Futbol profesionalaren zurrunbilotik ateratzea ez zaio gaizki etorri Enrique Martin Monreali. Eguneroko tentsioaren zama kenduta, «indarberrituta» dago orain. Luze jo du solasaldiak, berritsua bezain hizlari fina baita.
Hiru hilabete dira Osasunako zuzendaritzak kargutik kendu zintuela. Nola egokitu zara egoera berrira?
Ondo. Egoeretara egokitzeko gaitasuna daukat; beraz, ez zait bereziki zaila suertatu. Bizitza oso azkar doa, eta uste dut oso garrantzitsua dela unean unekoaz gozatzea. Orain ditudan hainbat gauza ez nituen lanean nenbilenean. Beraz, gauza onak ere baditu egoera berriak. Finean, bizitza honetan dena ez da futbola.
Baina futbola zure pasioa da. Apur bat bada ere, haren falta sumatuko duzu.
Bai, noski, baina ni beti saiatzen naiz baikorra izaten, eta, osasun aldetik, uste dut on egin didala futbolaren erritmo zorabiagarritik apur bat aldentzeak. Nire gorputzari oso ondo etorri zaio. Eta gertuko jendeari ere sumatzen diot orain lasaiago dagoela. Eguneroko bizitzako gauza txikiez ari naiz gozatzen orain. Bihotzeko arazoa izan eta gero, garbi ikusi nuen une bakoitza ahal den gehien aprobetxatu behar dela.
Futbolak berak eragin zizun gaitz hura?
Ez dut uste hala izan zenik. Medikuak esan zidan lasai asko gerta zekidakeela etxeko sofan. Zerikusi handiagoa dauka kontu genetikoekin, nire aita eta osabak bihotzeko arazoen ondorioz hil baitziren. Beraz, nik ez nuke futbola erruduntzat joko. Baina, nolanahi, aitortu beharra daukat mundu horretatik apur bat aldentzea primeran etorri zaidala indarberritzeko.
Nolanahi, jada prest zaude berriz ere teknikari lanetan aritzeko.
Hala da. Espainiako Ligatik kanpoko aukerak ez ditut baztertzen. Ez dut gogoko denbora askoz geldi egotea. Ilusioa eta pasioa dauzkat, eta, hori hala den bitartean, beti egongo naiz lanerako prest. Sarri, erdi txantxetan esaten dut hor izan direla Hillary [Clinton] eta Donald [Trump], 70 urte ingururekin munduko potentzia indartsuenaren agintea lortzeko lehian. Horiek pasioa duten bezala, nik ere badut. Uste dut futbolean oraindik ibilbide oso interesgarria izan dezakedala.
Nola ikusten duzu zu kargutik kentzearen inguruan gertatutako guztia?
Ez zait gehiegi gustatzen atzera begira aritzea; nahiago dut aurrera so egin. Ez du merezi kontu horri bueltak ematea. Gertatu zena gertatu zen, eta kito.
Baina espero zenuen zuzendaritzak erabaki hori hartzea, edo itsumustuan harrapatu zintuen?
Ibilbide luzea daukat, eta pertsonak oso ondo ezagutzen ditut. Egia esan, ez ninduen batere harritu. Nahikoa informazioa banuen pentsatzeko halako zerbait gerta zitekeela.
Erabakia horren modu traketsean jakinaraztea ere espero zenuen?
Ez, hori ez. Bere garaian esan nuen: entrenatzaileok ere pertsonak gara, eta kode batzuk mantendu egin behar dira. Modua mingarriak izan zen. Baina, tira, hori bakoitzak bere kontzientzian eramango du.
Bere mitoekin hala jokatzen duen klub batek badu arazorik.
Nik ez nuke esango klubak arazoa duenik. Pertsonen jokamoldearekin gelditzen naiz ni. Klubari ez diot ezertxo ere leporatzen. Osasuna beti portatu da primeran nirekin. Baina ezin daiteke gauza bera esan pertsona batzuez. Horien ekintzak ez dira klubak eman didan tratuarekin nahastu behar.
Denboraldi hasieran, agintarien babes osoa zenuela zirudien, baina 11 jardunaldiren ostean egoera zeharo desberdina zen. Zer gertatu zen hor?
