Osasuna 1-1 Mallorca

Osasunak puntu bakarra batu du Mallorcaren aurka

Lehen zati ona egin dute gorritxoek, eta 1-0 aurreratu dira. Baina bigarrenean Mallorca nagusitu da, eta, merezita, berdindu egin du. Osasunak sei partida daramatza ligan irabazi gabe.

(ID_13877393) ESPAÑA FÚTBOL LALIGA
Osasunako Peña eta Mallorcako Lato lehian, gaurko partidan. JESUS DIGES / EFE
ainara arratibel gascon
2024ko maiatzaren 14a
21:35
Entzun

Osasunak Sadarren irabazi ezinik jarraitzen du. Azken hiru partidak galdu ostean, gaur puntu bakarra lortu ahal izan du Mallorcaren kontra, bana berdindu baitu. Jagoba Arrasatek, bere agurra iragartzeko prentsaurrekoan, adierazi zuen etxean taldeak partida onak egitea nahi zuela, hainbeste maite duten zaleei behar bezala agur esateko. Baina ez da posible izan. Gaur, lehen zati ona egin dute gorritxoek, eta aurretik ere jarri dira, Moncayolaren gol bati esker. Baina bigarren zatian, Mallorca nagusi izan da, eta merezitako berdinketa lortu du. Ruben Peñak bere atean sartu du gol hori. Osasunak sei partida daramatza ligan irabazi gabe.

Partidaren lehen bi abagune garbiak Mallorcak izan ditu, 11. minutuan. Lehen errematea Nacho Vidalek egin du, eta Aitor Fernandezek gelditu ona egin du. Ondoren Darderrek jaurti du, eta Osasunako atzelariek aldendu dute baloia. Dena den, lehen ordu laurdena betetzear zela jarri da aurretik Osasuna, 14. minutuan, Moncayolaren gol batekin. Partidaren erritmoa geldoa zen, baina gorritxoek zuten jokoaren ekimena, eta saria lortu dute. Falta jaurtiketa baten ostean, aldaratzea erdilariari iritsi zaio, eta, erremate on batekin, ondo gurutzatu dio baloia Rajcovic atezainari. Sasoi honetan golik sartu gabe zegoen Moncayola.

Osasuna hegaletatik saiatu da min egiten, eta barrutik Moncayolarekin eta Raul Garcia de Harorekin hutsuneak topatzen. Zelaian ondo jarrita, eroso aritu da Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldea. Mallorcak apenas estutu duen, Osasunaren presio onari esker ezin izan baitu ohikoa duen joko zuzena egin. 38. minutuan izan du Javier Aguirreren taldeak aukera bakanenetako bat, Catenak egindako huts baten ostean. Baina Larinek kanpora bidali du errematea. Mallorcaren atera gerturatu den jokaldietako batean asmatzea falta zaio Osasunari, norgehiagoka gehiago bideratzeko. Lehen zatia 1-0 amaitu da.

Mallorca, hobeto

Bigarren zatiari begira, marrazkia aldatu du Aguirrek. Mascarell kendu, eta Aldon Prats zelairatu du, bi aurrelarirekin jokatzeko. Aldaketa hori erabakigarria izan da gaurko partidan. Lehen minutu horietan, Mallorca jada hobeto aritu da, eta gehiago jokatu du Osasunaren zelaian. Lehen aukera Gio Gonzalezek izan du, baina baloiak Osasunaren jokalari baten bizkarrean jo du. Osasunari kostatu egin zaio baloi jabetza izatea eta neurketaren agintea izatea. Presioan ere ez du hainbeste asmatu, eta atzerapausoa eman du.

Dena den, bigarren zatiko lehen aukera gorritxoek izan dute, Iker Muñozek punpa-laster egindako jaurtiketa batekin. Errematea ikusgarria izan da, baina baita Rajcovicen erantzuna ere. Ondoren, Ruben Peñak egin du errematea, baina ezin izan du gola sartu. Segidan Mallorcaren ahalegina iritsi da, eta Gio Gonzalezen erremate on bat kornerrera bidali du Aitor Fernandezek. Geldikako jokaldi horretan iritsi da bisitarien gola. Ruben Peñak sartu du, bere atean, 65. minutuan. Kornerra buruz aldendu du Iker Muñozek, baina aldaratzea Mallorcako erdilariari iritsi zaio area ertzean. Errematatu egin du, eta Peña jo ostean sareetara joan da. Aitor Fernandezek ezin izan du baloia ikusi.

Golak min egin dio Osasunari, eta Mallorca nagusi izan da aurrerantzean ere. Are gehiago, bigarren gola sartzear egon da 71. minutuan. Latok aukerako errematea izan du, baina ondo erantzun du Aitor Fernandezek. Ondoren, jaurtiketa kanpora joan zaio Toni Latori. Bi aurrelarirekin hobeto moldatu da Agirreren taldea, eta haiek sortutako hutsuneak ederki baliatu dituzte erdilariak atzetik iristeko. Banakoa, dena den, ez da aldatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.