Cadiz 1-1 Osasuna

Osasunak puntu bat eskuratu du Cadizen

Penalti eztabaidagarri bati esker berdindu dute gorritxoek. Sei jardunaldi daramatzate irabazi gabe.

Roman Rios / EFE
Osasunako jokalariak Budimirren gola ospatzen, gaur, Cadizen.
2023ko abenduaren 10a
21:26
Entzun

Osasunak ontzat jo dezake Cadizi egin dion bisitan lortutako puntua. Etxeko taldea hobea izan da, aukera argiagoak izan ditu, eta gorritxoek epaileak VAR-ean ikusi ostean seinalatutako penalti bati esker lortu dute berdintzeko balio izan dien gola. Eztabaidagarria da erabakia, baina ona nafarren interesentzat. Roger Martik egin du Cadizen gola lehen zatian, Budimirrek Osasunarena bigarrenean.

Arrasateren taldeak hasieratik izan ditu arazoak jokatzeko. Goian egin du presio Cadizek, eta baloi ugari berreskuratu ditu. Gola 19. minutuan heldu da: Roger Martik buruz errematatu du Ivan Alejoren erdiraketa bikain bat. Osasunaren lehen jaurtiketa, berriz, 34. minutuan egin du Chimy Avilak area kanpotik. Hori izan da nafarrek sortu duten arrisku apurra.

Bestelakoa izan da bigarren zatia. Pauso bat atzera egin du etxeko taldeak, eta bere minuturik onenak jokatu ditu Osasunak. Hurbil izan du gola, baina Ledesmak bikain erantzun die Ruben Garciaren eta Avilaren erremate banari. Aukera argiena Moi Gomezena izan da, baina Izak bularrarekin atera du haren errematea atepean. Azkenean, penalti puntutik heldu zaio saria Osasunari. Erdiraketa bat buruz errematatu du Avilak, eta kanpora zihoan baloiak Momoren eskua igurtzi du area barruan. Budimirrek sekulako lasaitasunarekin jaurti eta engainatu du Ledesma.

Amaierara bitartean, Cadiz izan da garaipena gertuen izan duen taldea. Momok berak izan du aukera argi bat, baina segurtasun handiarekin erantzun du Sergio Herrerak.

Sailkapen nagusian hamalaugarren postuan da Osasuna, hamasei punturekin. Sei jardunaldi daramatza irabazi gabe.

Cadiz: Ledesma; Momo, Iza, Fali, Hernandez (Pires, 74'); Alcaraz, Alejo (Ocampo, 75'), Alex Fernandez, Machis (Sobrino, 57'); Chris Ramos (Maxi Gomez, 75') eta Roger.

Osasuna: Herrera; Juan Cruz, David Garcia, Unai Garcia, Areso; Moi (Moncayola, 86'), Oroz (Ibañez, 77'), Torro (Iker Muñoz, 45'); Avila (Vidal, 91'), Budimir eta Ruben Garcia (Arnaiz, 91').

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.