Zuk esan duzu: babesa nuela zirudien, baina ez zen horrela. Nire ustez, kanpoko norbaitek belarriak berotu zizkion klubaren barruko jendeari. Temati aritu zen horretan, eta, azkenean, bere helburua lortu zuen. Hasieratik bertatik zegoen ni nahi ez ninduen jendea. Iragan denboraldian hainbatek zioten ni ez nintzela Lehen Mailara igotzeko teknikari aproposa, soilik mailari eusteko balio nuela, taldeak uneren batean kale egingo zuela... Baina, hara non, igotzea lortu genuen.
Agurrean esan zenuen diruak jende asko hondatzen duela. Zer esan nahi izan zenuen horrekin?
Une jakin batean, klubak norabidea aldatzea erabaki zen. Horren atzean hainbat zio daude, eta horietako bat dirua da. Horren harira, kanpoko norbait giroa berotzen aritu zen, ni lehenbailehen paretik kentzeko. Salbazioa hiru puntu eskasera genuen, eta aurrerago zeuden taldeak ere nahiko gertu genituen. 11 jardunaldi besterik ez generaman. Nire ustez, arinegi hartu zuten erabakia. Baina norbait paretik kentzeko hainbesteko gogoa duzunean, edozein egoera baliatzen duzu erabakia hartzeko.
Zer iritzi duzu Fran Canal zuzendari nagusiaz? Askoren aburuz, hura da hariak mugitzen dituena. Hala izan ei zen, besteren artean, zu kargutik kentzean.
Nahiago dut iritzirik ez eman. Hori bai, esan dezaket Franez gain beste kanpo aholkulari batzuk egon daitezkeela. Ziurrenik, hala da.
Denborak aurrera egin du, eta argi gelditu da emaitzak ez zirela soilik zure errua. Beste bi entrenatzaile eseri dira aulkian, Joaquin Caparros eta Petar Vasiljevic, eta puntuen uzta oso eskasa izan da eta da oraindik.
Zenbakiak argi eta garbi mintzo dira: nirekin, 11 partidatan zazpi puntu, eta Caparros eta Vasiljevicekin, 11 lehiatan hiru. Bakoitzak interpreta dezala nahi duen bezala. Esan izan da nik eginiko adierazpen batzuengatik bota nindutela. Tontakeria galanta da hori. Horretarako gogoa zuten, eta, azkenean, hartu zuten erabakia hartu zuten, aurpegia eman nahi izan ez duen kanpoko pertsona baten laguntzaz.
Taldeko giroa jasangaitza zela ere aipatu zen, baina ondoren zer egingo, eta agur gisa afari bat egin zenuten.
Sare sozialekin eta, oso erraza da identifikatu gabe hitz egitea. Anonimatuan arituta, sarri gezurra diren gauzak esaten dira, kontuan izan gabe min asko egin dezaketela. Taldeko giroaz esan diren kontu guztiak lelokeriak dira. Nire irudia kakazten saiatu ziren, testigantza faltsuen bidez.
Uste duzu iruzkin horien jatorria klub barruan dagoela?
Ibilbide oso luzea dut Iruñean, eta askok uste dutena baino gehiago dakit. Besterik gabe.
Kirol arloan zentratuz, nola ikusten duzu Osasuna gaur egun?
Egia esan, oraindik ez naiz Sadarrera joan taldea ikustera. Baina, tira, uste dut oraindik baduela denbora gora egin eta azken egunera arte salbatzeko borrokan aritzeko. Jardunaldiek aurrera egin ahala, multzoa haziz doa. Denboraldi hasieran esaten nuen: gazteek denbora behar dute egokitzeko. Jada 22 partida jokatu dituzte, eta ziur naiz tarte horretan asko hazi direla.
Salbazioa lortzeko xedez, Sirigu, Vujadinovic eta Loe fitxatu dituzte berriki.
Bitxia da: nik eskaera jakin batzuk egin nituen sasoi hasieran, eta orain eman zaie erantzuna. Beraz, ondo asmatu nuen taldearen beharrak zeintzuk ziren. Orduan ez zieten oniritzia eman nire asmoei, baina orain nik eskatutakoa ekarri dute. Raoul hasiera-hasieratik nahi nuen nik. Orduan ez ei zuen balio, baino orain bai. Vujadinovic ere edozein taldetara eramango nukeen jokalari bat da, sekulako profesionala. Eta Siriguz ezin dizut iritzirik eman, ez baitut jokatzen ikusi.
