Osasunak puntu bat lortu du Mallorcan, bana berdinduta. Sufrituta lortu dute emaitza hori, 94. minutuan sartu baitu Boyomok berdinketaren gola. Mallorca 1-0 zen aurretik, Muriqik aurretik jarri baitu etxeko taldea 81. minutuan, penaltiz. Sufritu egin dute gorritxoek, baina merezita berdindu dute partida, inondik ere. Izan ere, lehen zatian ondo lehiatu dira, eta bigarren zatiaren erdialdetik aurrera nagusi izan dira. Orduan iritsi da, ordea, etxekoen gola. Baina Osasuna gai izan da hortzak ondo estutu, pazientzia izan eta berdin jarraitzeko. Horrek saria izan du azkenerako. 31 puntu bilduta, bederatzigarren daude gorritxoak, Realarekin, Gironarekin eta gaurko aurkariarekin, hau da, Mallorcarekin berdinduta. Beraz, Europarako sailkatzeko borroka betean dago oraindik Vicente Morenok zuzentzen duen taldea.
Teknikariak harmailatik ikusi behar izan du neurketa, zigortuta zegoen eta. Hala, Dani Pendinek zuzendu du gaur talde gorritxoa Son Moixen. Azken partidekin alderatuz, Bryan Zaragoza izan da berritasun nagusia Osasunaren hasierako hamaikakoan. Ia bi hilabetez min hartuta egon eta gero, minutu batzuk jokatu zituen Realaren aurkako ligako eta Kopako neurketetan, eta gaur hasieratik aritu da. Hala, ohiko hamaikakoa zelairatu du.
Partidaren hasieran, parekatuta ibili dira bi taldeak, eta kostatu egin zaie aurkariaren atera iristea. Baina, pixkanaka, erritmoa hartuz joan da norgehiagoka, eta halakoa izan da lehen zatia: bizia. Nahiz eta horren eraginez hutsak ere egin dituzten bi taldeek eta horregatik 0-0 amaitu den lehen zatia. Baina bi taldeek abagune garbi bana izan dute aldagelara aurrea hartuta joateko. Etxekoei dagokienez, jokalari arriskutsuena Muriqi izan da, ohi bezala. Hark izan du gola sartzeko aukerarik argiena, 21. minutuan. Espazioan pase ona jaso du, eta bakarrik geratu da. Baina lasterka ari zela kontrol kaskarra egin, eta, Sergio Herreraren aurrean bakarrik geratzekotan zela, Boyomok kendu dio baloia.
Osasunak, berriz, presioan asmatu eta baloia eduki duenean jokatu du hobekien, lehen zatiaren erdian. Moncayolak gola sartzeko aukera izan du orduan, 27. minutuan. Bryan Zaragozak zelai erditik area ertzerako bidea egin du baloiarekin, bizi egin ere; eskuinera begiratu, eta pasea eman dio Moncayolari. Zetorkion bezala jo du baloia, eta Greif atezainak ondo gelditu du.
Lehen zatia amaitzear zela, 42. minutuan, Osasuna jokalari bat gutxiagorekin geratzear egon da. Torro berandu iritsi da baloia hartzera, eta falta egin dio Mallorcako jokalari bati. Horia ateratzeko modukoa izan zitekeen, baina, Osasunaren mesederako, Cordero Vegak zigorrik gabe utzi du Torro. Txartela atera izan balio, bigarrena zatekeen, erdilariak beste bat baitzuen aurretik.
Kolpeari ondo erantzun dio
Bigarren zatia ere bizi hasi da, baina, minutuak aurrera joan ahala, neurketaren erritmoa apalduz joan da. Bi taldeak beldur ziren hutsen bat egin eta aurkariak golen bat sartuko ote zuen. Defentsako lanari eman diote lehentasuna. Bazirudien golen bat sartzekotan geldikako jokaldi batean sartuko zutela.
Tarte horretan, Mallorcak izan du gola sartzeko aukera. Kontraeraso batean izan da, 50. minutuan. Robert Navarro ondo joan da eskuin hegaletik, Darderri eman dio baloia, eta hark Muriqiri. Aurrelariak baloia kontrolatu du area barruan, eta errematea egin. Baina ateko sarearen albo batean jo du. Dani Rodriguezek egindako erremate bat ere ondo geratu du Herrerak.
Baina minutuak aurrera joan ahala, Osasuna nagusituz joan da, eta bazirudien asmatuz gero aukera izango zuela hiru puntuak poltsikoratzeko. 73. minutuan penaltia eskatu du. Korner batean, Boyomok buruz jo du baloia, eta Maffeoren eskuan jo du gero. Bazirudien eskua gorputzetik nahiko aldenduta zuela eta penaltia izan zitekeela. Baina epaileak ez du hala ikusi, eta ez du adierazi. Ia segidan, Moi Gomezek izan du Osasuna aurretik jartzeko aukera, baina haren errematea kanpora joan da, nahiz eta gutxigatik izan.
Nafarrek orduan hartu dute kolpea. Izan ere, epaileak penaltia adierazi du, baina Mallorcaren alde. Bretonosek gorputza jarri du Muriquiren aurrean baloia babesteko, baina, Catenak hanka sartu, eta penalti inozo bat egin dio aurrelariari. Hark jaurti du, eta sareetara bidali du baloia.
81. minutua zen, eta Vicente Morenok zuzentzen duen taldeari maldan gora jarri zaio partida. Baina pazientzia izaten asmatu du, eta ekinean jarraitu. Hala, golaren aurretik gertatu bezala, nagusi izan da azken minutuetan ere. Epaileak zortzi minutu luzatu du neurketa, eta 94. minutuan lortu du Osasunak emaitza berdintzea. Golegilea Boyomo izan da. Artean, bai hura bai Catena Mallorcaren arean zeuden, ia aurrelari gisa jokatzen. Kike Barjak bigarren zutoinera erdiratu du baloia, eta Budimirrek area txikira bidali du buruz. Jokalari ugari zeuden han, baina Greifek atera du baloia. Aldaratzea Boyomori iritsi zaio, eta erdiko atzelariaren golak merezitako puntu bat eman dio Osasunari. Larunbatean izango du hurrengo neurketa Osasunak, Sadarren, Real Madrilen kontra (16:15).