sadarren txistuak entzun ziren azken jardunaldian Getaferi irabazten hasi, eta azkenean esku hutsik geratu ondoren.
Arrakalak defentsan
Astero sartzen dizkiete golak
Garaipenak segurtatzeko ezintasunak agerian jarri du taldearen maila defentsibo apala. Aurkarien oldarraldiekin asko sufritzen dute nafarrek, eta akatsak garesti ari dira ordaintzen. Espanyolen zelaian hutsean berdindu zutenetik, neurketa bakar bat ere ez dute bukatu golik jaso gabe; hamar lehia izan dira guztira. Sergio Herrera denboraldi ikusgarria ari da osatzen, baina hala ere, nahi baino baloi gehiago bildu behar izan ditu saretik. Atzelariak ere sasoi txukuna ari dira osatzen, bakoitzaren jarduna aztertuta: Boyomok nazioarteko begiraleen arreta piztu du iritsi berritan, Catena iaz baino hobeto dabil, Herrandok oso maila ona eman du zelaira irten den aldiro… Arazoa, indibiduala baino gehiago, kolektiboa da. Koordinazio eta kontzentrazio faltarekin du zerikusia.
Kudeaketa eredua ezbaian
Hamaikako bera ia beti
Erregai faltak ere eragina izan du. Nekearen ondorioz, taldea errazago zatitu da. Egoera fisikoa hainbat aldagaik baldintzatzen dute, eta multzoaren kudeaketa da garrantzitsuenetako bat. Jokalari gehienei konfiantza ematen saiatzen dira teknikari batzuk. Denak ala inor ez. Bestelako filosofia du, ordea, Vicente Morenok: batzuk bai, eta besteak ez. Osasunako bederatzi jokalarik hogei partida baino gehiago jokatu dituzte titular gisa, eta zazpik 2.000 minutu baino gehiago igaro dituzte zelaian. Beste jokalari asko, ordea, zokoratuta gelditu dira. Horren ondorioz, hamaikakoan finkoak direnek nekea pilatu dute partidaz partida, eta era berean, ordezkoei, zelaian izan direnean, konfiantza eta grina falta izan zaie. Teknikari zurruna da Moreno, eta uzkurra izatea ere leporatu zaio, etxetik kanpoko partidetan batez ere. Bisitari gisa beldurti aritu dira nafarrak, eta garaipen bakarra lortu dute besteren zelaietan.
Txinpartarik ez erasoan
Golak, soilik Budimirrek
Lehen Mailan inoiz izan duen aurrelaririk emankorrena du Osasunak: Ante Budimir. Kroaziarrak hamabost gol sartu ditu Ligan, baina horietako askori etekin urriegia atera diete gorritxoek: garaipen bakarra lortu dute aurrelariak gutxienez gol bat egin duen azken zazpi aldietan. Aliatuak behar ditu. Budimirren atzetik, Aimar da golegile onena —lau gol—. Bryan Zaragozak, berriz, gol bakarra sartu du. Ate aurrean ez da fin aritu, eta gainera, nahi baino gutxiago jokatu du lesioen eraginez. Haren hutsuneak txinpartarik gabe utzi du Osasuna. Bi hilabetez egon zen geldi Sevillaren aurka min hartu ondoren, eta itzuli denean, ez da lehengo bera izan. Hori aski ez, eta berriz ere min hartu zuen azken partidan.
Mahukak bildu behar
Apirileko partidei so
Putzuan diren taldeen borroka urrundik ikusi dute gorritxoek orain arte, baina zapatak zipriztintzen hasi zaizkie. Sei punturen errenta dute jaitsiera postuekiko, eta, bolada txarra eten ezean, lokatzetan sartu beharko dute helburua lortzeko. Martxoko azken bi partidak etxetik at jokatuko dituzte: gaur Bartzelonari egingo diote bisita, eta igandean, Athletici. Apirila ere Iruñetik kanpo hasiko dute, Leganesen zelaian. Girona, Valladolid eta Sevilla dira datorren hilabetean izango dituzten beste aurkariak. Fase erabakigarria izango da gorritxoentzat. Salbazioa lortu bitartean, bitxiloreari petaloak kentzen jarraituko du Vicente Morenok. Maite nau, ez nau maite. Loraldi ikusgarria beharko du datorren sasoitik aurrera Osasunan jarraitu nahi badu.