Martxa honetan, mailari eusteko helburuaz aurki ahaztuko da Osasuna. Gaur beste garaipen bat lortu du, Valladoliden aurka, eta zakuan 21 puntu ditu dagoeneko. Salbazioa lortzeko behar den kopuruaren erdia baino gehiago da hori, eta oraindik hamabi partida baino ez du jokatu. Gorritxoak sailkapenaren goiko eremuan daude, eta beste pauso handi bat eman dute gaur: Txapeldunen Ligako postuetan sartu dira behin-behinean.
Emaitzek, oraintxe, Osasuna Europa mailako taldea dela diote. Eta nafarren jokoak berretsi egiten du hori. Geroz eta barneratuago dute Vicente Morenoren jokamoldea, eta hobekuntza handia ari zaie igartzen jardunaldien joanean. Realaren aurka, defentsako lan sendoak eta erasoko zorroztasunak eman zien garaipena. Eta gaur, ekinbidea bere gain hartu, eta distira handiz azpiratu dute Valladolid. Zelaian, sekulako aldea izan da bi taldeen artean. Osasuna nahieran aritu da hasieratik, eta goi mailako jokoa erakutsi du, lehen zatian batik bat. Gorritxoen nagusitasuna, aitzitik, ez da markagailuan islatu. Budimirrek 18. minutuan aurreratu ditu; merezita, etxekoak jo eta ke baitzebiltzan. Hala jarraitu dute aurrerantzean, baina ez dira gol gehiago sartzeko gai izan. Ondorioz, sufritu egin dute: luzapenean, Catenak atepetik atera du jaurtiketa bat.
Berdinketa ez zen, inolaz ere, bidezkoa izango Osasunarentzat, neurketa kontrolpean izan baitu ia beti. Erasoan elektrizitatea zerien gorritxoen, eta atzean, ez dute zirrikiturik txikiena ere utzi. Neurketa ia biribila jokatu dute, Valladolidek emandako erraztasunak baliatuta. Vicente Moreno pozik izango zen berdegunean ikusten ari zenarekin. Jokalariek, baina, ez dute teknikariaren txalorik jaso; harmailan zegoen Moreno, zigortuta. Halere, presente izango zuten zelaian zirenek. Denboraleak oso gogor jo du Massanassa (Herrialde Katalanak), Morenoren jaioterria, eta partidaren bezperan oso atsekabetuta agertu zen teknikaria. Minutuko isilunea izan da neurketa hasi aurretik, hondamendian hildakoen omenez. Eta gero, erakustaldi batekin egin die gorazarre Nafarroako taldeak.
Garaipenaren bila atera da, itzulingururik gabe. Erritmo handia eman dio jokoari, eta behin eta berriz barneratu da hegaletatik. Ezkerreko aldean zegoen Bryan Zaragoza, eta ugariak izan dira haren erdiraketak. Beste behin, jokaldi apartak egin ditu Aimar Orozekin batera. Denbora gelditu egiten da haiek baloia dutenean. Biak agertu dira lehen gola ekarri duen jokaldian. Aimarrek kilate askoko pasea eman dio orpoz Budimirri, eta kroaziarrak huts egin ondoren, Bryani iritsi zaio baloia. Ez du sareratzen asmatu, eta aldaratzean, penaltia egin diote Budimirri. Epaileak ondo kostata hartu du erabakia, errepikapena VARean ikusi eta gero. Ohiko maisutasunez jaurti du Budimirrek. 1-0.
Errukitsu ate aurrean
Golak ez du aldatu partidaren noranzkoa. Temati jarraitu dute etxekoek, jokalari guztien ekarpena baliatuz. Aimarren sormenaz eta Bryanen deabrukeriez gain, goraipatzekoak izan dira Moncayolaren gaitasun fisikoa eta adimena, Aresoren korrikaldiak eta Juan Cruzen eta Ruben Peñaren ezusteko agerpenak. Defentsan, berriz, harkaitza bezain sendo jardun dute Catenak eta Boyomok. Sergio Herrera lekuko hutsa izan da denbora askoan. Valladolidek jaurtiketa bakarra egin dio lehen zati osoan. Osasunak, berriz, 11 aldiz jaurti du atera, baina baloia behin sareratu du bakarrik. Horixe izan du gabezia bakarra. Aimarrek oso aukera ona izan du 34. minutuan, baina jaurtiketa kanpora joan zaio. Ez du ikusi alboan Ruben Peña bakarrik zegoela.
Bigarren zatia ez da horren distiratsua izan, baina Osasuna artean ere nagusi izan da. Kontraerasoan aukera ona izan du Moncayolak, baina atezainak gelditu egin dio ezkerkada. Segidan, jokaldi defentsibo batean agertu da garinoaindarra. Erakustaldi atletikoa egin du gaur, Aresok bezalaxe. Budimirren partida ere kontuan hartzekoa izan da, baina gola falta izan zaio kroaziarrari. Atsedenaren ostean, zutoinarekin egin du topo. Area barruan egin duen jokaldi itzelak amaiera zoriontsua izatea merezi zuen. Eta beste horrenbeste esan daiteke hortik tarte batera orpoz egin duen erremateak. Gero, burukada bat gora joan zaio.
Valladolid desagertuta zegoen, baina gol bat sartuta, berdinketarekin joan zitekeen etxera. Eta lortzeko zorian izan da, luzapenean. Kike Perezen zartakoa sareetara zihoan, baina desbideratu egin du Catenak. Lasaitasun hasperenak entzun dira Sadarren. Eta behin partida bukatuta, zorion garrasiak.