Eta zuri zergatik ez zizkizuten jokalari horiek ekarri, eta Vasiljevici bai?
Horri ezin diot erantzunik eman.
Zuri zer argudio eman zizuten zure eskaerak ez betetzeko?
Halakoetan, diru kontuak aipatzen dira, baina nik uste dut gehiago egin zitekeela, taldea indartzeko intentzio handiagoarekin. Vasiljevicek eta biok garbi esan genion presidenteari ez zela abendura arte itxaron behar taldea sendotzeko. Baina hark ez zigun bere oniritzia eman, eta kontua hor gelditu zen.
Orain, agidanez, itzalpera pasatu da harrobia. Real Madrilen aurka, kasurako, soilik haztegiko bi jokalari izan ziren hasierako hamaikakoan. Zurekin emandako aurrerapausoak ezerezean gelditu dira?
Akaso, erromantikoegia naiz, baina, niretzat, ulertezina da Osasuna etxeko jokalari horren gutxirekin aritzea. Kanpokoei errespetu osoarekin, uste dut Osasunako jokalarien %70-80 harrobikoa izan beharko litzatekeela. Kanpoko jendea ere beharrezkoa da, oinarriak sendotzeko, baina, niretzat, harrobiak lehentasun osoa dauka. Hori da klub hau ikusteko dudan modua. Osasunak eredu sendoago bat eduki beharko luke. Identitate sendoa izateak diru madarikatuaren gainetik egon beharko luke.
Baina badirudi klubak beste norabide bat hartu duela.
Hala da. Azkenaldian harrobikoek izandako minutu kopurua hor dago. Esan dizut, agian, erromantikoegia naizela, baina hainbeste gozatu dut harrobiarekin... Gainera, boladarik zailenetan, etxekoak izan dira beti eltzetik babak atera dituztenak. Hortaz, zergatik ez zaie garai oparoetan ere etxekoei aukera ematen? Bada, ez, orduan aitzinamendu guztiak apurtu egiten dira. Bidegabea da. Eta ez diot soilik oraingo egoeragatik; lehenago ere gertatu izan da. Noizbait klubaren eredua finkatzeko ahalmena banu, dudarik gabe, egungoa baztertu, eta eredu iraunkorragoa ezarriko nuke.
Esku artean darabilzu presidentetzara aurkezteko aukera?
Ez dut aukera bakar bat ere baztertzen. Neure burua ondo ezagutzen dut. Oraingoz, ezin dezaket ezer esan. Ez dakit zer gerta daitekeen etorkizunean.
Osasunak berriz ere teknikari postua eskainiko balizu, zuk zer erantzungo zenuke?
Ezin dezaket iritzirik eman, halako kontuetan ez baitut pentsatu ere egiten. Sasoi honetan nonbaitera joatekotan, Espainiako Ligatik kanpo izan beharko luke, araudi kontuengatik. Ikusi beharko da aurrerago zer gertatzen den. Esan dezakedana da hil arte futbolean jarraituko dudala. Osasunan beste aukeraren bat izango dudan? Ez dakit.
Atzera begiratuta, zerekin gelditzen zara?
Iragan denboraldian izan nuen jende multzoarekin. Alde batetik, harrobiko gazteek sekulako gosea izan zuten, eta horiei balioak transmititzeko hor izan ziren, besteak beste, Nauzet, Nino, Flaño anaiak, Oier, Roberto eta Mario. Gero, talde teknikoak ere alimaleko lana egin zuen. Oso eskertuta nago. Eta zaleak ere funtsezkoak izan ziren. Bizi genuen guztia ez digu inork ere kenduko. Sekulakoa izan zen nafar guztiak gozatzen ikustea. Baina hori jada atzean gelditu da, eta, orain, aurrera begiratu behar da. Ilusioa berritu beharra dago.
Enrique Martin Monreal. Osasunako entrenatzaile ohia
«Osasunak identitate sendoa izan beharko luke, diru madarikatuaren gainetik»
Ez dago haserre, kezkatuta baizik, egonezina sortzen baitio Osasunaren norabide aldaketak. Etorkizunari begira, ez du aukera bakar bat ere baztertu, ezta klubeko presidente izateko aurkeztea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu