Osasuna gaur zen jokatzekoa Espainiako Kopako lehen kanporaketako partida, Chiclanaren zelaian. Baina neurketa bertan behera geratu da, euriteengatik. Eguerditik euri dezente egin du Chiclanan (Cadiz, Espainia), eta zelaiaren egoera asko okertu da, baita harmailena ere. Egoera aztertuta, epaileak bertan behera uztea erabaki du. Jarri diote data berria kanporaketari: asteartean jokatuko da, hilak 5, 19:00etan. Hori adostu dute bi klubek, eta Espainiako Futbol Federazioak berretsi egin du erabakia.
Realak ere ez du jokatuko, bihar osteguna, Kopako kanporaketa. Imanol Alguacilen taldea Alacanten aritzekoa zen, Rico Perez estadioan, Jove taldearen kontra. Euriteek kalte eta hondamendi handia eragin dute Valentzian eta inguruetan, eta, hori dela eta, norgehiagoka hori ere ez da jokatuko. Oraingoz, Espainiako Federazioak ez du argitu kanporaketako data berria, baina ziurra da ez dela hurrengo astean izango, talde txuri-urdinak Plzenen jokatuko baitu Europa ligako partida —ostegunean, 21:00etan—, eta igande honetan Sevillaren zelaian baitu ligako norgehiagoka.
Gaur, asteazkena, lehian izan diren euskal taldeen artean, soilik Barakaldok egin du aurrera. Bizkaiko taldeak 1-3 hartu du mendean Lleida, eta hurrengo kanporaketan izango da. Revillak gol bat sartu du (37. min), eta Pablo Santiagok, bi (66. min eta 32. min).
Ezustean kanpoan geratu dena Eibar izan da. Luzapenean galdu du Joseba Etxeberriak zuzendutako taldeak, Logroñesen zelaian: 1-0. Bolada txarrean jarraitzen du Ipuruatik urrun. Denboraldi osoan partida bakarra irabazi du bisitari moduan.
Beasainek eta Cortesek ere ezin izan dute kanporaketa gainditu. Gipuzkoarrek azken unean eman dute amore, Cartagenak 90. minutuan sartu baitu sailkapena eman dio gola; nafarrek, berriz, 0-2 galdu dute Granadaren kontra.
Ezustekorik ezean, Amorebieta eta Tudelano bihar arituko dira, osteguna. Barbastron jokatuko du Bizkaiko taldeak, Julen Guerrero entrenatzaile kargutik kendu eta gero (19:00). Nafarrek, berriz, Deportivo Mineira jasoko dute (20:00).