Osasunak porrot mingarria izan du, eta ez da Lehen Mailara igoko

Gorritxoek 3-1 galdu dute Espanyolen aurka, eta ez dira Lehen Mailara igoko. 3-0 aurreratu dira etxekoak, eta neurketa amaitzear zela sartu du berea Osasunak. Beranduegi, ordea.

Chamorrok lehen gola sartu duenean. ALEJANDRO GARCIA / EFE
Chamorrok lehen gola sartu duenean. ALEJANDRO GARCIA / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2024ko maiatzaren 16a
20:25
Entzun

Sadarren lortutako aldea ez da nahikoa izan, eta, 3-1 galdu ostean, Osasunak ez du datorren urtean Lehen Mailan jokatuko. Seigarren aldiz gelditu da ametsaren atean. Oso urduri hasi du partida Josu Dominguezen taldeak, eta garesti ordaindu ditu egindako hutsak. Lize Chamorrok bi gol sartu ditu lehen zatian, eta bigarren zatia hasi eta berehala sartu dute etxekoek kanporaketa erabakita utzi duen hirugarren gola. 

Bizi-bizi hasi du neurketa Espanyolek. Kataluniako taldea behartuta zegoen gol bat sartzera, eta hasiera sendoa egin du zaleen aupadaren laguntzaz. 6. minutuan gertu izan zuen gola Daniela Caracasek. Osasuna deseroso aritu zen, eta egoerari buelta ematen ari zitzaiola zirudienean sartu du gola etxeko taldeak. Gorritxoen atzelariek huts galanta egin dute baloia Maitane Zalba atezainari ematean. Hark ere beste huts bat egin du, baloiak ihes egin baitio esku artetik, eta baloia Lize Chamorrori iritsi zaio, area barruan. Dena alde zuen, eta baloia sareetara bidali du aurrelariak: 1-0 20. minutuan.

Gola bi huts nabarmen egin ostean jaso du Osasunak, eta golaren osteko minutuetan kirioak dantzan zituztela aritu dira gorritxoak. Espanyolek hori baliatu, eta bigarrena sartzeko zorian izan da Caracas. Ozta-ozta atera du baloia atepetik Maitanek. Etxekoek, ordea, berdin jarraitu dute, eta une oro arriskua eraman dute Maitaneren atera. Horrela, bigarrena lortu dute 38. minutuan. Mar Torrasek pase bikaina egin dio Chamorrori lerro artean, eta aurrelariak atezainaren hanka artetik bidali du baloia sareetara. Ametsa zena amesgaiztoa zen Osasunarentzat.

Atsedenaldira iritsi aurretik izan du kanporaketa berdintzeko aukera Osasunak. Eskuin hegaletik egindako erdiraketa Celia Otxoari utzi dio Carmen Sobronek. Baina Otxoaren errematea gora joan da, gutxigatik. 2-0ekoarekin joan dira 22 jokalariak aldageletara. 

Gola, beranduegi

Atsedenalditik bueltan ahalegindu da Osasuna jokoan hobera egiten. Presioa gorago egin dute gorritxoek, eta zelai erdian nagusitu nahi zuten. Baina berehala jaso dute beste belarrondoko bat geldikako jokaldi batean. Burukada itzela jo du Ana Hernandezek, eta Maitanek ezin izan du ezer egin.

Zuhaitza astindu du Dominguezek, gol batek neurketan sartuko zuen esperantzaz, eta 85. minutuan jaso du saria. Gol ikusgarria egin du Merche Izalek areaz kanpotik. Atezainak ezin izan du ezer egin. Hala ere, ez da nahikoa izan, eta 3-2 amaitu da kanporaketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.