Abuztuaren 27an Valentzian irabazi zuenetik garaipenik eskuratu gabe zen Osasuna. Mendizorrotza, ordea, zelai kuttuna dute gorritxoek, baita zaleek ere, eta nabaritu da hori, bai zelaian, baita harmailetan ere. Neurketa borobila egin gabe, Jagoba Arrasateren taldeak Jose Arnaizen gol ikusgarri bat baliatu du markagailuan aurrea hartzeko, eta azken minutuetan Budimirrek sartu du bigarrena. Antonio Blancori ateratako txartel gorriak baldintzatu du bigarren zatia.
Hamaikakoei dagokienez, Osasunan ezin izan du jokatu Jon Guridik, eta hamaikakora itzuli dira Tenaglia, Luis Rioja eta Kike Garcia. Osasunan, berriz, ugariak izan dira aldaketak. Aste barruan jokatu zuen taldetik, Ruben Peña, Catena, David Garcia eta Aimar Orozi soilik eutsi die Arrasatek; hura ezin izan da aulkian eseri, txartel gorria atera baitzioten Atletico Madrilen aurkako partidan.
Lehen minutuetan, Alaves hobea izan da. Indartsu zelairatu dira Garcia Plazaren mutilak, eta Hagik izan du lehen aukera argia, faltaz. Riojak eta Garciak ere izan dituzte aukerak, baina Sergio Herrera atezaina bikain ibili da. Hari eman diote norgehiagokako jokalari onenaren saria, nahiz eta bigarren zatian zelaia utzi duen, lesio baten ondorioz.
Osasuna hobetuz joan da pixkanaka, eta 35. minutuan heldu zaio saria: Arnaizek gol ikusgarria sartu du area kanpotik. Bikain jo du baloia nafarrak, eta Siverak ezin izan du ezer egin.
Bigarren zatiaren hasieran denetik gertatu da. Hagik gol aukera ederra izan du hasi bezain pronto, baina jarraian txartel gorria ikusi du Blancok, Arnaizi egindako falta batengatik. Garcia Plazak hiru aldaketa egin ditu, eta, egiari zor, bat gutxiagorekin ere hobea izan da etxeko taldea. Osasuna oso motel jardun da.
Alavesek, ordea, ez du golik sartu, eta Osasunak arriskua sortu du areara iritsi den aldi gutxietan. Lehenik, Ruben Garciak zutoinera bidali du burukada bat, eta, jarraian, Budimirrek sartu du partidako bigarren gola, Juan Cruzen jokaldi bat baliatuta.
Sailkapen nagusian, behin-behinean, bederatzigarren da Osasuna, hamar punturekin, eta hamaseigarren Alaves, zazpirekin.
Alaves: Sivera; Tenaglia (Gorosabel, 54'), Rafa Marin, Sedlar, Duarte; Gebara (Alkain, 82'), Blanco, Hagi (Benavidez, 54'); Sola, Luis Rioja (Karrikaburu, 82') eta Kike Garcia (Samu, 54').
Osasuna: Herrera (Aitor Fernandez, 79'); Ruben Peña, Catena, David Garcia, Juan Cruz; Iker Muñoz (Torro, 62'), Moncayola, Oroz; Ruben Garcia, Arnaiz (Areso, 67') eta Raul Garcia (Budimir, 67').