FUTBOLA

Osasunak porrot gogorra jasan du

Gironaren zelaian 4-0 galdu dute. Ligako lehen porrota izan da gorritxoentzat. Etxeko taldea nagusi izan da une oro, eta Osasunak ez du gol aukera bakar bat ere sortu.

Jorge Herrando Osasunako jokalaria Gironako Abel Ruizekin baloia lehiatzen. SIU WU / EFE
Jorge Herrando Osasunako jokalaria Gironako Abel Ruizekin baloia lehiatzen. SIU WU / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko abuztuaren 29a
20:59
Entzun

Osasunak 4-0 galdu du Gironaren zelaian. Montilivi estadioan jokatutako partidan, Vicente Morenorenek ez diote arazorik sortu etxeko taldeari. Girona nagusi izan da jokoan, eta nagusitasun hori markagailuan islatu da. Ligako lehen partida berdindu eta bigarrena irabazi ostean, denboraldiko lehen porrota izan dute gorritxoek.

Partida hasi den orduan ezagutu ditu Gironak Txapeldunen Ligan aurrean izango dituen aurkariak. Ez zaizkie lan errazak egokitu; aurre egin beharko dieten taldeen artean daude Liverpool, PSG, Milan eta Arsenal. Txapeldunen Ligako zozketak emozio handiagoa izan du partidaren lehen ordu laurdenak baino. Etxeko taldea zen nagusi, baina ez zuen lortzen Serio Herreraren atera iristea.

Lehen zatiaren erdian, 22. minutuan, eduki du etxeko taldeak lehen aukera garbia. Bryan Gil Osasunaren area barruraino sartu da, eta jaurtiketa ona egin du; baloia sareetara zihoan, baina eskua atera du Herrerak, eta Gironaren lehen gola ekidin. Bost minutu geroago, Bryan Gil berriz ere Herreraren ate aurreraino iritsi da, baina Juan Cruz Osasunako atzelariarekin tupust egin du, eta erori egin da. Penaltia eskatu dute, baina epaileak ez du halakorik adierazi.

Hirugarrenean, ordea, Gironak ez du barkatu. 34. minutuan, Tsigankovek erdiraketa ederra egin du eskuin hegaletik; Bryan Gil atzetik iritsi da, hanka luzatu du, eta ezker zutoinaren albotik sartu du baloia. Horrela iritsi dira atsedenaldira, markagailua etxeko taldearen alde: 1-0. Osasunak ez du gol aukera bakarra ere sortu lehen 45 minutuetan.

Lehen zatia amaitu bezala hasi da bigarrena ere: Girona baloiarekin, behin eta berriz Osasunaren areara iristen. Denbora kontua zen etxekoen bigarren gola iristea, eta 53. minutuan heldu da. Gironak gorritxoen oinetan zegoen baloia berreskuratu du, Torrok ez du lortu baloia urruntzea, eta area barruan zegoen Tsigankoven oinetara iritsi da. Hark sartu du etxeko taldearen bigarrena.

Segituan heldu da hirugarrena ere. Bigarrena sartu eta hiru minutura, Yangel Herrerak bularrarekin egin dio pasea Abel Ruizi. Eta hark oinaren kanpoaldearekin jo du baloia area ertzetik; Herrerak ezin izan du ezer ere egin gola ekiditeko. Michelen taldeak, ordea, ez dio erasoari etenik jarri. Behin eta berriz Herreraren atea arriskuan jartzen jarraitu dute.

Partida amaitzear zela, laugarrena ere sartu du Gironak. Osasunak partidan zehar egin duen eraso jokaldi garbienetako baten ostean iritsi da. Van de Beekek pase bikaina egin dio, eta Stuanik nahikoa izan du baloia bultzatzearekin. Horrela amaitu da neurketa.

Osasunak ia ez du lortu baloia beren zelaigunetik ateratzea. Gironaren atera gerturatu diren gutxietan, segituan galdu dute baloia. Partida osoan zehar ez dute atera jaurtiketa bakar bat ere egin gorritxoek. Baloiaren jabetzari erreparatzea nahikoa da etxeko taldearen nagusitasunaz jabetzeko; norgehiagokaren %60an baloia Gironako jokalarien oinetan egon da.

Vicente Morenoren taldearentzat lehen porrota izan bada, lehen garaipena izan da aurreko denboraldian hirugarren amaitu zuen Gironarentzat. Orain, bi taldeak berdinduta daude sailkapenean, launa punturekin.

Osasunak igandean jokatuko du ligako laugarren partida. 17:00etan izango da, Sadarren, Celtaren aurka. Gorritxoak gaurko porrota albo batera utzi eta Mallorcaren aurka erakutsi zuten jokora itzultzen saiatuko dira.

Boyomoren fitxaketa

Partida horretarako atzelari berri bat izango du Vicente Morenok. Gaur bertan, partida hasi baino ordu batzuk lehenago, iragarri du Osasunak Enzo Boyomoren fitxaketa. Orain arte Valladoliden aritu da erdiko atzelaria, eta bost urterako akordioa sinatu du Nafarroako taldearekin. Bost milioi euro ordaindu dituzte harengatik. 

Boyomo Tolosakoa da (Okzitania), eta 22 urte ditu. Azken denboraldia Valladoliden egin zuen, eta, Osasunak zabaldutako prentsa oharrak dioenez, bigarren mailako erdiko atzelari «onenetakoa» izan zen. Aurten aritu da lehen aldiz Espainiako ligako lehen mailan. Valladolidek orain arte jokatutako hiru partidetan izan da titular. Datozen egunetan aurkeztuko du Osasunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.