Lehen jardunaldian berdinketa soil bat eskuratu ondoren, Osasunak gaur lortu du denboraldiko lehen garaipena, Sadarren. Vicente Moreno entrenatzailearen aroko estreinako garaipena, hain zuzen ere. Gorritxoek hobekuntza nabarmena erakutsi dute aurreko partidarekin alderatuta, erasoan batez ere, eta merezita gainditu dute Jagoba Arrasatek zuzendutako Mallorca. Lehen zatian bizpahiru gol aukera sortu arren, bigarrenean jaso dute saria etxekoek: Ruben Garciak sartu du gola. Hura izan da gorritxorik onena, eta aldeari egoki eusten asmatu dute jokalariek. Garaipenak ez ezik, erakutsitako jokoak ere aho zapore gozoa utzi diete jarraitzaileei, eta gustura hartu dute etxerako bidea. Bi partidatan lau puntu batuta, lasai lo egiteko moduan dira gorritxoak.
Hasierako hamaikakoari dagokionez, talde erasokorra zelairatu du Vicente Morenok. Besteak beste, Aimar Oroz ohiko lekuan jarri baitu, eta Bryan Zaragoza ezker hegalean. Hots, lehen minutuak ez dira batere errazak izan Osasunarentzat. Xakean bezala nor baino nor gehiago aritu dira bi taldeak, errespetu handiz, eta inork ez du lortu bere jokoa nahi bezala egiterik. Egoera horietan eroso sentitu ohi da Mallorca, eta Muriqik izan du lehen gol aukera. Buruz kanpora egin du errematea, 7. minutuan. Denborak aurrera egin ahala, hori bai, hobera egin dute gorritxoek, eta pixkanaka jokoa kontrolatzen hasi dira. Zelai erdian nagusitzea lortu dute, eta bi hegaletatik bizi eta eraginkor aritu dira Bryan eta Ruben Garcia; arriskua eraman dute bisitarien area ingurura. Osasunaren azken fitxaketak bizpahiru detaile bikain erakutsi ditu.
Gorritxoen hobekuntzari gol aukerak soilik falta zitzaizkion, eta Aimar Orozek gertu izan du gola 22. minutuan. Mallorcak defentsan eginiko huts bat baliatu du areaz kanpotik jaurtiketa egiteko, baina Greifek ongi gelditu dio baloia. Nafarra bera protagonista izan da hurrengo jokaldietan ere. Lehenbizi, areako lerroaren ertzetik falta bat jaurtitzeko ardura hartu du, baina saririk gabe geratu da. 33. minutuan, berriz, zutoinera alde egin dio baloiak. Bada, futbolean bada lege bat esaten duena barkatzen duenak garesti ordain dezakeela, eta kinka larrian sentitu dira etxekoak lehen zatiko azken jokaldian. Izan ere, gola sartzear izan da Mallorca, baina, azkenean, berdinketarekin joan dira atsedenaldira bi taldeak.
Bigarren zatiaren hasierak lehenengoaren antza izan du, eta Osasunak beste erritmo bat ezarri dio jokoari. Erasoan oinarritu du bere jokoa, eta jaso du lanaren fruitua, 55. minutuan. Aimar Orozek hiru bider bideratu du baloia ate aldera, baina, azkenean, Ruben Garciak sartu du gola, aldaratze bat baliatuta. Zailtasunez beteriko errematea egin du eskuin hegaleko jokalariak. Vicente Moreno entrenatzaileak gogo handiz ospatu du 1-0ekoa. Bazekien etxean berriz ere berdinketa bat lortzea ez zela aski, eta golarekin ongi bideratu du garaipena Osasunak. Hori gutxi ez, eta jarraian Bryanek oso gertu izan du arratsaldeko bigarren gola.
Luzaroan atzean sartuta
Dudarik gabe, aldeari eroso eusteko erasoan jarraitzea zen Osasunak egin zezakeen gauzarik onena, baina okerreko bidea hartu du, atzean sartu baitira jokalari guztiak. Mallorcak horretara bultzatuta, euren zelaian itxi dira 60. minututik aurrera, eta luzaroan sufritzea egokitu zaie. Goiko jokoan ligako talderik onenetakoa izaki, ezker zein eskuin hegaletatik erdiraketa dezente egin ditu Jagoba Arrasateren taldeak, eta bikain aritu dira defentsako lanean Catena eta Herrando. Hori bai, suarekin jolasten aritu dira etxekoak, eta gehiago itxaron gabe, aldaketak egin ditu Vicente Morenok. Taldeari hauspoa emateko askoz, Moi Gomez lehenik eta Iker Muñoz geroago zelairatu ditu.
Bete-betean asmatu du entrenatzaileak, eta azken minutuak lasaiagoak izan dira Osasunarentzat. Taldeak eskarmentua azaldu du azken minutuetan, eta sailkapenean lau puntu dituela, lasaiago jokatuko dute hurrengo partida gorritxoek. Hain zuzen, Gironari egingo diote bisita, datorren ostegunean.